Aberri Egunaren hurbileran, beti gure barruan eta aldean ditugun gogoak eta asmoak nolabait indartzen eta era berean puskatzen zaizkigu. Batasunaren faltan eta egitasmoen sakabanatzean, aldarriak eregogoz baina putzik gabe geratzen baitira sarritan. Hala ere, batasunaren premia horretan, baditugu denon gogoko zaizkigun garrantzizko ikur edo eredu batzuk: hizkuntza, lurraldetasuna eta, batik bat, herri legez aurrera ekiteko adorea.
Hor ditugu geureak egin ditugun euskararen irakaskuntzan eskola-ikastolak, erakundeak eta bestelako ikurrak ere, hor dugu guztiona den ikurrina, hor Nafarroako bandera ikurra. Eta hor ditugu guztiok aho batez kantatzen ditugun kantuak.
Eta kantuetara eta herri sentimenduetara etorriz, zein ote da ba gure ereserkia? Edota galdera zuzenagoa, zein izan beharko litzateke guztion amankomuneko himnoa?
Iritziak iritzi, zabal begiratzea dagokigu, historia aztertuz eta hara begiratuz, orainaren ikuspegia ere kontuan hartuz, baina, batez ere, herritarron batasun nahi handienean jokatuz. Eta, honetan, ezbairik gabe, aberriaren zentzuz, itxaropen gogoz eta gehienon aburua kontuan hartuz, ez dugu Gernikako Arbola baino kantu adierazgarriagorik, sentimendu eta ideologia zabalenez jokatuz, barneratuko gaituenik.
Gehienon begirunekoa eta miresmenekoa izanik, esparrurik zabalenean, ideologia askotako pertsonei abagunea emango dion kantu sinbolikoa dugu. Abertzale ez direnek ere zera diote: «GernikakoArbola herri baten identitatearen ikurrik ederrena dugu».
Halaxe da, garai baten, Libertatearen sinbolo bihurtu zitzaigun Gernikako arbola. «Libertadea maite dutenak, betoz gurekin bakean. Euskaldunen borondatea da herrien anaitasuna». Hitz adierazkorrak Iparragirrerenak; gure gogoak mundura zabaltzeko aipuz idatziak eta kantatuak. Anaikidetasunez, Euskal Herriaren izena eta nortasuna zabaltzeko kantu eredugarria.
Gernikako Arbola-k, besteak beste, batasunaren ikur dugun eran, himno baten solemnitatea du, beraz, zor historikoa diogulakoan nago. Iparragirrek idatzia baita: «Gerturatzen da eguna nazioen liga edo aliantza ikusiko deguna». Eta zer esanik ez bere «Ez bedi galdu euskera, galtzen badegu, galduak gera». Gaur-gaurko aldarriak eta nahiak; askatasun deiadarrak begi bistan jartzen dizkigu.
Himno batek, orainaren eta etorkizunaren nahian, betiko himno bihurtzeko, nor garen eta zer garen jakinaraziz, erroak eta urratsak ondo finkaturik izan behar ditu.
Jakina, Iparragirrek sortu zueneko garaia, XIX. mendea, eta oraingoa ez da inondik ere berdintsua, eta harrezkero ideia berriak eta kantu adierazkorrak sortu izan dira eta sortuko direla espero dugu. Hala bedi.
Davantek Iparraldeko hainbat kulturgile eta kantariren hitzarmenez eta guztion sinaduraz oraintsu idatzitakoak sona handia izan du, eta honetan beti pentsatu izan dut Iparraldetik eta Nafarroatik bultzatzea onuragarrizkoa dela, guk, hiru probintzia honetako Euskadikook, Euskal Herri osoarekin kidetasunean bat egin dezagun.
Hor dugu Gernikako Arbola kantatzea gogoko zitzaion eta mundu mailan ezagun egin zitzaigun Julian Gaiarre Erronkariko kantaria. Egun oroigarria, guztiok bat eginez Gernikako Arbola amankomunean kantatuko dugun eguna.
Jakin badakigu ofizialtzeko proposamenik oraindik ez dela aurkeztu. Ziur etorriko dela eguna. Dakiguna da, historia errepasatuz, Iparragirrek Gernikako Arbola kantatzen zuenean bazterrak asaldatzen zituela. Euskal Herriko Tolosan epaitu ondoren desterratu zutela, eta dakiguna da, geroan Iparraldean ekimen instituzional askotan Marsellesa-ren pare kantatzen zela.
Aberri amaren deiadarraz, Gernikako Arbola, askatasun ereserki hau, gure geroaren eraikuntzaren eta herrigintzaren sostengua da. Nondik gatozen azalduz, geroa geuregan daukagula eta zuhaitzen antzera zutik bizitzeko sortuak izan garela adierazten diguna.
Iparragirreren eta bere ereserkiaren meritua, bere garaian herri xumeak askatasun ikur legez bere gain hartzea eta herritarrok aztoratuz Euskal Herri osoaren batasun sentimendua berpiztea izan zen. Garaian gaude, hauspoa astinduz, «Eman ta zabal zazu munduan fruitua» lau haizeetara kantatzeko.
'Gernikako Arbola': hauspoa zabaldu da berriro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu