Patxi Zabaleta

Gernikako Akordioa, Aieteko Konferentzia eta 'ongietorriak'

2021eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Gernikako Akordioa 2010eko irailaren 25ean sinatu zuten, eta Aieteko Konferentzia 2011ko urriaren 17an egikaritu zen. Bitarte horretan Gernikako Akordioari, hasierako 34 erakundeez gainera, beste antolakunde esanguratsu batzuek ere atxikimendua eman zioten; horien artean zen Euskal Preso Politikoen Koordinakundea, EPPK.

Gernikatik Aietera bakegintzak egindako bidaiak ezaugarri eta osagarri bereziak ditu; arlo ideologikoan, eta estrategikoan. Arlo ideologikoan alde batera uzten dira hamarkada luzeetan oinarrizko aldarrikapena izandako negoziazioa eta elkarrizketa, baldintza gisa. KAS Alternatiba, Lizarra-Garaziko ituna eta beste hainbat aldarrikapen, ekimen eta saiakera gaindituak gelditu ziren. Haien guztien ordez aldebakartasuna edo unilateralitatea aitortzen da: arrazoi politikoengatik abian jarritako borroka armatua, soilik arrazio politikoengatik eta alde bakarrez uzteko erabakia hobesten da. Ondorioz, inolako prezio edo lorpen politikorik gabe eta soilik arrazoi politikoak aldarrikatuz egikaritu zen borroka armatua uzteko aldarrikapena; soilik giza eskubideei eta oinarri demokratikoei men eginez. Hori da Gernikako Akordioan eraikitako «euskal bakearen» ezaugarri ideologiko eta estrategiko berria. Pena izan zen itun hartan partaide izateko euskal indar politiko eta sindikal batzuei faltatu zitzaien ausardia... Gernikako Akordioaren aldaketa ideologiko eta estrategiko kopernikarrak uko egiten dio edozein lorpen politiko eskuratzeari, baldin eta soilik jokabide eta modu demokratikoetan izan ezik.

Urtebete beranduago, Aieteko Konferentzia eta adierazpena ez ziren posible izango Gernikako Akordioa gabe. Edonola ere, Aieten agertu ez ziren eskuineko eta eskuin muturreko indarrak ez dira orain hamar urteko ekitaldi ospetsu hari zentzu politikoa kendu nahi izan dioten bakarrak. PPn garai hartan nagusitutako Mayor Orejaren teoria ultra da oraindik irauten duena: ETA erakundearen aldarrikapen politikoak direla menderatu beharrekoak, ez soilik egitura militarrak. Behar izanez gero, ilegalizazioak eta indarra ere erabiliz. Teoria hori faxismoaren ildo eta muinean kokatzen da. Horregatik jarraitzen dute oraindik gerrak badirauela esaten. Aitzitik, Aieteko Konferentziak ospea eta ikusgarritasuna eman zion urtebete lehenago preziorik, lorpen politikorik eta alde bakarretik aitortutako bakegintzari. Gernikak eta EPPK-k jarri zuten oinarria eta bermea; Aietek eta Nazioarteak irudia.

Ondoren gauzatutako ETAren armagabetzea eta erakundearen hutsaltzea edo auto-ezabatzea ere alde bakarrez egin ziren, nahiz eta batzuon ustez, agian, erakundeak bere izaera politikoari —borroka armaturik ezean— eusteak argitasun gehiago ekar zezakeen. Beste modu batera adierazte arren. ETA bere sorrera-sorreran ez zen erakunde armatua, bere bukaera-bukaeran izan ez zen bezala. Jakina da bere hizkuntza hauek guztiak bost axola zaizkiola Espainiako eskuin ultrari. Haiek soilik ETAren ideiak menperatzea edo ideia abertzaleen porrota dute xedetzat.

Hori guztia argi baino argiago gelditzen da Kataluniako arazo politikoaren trataera juridiko-politikoa aztertu eta gero. Kataluniako gatazka politikoak ez du oraingoz independentisten biktimarik eragin, baina horrek ez du eragozten altxatze edo sedizio kondenarik.

Bestalde, ordea, lelo propagandistiko merkeetan eztabaida laburbiltzeko gure arteko joera, guztiz pobretzailea ez-ezik, tranpa era bada. «Ez zuen inoiz existitu behar» esaten da. Baina zerk, ekintzak ala jarduera politikoak? ETA ez zen soilik erakunde ekintzaile bat izan; aitzitik eragile politikoa ere bazen. Eta esaera sinple horrekin dena nahasi eta guztiari zilegitasuna kendu eta gaitzetsi nahi izaten da.

Errelatoko urte-muga honetan biktimen gaia bihurtu da eztabaida gune nagusia. Zalantzarik gabe, biktimen paper gorena bakearen ikur enblematikoa izatea da. Baina xede hori betetzeko, ezinbestekoa da indarkeriaren biktima guztien aitorpena egitea; salbuespenik gabe. Soilik horrela, herritar guztien berdintasuna lehenetsi eta aitortzen baita. Aitzitik, biktima batzuk aintzat hartzea eta beste batzuk txarretsi edo gutxi-etsitzea, gerra iraunarazi eta bukatutzat ez ematea da. Frankismoak caido izendatutakoekin egiten zuen bezalaxe. Indarkeria guztien biktima guztiak elkarrekin eta parean aintzat hartzen ez diren bitartean, ez dira bakearen oinarri etikoak eta estetikoak berdintasunean eraiki eta finkatuko. Zentzu honetan, Gasteizko Banco de Españaren eraikina zeneko Terrorismoaren Biktimen Gune Memoriala biktimen bake irudiaren aurkakoa da; bakearen eta biktimen paper enblematikoaren kontra dago.

Presoen ongietorrien inguruko eztabaida ere ikuspegi honetatik aztertzea merezi du. Orain dela hamar urte borroka armatua uztearen alde lerrokatu eta jokatu ondoren, preso jarraitu duten eta beren zigorrak osotasunean —eta askotan modu diskriminatuan— bete dituzten presoei ongietorria egitea bakearen aldeko, benetako biktimen aldeko eta demokraziaren aldeko ekintza da. Eta askatasunaren baitan dagoen aukera demokratikoa da.

Dagoeneko ez luke gelditu beharko euskal preso politikorik. Zoritxarrez, ordea, Espainiako eskuinaren gorrotoak, PSOEren ahulezia endemikoak eta euskal eremuko batzuen epelkeriak tragedia hau mantentzen du oraindik. Katalunian bide egiten ari den amnistiaren aldarrikapenarekin izan beharko dugu itxaropena.

Lehenago iritsi behar zuela bakeak? Jakina. Bakea beti beranduegi iristen da; biktimentzat, kaltetuentzat, eta gizarte osoarentzat ere bai. Zoritxarrez euskal bakeak behar zituen baldintzak ez ziren 2010 arte bete; baina, zorionez, euskal bakearen ezaugarrien funtsa betirako aportazioa da bakezaletasunaren historian. Langraizko taldearen ekimenak eta bestek aurrekari papera bete zuten, nahiz agerikoa den baieztapen horrek ez dituela asebetetzen.

Duela hamar urteko aldaketa ideologiko eta estrategikoak errelatoaren lehian jarraituko du bere bilakaera. Bitartean, zilegi bekit ETAren Azken Gudaldia izeneko nire olerkiaren 55 paragrafoetatik lehenengoarekin bukatzea: «Gerrako arauetan idatzita dago/gudaldi asko irabaziagatik/baldin azkenekoa galtzen bada/guda osoa dela galdutzat jo beharra/Errelatoaren lehia bihurtu da/ETAren erronkarik zailena/baina, nahiz gezurra dirudien/ETA gabe jokatu beharko dena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.