Xabier Makazaga.

Gerra oso, oso zikina

2021eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Josean Cardosa postariaren erailketa gertatu eta hogeita hamabi urtera ohartu dira batzuk hasiera-hasieratik begi-bistakoa zenaz. 1989ko irailaren 20an eskutan lehertu zitzaion bonba-paketea gerra oso zikineko ekintza izan zela. Izan ere, orduko agintariek ahaleginak eta bi egin zituzten errua ETAri egozteko, nahiz eta ukaezina zen nori zuzendua zegoen bonba-pakete hura. Errenterian Herri Batasuneko militante zen Ildefonso Salazar Melli-ren postontzian sartu nahian zebilela lehertu baitzitzaion postariari. Melli gogor torturatua izana zen, hiru aldiz, eta bere salaketen ondoren kondenatu berri zuten Intxaurrondoko torturatzaile ezagun bat. Mendekua bonba-pakete hura izan zen.

GAL sigla erabiltzen hasi ziren arte, 1983an, sigla ugariz baliatu ziren gerra zikineko atentatuak aldarrikatzeko. Ezagunena, Batallón Vasco-Español, BVE, Poliziak bi ultra atxilotu zituenean desartikulatu omen zutena. Gezur galanta, bi haiek egindako zazpi erailketak hiru sigla desberdin erabiliz aldarrikatu baitziren: Triple A, GAE eta BVE. Sigla hutsak. Gerra zikinean Estatuaren erantzukizun zuzena ezkutatzeko pantailak besterik ez. GALekin beste horrenbeste egiten saiatu ziren, ultra batzuk atxilotuz, baina hain izan ziren handiak egin zituzten hanka-sartzeak, begi bistan geratu zela atentatu haiek guztiak espainiar Estatuak antolatuak zirela, frantziarraren laguntzarekin.

Agintarien betiko gezurra izan da GAL siglak erabiliz aldarrikaturiko Garcia Goenaren erailketa izan zela gerra zikineko azken atentatua. Hura 1987ko uztailean gertatu zen, ordea, eta ukaezina da haren ondoren atentatu gehiago izan zirela. Hori bai, haiek egiteko orduan ez zuten batere siglarik erabiltzen eta gehienetan espainiar Estatuak ETAri egozten zion erantzukizuna. Horren adibide garbia izan zen hasieran aipaturiko erailketa, Josean Cardosa postariarena.

Azpimarratzekoa da nortzuk izan ziren ETAri errua emateko orduan ahalegin handiena egin zutenak, erailketa hartan erantzukizun handiena izandakoak, hain zuzen ere. Hala nola orduko Barne ministroa, Jose Luis Corcuera. Urte batzuk geroago, Cardosa erail zutenean Guardia Zibileko Zuzendari Nagusi zen Luis Roldanek zera deklaratu baitzuen Garzon epailearen aurrean, Corcuerak oso ondo zekiela nork bidali zuen, ez bakarrik bonba-pakete hura, baita beste bi ere.

Roldanen arabera, Corcuerak eta gerora GAL auzian kondenatua izan zen orduko Segurtasuneko Estatu idazkariak, Rafael Verak, jakinarazi zioten Herri Batasuneko kide batzuei bonba-paketeak bidaltzekoak zirela, haiek igorri baino bi aste lehenago. Eta Cardosa hil zuena lehertu zenean, beste bi bidaliak zirela esan ziotela, kosta ahala kosta berreskuratu eta desaktibatu beharrekoak. Orduan, Intxaurrondoko buru zen Enrique Rodriguez Galindori deitu zion, eta hark erantzun bazekiela, Goñi Tirapu gobernadore zibilaren bidez, eta bi pakete haiek lehenbailehen berreskuratzeaz arduratuko zirela. Bada, Goñi Tirapuk ere oso interes handia jarri zuen erailketa ETAri egozteko orduan, eta Cardosaren amari esan zion ez zegoela zalantza izpirik ETAk hil zuela.

Roldanek Espainiako Auzitegi Nazionalaren 10/97 sumarioan jasotako adierazpen horietan zehaztu zuenez, Guardia Zibilak berreskuratu eta desaktibaturiko bonba-pakete bat «Azpeiti edo Azkoitiko» postetxean zegoen. Ez zuen seguru gogoratzen bata hala bestea zen. Garzon epaileak biei galdetu zien, eta Azpeititik erantzun zioten Errenterian bonba-paketea lehertu eta ordu gutxira Guardia Zibila han izan zela, eta posta-zakuak ireki ondoren, bertatik irtenarazi zituztela. Agenteak barruan egon omen ziren, lehergailuak detektatzeko trebatuak zeuden zakurrekin, pare bat orduz.

Bonba-pakete haiek bidali zituztenean Azpeitiko postetxean lan egiten zuten hiru lagunek Garzon epailearen aurrean adierazitakoa zeharo bat etorri zen Roldanek esandakoarekin. Hala ere, Guardia Zibilak eutsi egin zion bere bertsioari: ez omen zekiten ezertxo ere. Egun hartan gertaturikoaz, ez omen zeukaten inolako aztarnarik. Bada, beste hainbatetan bezala, Garzonek erabaki zuena izan zen Guardia Zibilari erabateko sinesgarritasuna ematea eta ikerketa bertan behera uztea.

Postetxeko arduradunak eta bi langileek Garzonen aurrean egindako adierazpen argigarriez gain, bada beste lekukotza garrantzitsu bat, orain arte azaldutako ondorio guztiei are indar handiagoa ematen diena. Itxura guztien arabera, bigarren bonba-paketearen helburua Kike Zurutuza zen, hura ere birritan torturatua. Azpeitian Herri Batasuneko zinegotzi zen Kike, eta beste zinegotzi batekin postetxera joan zen, Udaltzaingoak jakinarazi zielako bonba-pakete bat zegoela HBko udal taldearentzat. Han, ertzainen polizia-lerro batekin egin zuten topo; ukatu egin zieten pasatzea, modu txarrean, eta urrundu egin zituzten, alarma faltsua zela esanez.

Lekukotza hori ere erabat dator Roldanek adierazitakoarekin, eta erakusten du Guardia Zibileko, Ertzaintzako eta Udaltzaingoko agente asko izan zirela egun hartan Azpeitian gertatukoaren berri izan zutenak. Hala ere, Garzon epaileak Guardia Zibilari bakarrik galdetu zion, eta haien erantzun laburraren ondoren, «ez dakigu ezertxo ere horri buruz», artxibatu egin zuen sumarioa. Besterik gabe.

Eta orain? Zer egingo du orain espainiar justiziak, garai hartan Zerbitzu Sekretuetako buru zen Manglano jeneralak bere memorietan bonba-pakete haiei buruz dioena jakin ondoren? Orduan Barne ministro zen Jose Luis Corcuera bezalako batzuek ukatzen jarraitu arren, inoiz baino begi-bistakoagoa baita bonba-pakete haiek bidaltzea gerra oso zikineko ekintza izan zela.

Are begi-bistakoagoa iruditzen zait, ordea, Josean Cardosaren familiari, eta Euskal Herri osoari, ukatzen jarraituko zaiola biktima orori zor zaizkion egia, justizia, erreparazioa eta halakorik inoiz gehiago errepikatuko ez delako bermea.

Oker egongo ahal naiz!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.