Goi Nafarroan izan ziren lehenengo foru hauteskunde demokratikoen 25. urteurrenean, 2004. urtean, indar abertzale demokratiko guztien arteko batasuna eszenifikatu nahian, Nafarroa Bai (NaBai) koalizio zabala eratu zuten EAJk, Eusko Alkartasunak, Aralarrek, Batzarrek eta euskal kulturaren eremuko hainbat independentek. Aliantza edo fronte nazionalista handi hark erronkatzat zuen UPNri buru egin eta, lehendabiziko aldiz, Foru Gobernu erabat euskaltzalea egon zedin erdiestea.
Orain Frantzian Fronte Popularrarekin gertatu den bezalaxe, elkarren arerio zirenak kausa erkidea defendatzearren batu ziren aterki bertsuaren pean. Foru Erkidegoko bozak, 2007rako programatuak, urrun samar ziren artean; baziren hurren, horratio, estreinako test gisa funtzionatuko zuten 2004ko hauteskunde orokorrak. Eta testa, noski, notarekin gainditu zuten: 61.000 boz baino gehiago, guztizkoaren %18, eta jokoan zeuden bost eserlekutik bat. Uxue Barkos kazetari ospetsua izanen zen koalizioaren ordezko legez jardungo zuen diputatua.
Urteak igaro ahala, emaitzak hobetuz joan ziren, harik eta 2011. urtean, Bilduren agerpena zela medio, aliantzak estropezu egin zuen arte. Ez zen harritzekoa: NaBairen baitan ziren partiduen artean jazo zen barne hausturak zeharo andeatu zuen batasuna. Zutarri nagusietakoa zen Eusko Alkartasuna Bildun sartu zen, eta EAJk eta Aralarrek ordura arteko markaren pean aurkeztea erabaki zuten. Batzarre, ostera, IUren eskutik heldurik arribatu zen bozka-egunera.
Ordudanik, espazioa berreraikitzen saiatu dira, batik bat EAJkoak, Aralarrek ere akordiotik hanka egin baitzuen 2012. urtean. Istorio sobera luzea da hemen kontatzeko, hortaz, beste baterako utziko dugu. Kontua da nazionalistek eta euskaltzaleek hiru frontetan bukatu zutela sakabanaturik eta, gainera, NaBai markaren legezko jabea Aralar zenez gero, EAJk ezingo zuela erabili. Hargatik, koalizioaren birfundatzea izan zen aukeraturiko bidea, Geroa Bai izen berria banderatzat harturik.
Oso aldaketa handiak izan ziren Geroa Bain 2011 eta 2015 bitartean. Aralar, EA eta Batzarre beste koaliziotarantz abiatu ondoan, Zabaltzen elkarte politikoa osatu zuten euskaltzale eta errepublikano independente anitzek, aliantzari jarraitutasuna emateko asmoz, batik bat Eusko Alkartasunaren eszisio ziren Hamaikabatek eta Atarrabia Taldeak bultzatuta. Azken alderdi txiki hori Geroa Bai koalizioan sartu zen, Zabaltzenekin batera. Hamaikabat, ordea, berehala desegin zen.
Momenturik goxoena 2015ean iritsi zen, GBai, Uxue Barkos entzutetsu eta karismaduna zerrendaburu zuela, bigarren indar bihurtu eta estreinakoz UPN eta PSN gabeko gobernua eratzea lortu zuenean, EH Bildu, Podemos eta IU-Batzarreren arrimuan. Barkos, gainera, lehendabiziko nafar lehendakari euskaltzale gisa sartu zen historia liburuetan. Handik aurrera, baina, maldan behera hasi zen errodatzen. Lehenik, Kongresuan 2004. urtetik zuen ordezkaritza galdu zuen. Ondoren, Nafarroako Gobernuko presidentetza, nahiz eta PSN eta Podemosekin gobernatu. Eta, 2023ko hauteskundeetan, bi jarleku eta 17.000 boto.
Egun, inkestarik eskuzabalenek adierazten dute etorkizunari so galera gehiago izango dituela behinola nafar euskaltzaleen elkargune izan zen aliantza. Uxue Barkos buruzagi duen Geroa Socialverdes (GSV) partidu independentista eta aurrerazalearen sorrerak ere ezin izan du baratu beherakada itzela. Ulertzeko zer ari zaion gertatzen UPN eternalari tronua idoki zion alderdi kumuluari, bi faktore nagusi hartu behar ditugu aintzat.
Aurrena, espazioa osatzen zutenen arteko batasunik eza, eta ondorioz jazoriko koalizioaren haustura bortitza. 2004an, ordura arte banandurik aurkezten ziren Aralar, Batzarre, EA eta EAJ (azken bi horiek elkarrekin joaten ziren bozetara 1999tik) espektro abertzalearen jaun eta jabe ziren, hartan ere ezker independentista erradikalaren zerrendak legez kanpo utzi zituzten eta. Gerora, bakoitzak bere bidea hartu zuen, eta egun ere haietako bakoitza koalizio ezberdin batean dago: EAJ, Geroa Bain; Batzarre, Zurekinen, Podemos eta IUrekin; eta Nafarroako EAren aurriak, Sortuk bere egin duen EH Bildun. Aralar gizajoa ezker abertzale tradizionalaren birfundatze garaikideak fagozitatu zuen.
Eta, noski, EAJn kontziente dira Geroa Bai marka bizirik iraunarazi duena Uxue Barkosen figura izan dela, eta ez jeltzaleen siglak. Demokristauek ez dute sekula oinarri sendorik ukan Foru Erkidegoan, eta beste indarrekin batera aurkeztu ziren arte, emaitzen zerrendaren atzeneko partean zeuden une oro. Zabaltzen eta, orain, Geroa Socialverdes izan dira aliantzari arnas apurrak eman dizkiotenak, eta, halere, ez dute erdietsi emaitzen hobekuntzarik. Normala: koiuntura zein den behatuta, nafar abertzaleek nahiago dute zaldi irabazlearen aldeko parioa egin; hots, EH Bilduren bando jardun.
Eta bigarrena, egun Geroa Bai osatzen duten bi kide nagusien arteko kontraesan ideologikoak. EAJ liberala da, eta GSV ekosozialista; EAJ beti izan da kontserbadoreagoa, nahiz eta azkenaldian «modernizatu» egin den, eta Barkosek beti izan du (hala adierazi du berak) bere burua progresista konbentzitutzat; GSV independentista da, EAJ ez dakigu.
Bati baino gehiagori mira egingo zion, seguraz ere, Geroa Socialverdes alderdiko ordezkari nagusia, hain aurrerazalea, hain sozialdemokrata, hain ekologista, CEUS koalizioko hautagaiak aldezten ikustea Europar Parlamenturako hauteskundeen kanpainan zehar. Jakinik, gainera, EAJ, Coalición Canaria eta Balearretako PI eskuindarrak direla, eta Europako Liberalen (Macron, kasurako) taldean sartuko direla.