Geroa orain jokatzen da

2020ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Mikroskopikoa den bizigai batek bizi garen munduari atxikiak zaizkion sinesmenak birrindu ditu. 1980ko hamarkada amaieran neoliberalismo neurrigabearen teorialariek gizateriaren eboluzio ideologikoa eta historiaren amaiera dekretatzearekin proposaturiko zerumuga posible bakarraren ziurtasunak oro erori dira.

COVID-19 koronabirusak azpiz gora ezarri du indarrean dagoen finantza ordena. Are, baliteke krisi ekonomiko eta finantzario handi baten txinparta bilakatzea, dagoeneko bazterrak inarrosten ari den krisi sozial eta sanitarioa esponentzialki larriagotuz.

Krisi baten ezaugarri nagusia ezusteko elementu berri baten agerpen bortitza izan ohi da. Gertaera, berez, ez da pandemia, baizik eta iruditeria kolektiboan herritarrak babestea helburu eta funtzio nagusi behar duen estatu ereduaren porrota. Estatuen hutsegitea tamainakoa izaten ari baita. Eta engoitik, batere gutxiestekoa ez den lehen ondorioa agertzen zaigu. Estatuarekiko herritarren borondatezko menpekotasunaren iturburuan aurkitzen den kontratu soziala behin betiko hautsia da.

Horiek horrela, nola pentsatu zer gertatzen zaigun? Gai al gara krisiak adierazten dituen erronken araberako proposamen alternatibo bat sortzeko?

Pandemiaren garapena eztitzeko konfinamendu erabakiaren kudeaketa delikatuak ongi irudikatzen du estatuen dilema. Deigarria da martxoaren 16an Emanuel Macron presidenteak Frantziako herritarrak konfinatzeko agindua azaltzeko agerraldiaren edukia. Erantzukizun-aldaketa ariketa ziniko baten bidez, herritarrak egin zituen gobernuak hartu berri zituen erabaki zorrotzen arduradun. Hitz bat ere ez udal hauteskundeen lehen itzulia kosta ahala kosta mantentzearen delibero politikoaz, osagarri ikuspegi batetik guztiz eskandalagarria. Haatik, igande eguzkitsu batez aireztatzeko hiriburuetako parke eta terrazetara atera ziren pertsonen jarrera arduragabeak luke gobernua esku hartzera behartu. Itzulipurdi semantiko baten bidez, boterea bere erantzukizunetatik salbuetsita geratzen da, eta soziabilitatea bihurtzen da hilgarri.

Estatua pandemia aurreikusteko gai izan ez denez, krisia agindu hertsatzaileen bidez kudeatu beste hauturik ez du izan, estatu instituzioen politika kriminalak belauniko ezarri dituen osasun zerbitzu publikoak gainezka egin ez dezan. Ospitaleen kudeaketa liberalaren ondorioz osasun-zerbitzu guztiak presiopean baitaude: oheak, arnasgailuak, medikuak, erizainak, sendagaiak eta behar adina test-proba falta zaizkie. Eta zer esan maskaren estatu eskandaluari buruz. Hainbat hamarkadaz zerbitzu publikoak metodikoki desegin eta pribatizatu dituen sistema politiko eta ekonomiko baten ezintasunaren aurrean gaude.

Herritarren suminduraren bilakaeragatik kezkaturik, eta politika publiko jakin baten ondorioz larriagotu baizik ez den pandemiak eragiten dituen kontraesanetan harrapaturik, gobernuek herritarren gaineko polizia-kontrola estutzeko tentazio handia dute. Hortaz, osasun-larrialdi egoeran gobernuek ezarri dituzten arau zorrotzak legeria arruntean txertatzeko arriskua benetakoa da. Pandemiaren abagunean gertatzen ari den estatuaren birkokatzeak aro berriaren konfigurazio politikoa zedarritzen du jada.

Haatik, pandemiak eragin berri duen deflagrazioa hormaren kontra garamatzan sistema absurdoaren inflexio puntua ere bihur daiteke. Pandemiak azpimarratzen du gure jendarteak guztiz zaurgarriak bilakatu direla. Sistemaren disfuntzioak azaltzen ditu, eta doktrina neoliberalaren dogmak deseraikitzea ahalbidetzen du. Ez hazkundeak, ez ekiteko askatasunak, ezta lehiakortasunaren ustezko dohainek ez digute balio pandemia geldiarazteko. Ustekabean aukera leiho bat zabaldu zaigu. Irismen luzeko herri estrategia trenkatzeko premia gorria gureratuz.

Geroa orain jokatzen ari da. Estatuek krisia kudeatzeko hartzen dituzten neurrien aurrean izaten ari garen jarrerak hurrengo fasea ezaugarrituko du. Konfinamendua onartzen dugu, pandemia geldiarazten saiatzen ari diren osasun zerbitzuak arintzen laguntzen baitu. Hala ere, ez dugu onartu behar gure zaintza mekanismoak indartu ditzaten. Kontrol sozialak gure oinarrizko askatasunak eta gure soziabilitatea mendratzen baititu.

Elkartasuna beste irtenbiderik ez dago aurkitzen garen atakatik ateratzeko. Ahalegin handiagoa egin behar dugu behartsuenekiko elkartasunean, elkarri laguntzeko eta zaintza komunitariorako lekuan lekuko sareak eraikiz. Elkarrekintza kolektiborako, lankidetzarako eta ahulenen zerbitzura dauden indar guztien mobilizaziorako gaitasunean oinarritzen den soziabilitate berria eraiki behar dugu.

Ezinbestekoa zaigu esparru ekonomiko eta monetario neoliberaletik ateratzea. Egungo krisiaren jatorrian dauden politika sozial eta ekonomikoekin jarraitzeak atzerakada sozialen bolada berria iragartzen baitu. Demokrazia herriari itzuli behar diogu, behar dituen baliabide ekonomikoak, sozialak eta kulturalak erabaki ditzan. Ezar ditzagun ekonomiaren kontrol demokratikoaren arauak, ekonomia bizitzaren zerbitzura egon dadin, eta ez alderantziz.

Hausnar dezagun gure bizi mailari eta haren ondorioei buruz: sortzen dituen desberdintasunak eta bidegabekeriak, ingurumenean eragiten dituen desmasiak. Uko egin diezaiogun merkatuak eta haren legeek gure bizitza erabakitzen eta planeta suntsitzen jarrai dezaten.

Gure jendarteko atal osoak errotik aldatu behar ditugu, komunitatearen zaintza kolektiboa eta gutariko bakoitzaren alde sentsiblea erdigunean ezarriz. Birtokiratu ditzagun gure bizitzak, errotu dezagun gure soziabilitatea, eraiki dezagun gure lurraldearen burujabetza politikoa, elikadura eta energia burujabetza. Kontsumo ohiturak errotik aldatu ditzagun, zirkuitu laburrak, bertako ekoizleak eta laborariak lehenetsiz. Hausnartu dezagun nola kokatzen dugun Euskal Herria, bere berezitasunetatik abiatuta, bizi-jardueren eraldaketa ekologiko eta sozialaren bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.