Historiak erakusten du gerra funtsezko tresna dela kapitalismoa hedatzeko. Krisi garaian, potentzia handiek militarizaziora jotzen dute beren interes ekonomikoak eta enpresa handien interesak babesteko, gatazka segurtasun eta egonkortasun diskurtsoekin justifikatuz. Zentzu horretan, estatuen arteko norgehiagokaren gakoa ez da inola ere printzipio demokratikoen edota giza balioen ingurukoa, baizik eta merkatuak, baliabideak eta lan indarra mundu mailan kontrolpean jartzeko lehia. Estrategia honek ondorio ezin txarragoak ekarri dizkio biztanleriari: zibil errugabeen heriotza, migrazio behartuak, azpiegituren suntsipena… Israeldarrak palestinar herriari eragiten ari zaizkion genozidioa da honen adibide nabarmena.
Militarizazio prozesu honetan NATOk funtsezko zeregina izan du. ELAren iritziz, erakunde horrek sekula ez du bakea bermatu; aitzitik, Mendebaldeko inperialismoaren beso gisa jardun du beti, esku hartze militarrak sustatuz eta nazioarteko gatazkak areagotuz. Euskal herritarrek 1986an aliantza atlantikoan sartzeari uko egin zioten; ELAk posizio hura aldarrikatzen du eta Europako erakundeek estrategia militaristari men egiten diotela salatzen du.
Trumpen eskutik, AEBek exijitu dute NATOko kide europarrek ekarpena nabarmen handitzea, bere aterkipean jarraitu nahi baldin badute. Halaber, Trump Putinengana hurbiltzen ari da Ukrainako gatazka amaitzeko eta herrialde hartako ahalik baliabide gehien eskuratzeko. Egoera horren aurrean, Europar Batasunak birmilitarizazio estrategia berri bat abiaraztea erabaki du, «defentsa arloan autonomia handiagoa izateko eta Errusiaren balizko inbasio baten aurrean prebenitzeko». Hala ere, galdetu daiteke EBren aurkaria Errusia den edo arazoa bere baitan duen, Europako trumpismoen gorakadarekin Italian, Frantzian, Alemanian edo Espainiako Estatuan.
800.000 milioi euro helburu militarretan gastatzeko proposamena egin du Europar Batzordearen buru den Ursula von der Leyenek; noiz eta oraindik ere austeritate politika jende xehea zigortzen ari denean. Eredu honek lan prekaritatea betikotzen du eta onuradun bakarra du, armagintza industria handia; gainera, beste urrats bat da gizartea kapitalaren eta gerraren logikaren mende jartzeko.
Shock doktrina dela medio, beldurra zabalduz sostengua ematea nahi dute armagintzan inbertituko den dirutza publikoa justifikatzeko; diru hori, gainera, langile klaseak ordainduko du (zergen edo zorraren bidez). Gainera, gastu militarraren lehentasunak gastu sozialeko aurrekontua murriztea eragingo du, Alemanian, Erresuma Batuan edo Frantzian ikusten ari garen bezala. Espainiako Estatuan, eta ondorioz Hego Euskal Herrian, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak (AIReF) argi utzi du gastu militarra handitzeak presioak eragingo dituela finantza publikoetan (gastu publikoa %1,6 murriztuko da). Hau da, murrizketak ekarriko ditu.
Euskal Herrian ere sektore ekonomiko batzuentzat industria militarra negozio oparoa da. Gasteizkoak kolektiboak dioenez, 200 enpresa baino gehiagoren ekoizpena, guztiz edo zati batean, sektore horretara doa. Duela 15 urte 70 enpresa ziren. Hala ere, bereziki larria da Eusko Jaurlaritzaren eta zenbait indar politikoren babesa enpresa interesen defentsan, gure gizartea gerra dinamika batean sartzea legitimatuz eta horrek dakartzan ondorio sozialak eta ekologikoak alde batera utziz. ELAk industria militarraren erabateko eraldatzea proposatzen du sektore iraunkor eta gizartearentzat erabilgarriak diren sektoreetara, eta administrazio publikoek funtsezko zeregina izan behar dute prozesu horretan.
Belizismoak ez dio soilik ekonomiari kalte egiten; askatasunei ere eragiten die, mugimendu sindikalaren aurkako errepresioa areagotuz eta enplegua prekarizatuz. Gainera, segurtasunaren aitzakiarekin, migrazio jazarpena eta mugen indartzea justifikatzen da, Mediterraneoa eta Atlantikoa tranpa hilgarri bihurtuz. Ikuspegi feminista eta antirrazistatik, gerrak egitura patriarkal eta arrazistak erreproduzitzen ditu, indarkeria eta inposaketan oinarritutako maskulinitate hegemonikoa sustatuz.
Gerra ekonomiaren aldeko apustu horrek talka egiten du bete-betean ELAk defendatzen duen gizarte ereduarekin; sindikatuak militarizazioaren eta gerraren kontrako konpromisoa berretsi nahi du, eta halaxe adieraziko du datorren ekainaren 2an eta 3an egingo duen kongresuan. ELAk mobilizatzen jarraituko du gastu militarra handitzearen aurka, eta baliabide horiek oinarrizko eskubideetara bideratzeko eskatzen jarraituko du, hala nola osasunera, hezkuntzara eta etxebizitzara; langileen kontzientzia eragozpenerako eskubidea defendatuko du; ekoizpen sektore jasangarrietan jarduera ekonomikoak sustatzen saiatuko da, eta diskurtso belizista eta faxistari aurre egiten jarraituko du, bakea eta herrien autodeterminazioa sustatuz.