Apirilaren 6ko BERRIAn 'Gernikako Arbola', euskaldun guztien himnoa izeneko manifestua plazaratuzuten 25 lapurtarrek,12 zuberotarrek eta 7 baxenabartarrek, arlo guztietakoek. Hiru urte honetan, hots, Jose Mari Iparragirreren jaiotzatikbi mende bete zirenez geroztik, zenbait musikari, historialari eta kulturaren eragilek sustaturik, haren maisulana berriro Euskal Herri osoko himnotzat jo dadin agertu diren beste izkribu batzuen ildotik doa agiri hori. Izan ere, Gernikako Arbola euskal herritar guztiak (Gixunetik Kortesa eta Lanestosatik Ospitalepera bitartekoak zein erdal herrietakoak) elkarganatzen ahal dituen kanta da, ideologien, aukera nazionalen eta zatiketa administratiboen gainetik.
Aipatu izkribuetan dei egin zaie Euskadiko Autonomia Erkidegoko, Nafarroako Foru Komunitateko eta Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoko herritar eta agintariei, hiru entitateetako erakundeak errespetatuz eta Espainiako Erresumako, Frantziako Errepublikako eta Europar Batasuneko legeak ezbaian jarri gabe, Gernikako Arbola eskualdez eta mugaz gaindiko himnoa izan dadin. Aitortu beharra dago proposamen euskaltzale eta europeista hori ez dela sobera arrakastatsua izan orain arte. Euskadiko eta Nafarroako politikari gehienek ez dute konprenitu Gernikako Arbola ez dela etorri, ez eta hurrik eman ere, Gora eta Goraeta Gorteen Himnoa ordeztera eta, are gutxiago, lurraldetasuna edo independentzia iragartzera.
Ikusiak ikusi, Gernikako Arbola-ren aldeko jokabidea aldatu eta haren aldarriak Ipar Euskal Herritik abiatu beharko du, Euskal Hirigune Elkargoak ez baititu eskuak Euskadiko Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Komunitateak bezain loturik, himno ofizialik ez dauka eta. Oraindik...
Gernikako Arbola-k ibilbide luzea du Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan. Haren ahairea Anton Abadia-Ürrüstoi zuberotarrak XIX. mendearen bigarren erdialdean, nazionalismo politikoa sortu aitzin, gehienbat hiru herrialde horietan antolatu zituen Koplarien Gudu edo Lore Jokoetako bertso anitzetarako erabili zen. Koplarien Guduen bidez, euskal herritar guztiak batzen dituen beste sinbolo bat zabaldu zen: Zazpiak Bat goiburua, hain zuzen ere. XIX. mendea bukatu gabe, beste zuberotar batek, Jean-Dominique-Julien Salaberrik, «himno nazionala» iritzi zion Iparragirreren obrari. Piarres Lafitte lapurtarrak iradokirik, XX. mendeko 30eko hamarkadan mugimendu eskualerrista-ren kantorea ere izan zen. Ezin ahantzi, bestalde, 1976an, Fernando Aire Xalbador baxenabartar bertsolari handiari egin omenaldi hunkigarrian, hil zen egun berean hain zuzen ere, kantatu zela. Bidasoaz iparraldean oso ezaguna eta maitatua izan da Gernikako Arbola.Ofizialtasuna azken txanpa besterik ez litzateke izanen.
Kontu horretarako Euskal Hirigune Elkargoak aurrekari bat izanen luke Frantziako Errepublikan: Bretainiako Eskualdea. Duela pare bat urte, bertako Kontseiluak Bro Gozh Ma Zadoù bretoierazko kantu herrikoia himno ofizialtzat jo zuen. Korsikari dagokionez, Dio Vi Salvi, Regina ez da ofiziala, dakidala, baina izango balitz bezala, bertako Biltzarraren bilkura zenbaitetan jotzen da eta. Bretainiaz eta Korsikaz gain, Okzitanian (Se Canta), Savoian (Les Allobroges) eta Ipar Katalunian (Els Segadors), kirol ikuskizunetan kantatzen dute tokian tokiko himnoa.
Ipar Euskal Herrian Gernikako Arbola ofizialduko balitz, Euskal Hirigune Elkargoaren eta Etxegarai lehendakariaren hots handiko ekitaldietan kantatuko litzateke. Euskaraz, jakina. Bakarrik jotzeko legezko eragozpenik balitz, La Marseillaise-ren (frantsesez) eta Europako Himnoa-ren (latinez) aurretik edo atzetik ahapeka liteke. Hirigune Elkargoak, sei urte eskas dituenak, gizartean errotuko bada, bere sinboloak beharko ditu, eta Gernikako Arbola-k euskalduntasuna ez ezik Euskal Herriaren oparotasun linguistiko eta identitarioa ere adierazteko gaitasuna du. Esan gabe doa, euskararen aldeko manifestazioetan eta Aviron Bayonnaisen eta Biarritz Olympiqueren errugbi partidetan ere kanta liteke, besteak beste.
Salaberrik eta beste anitzek esan zutenez, Gernikako Arbola Euskal Herriko himno nazionala da. Euskal herritar guztiena izan daitekeelako: euskaldun baizik sentitzen ez direnena, espainol edo frantses ere sentitzen direnena (Iparragirre bera barne) eta Diasporako herrikideena. Euskadiko Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Komunitatea merezi duen tratua emateko gai ez badira, eman diezaiola oraingoz Euskal Hirigune Elkargoak. Koplarien Guduen garaian bezala, berriro ere Ipar Euskal Herria aitzindari.
'Gernikako Arbola', Euskal Hirigune Elkargoko himnoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu