Gernikako agiria «historikoa» omen. Geroak esan beza. Edozein kasutan, joan den larunbatean hamarnaka gizarte eragile eta indar politikok Bake bidean izenburupean sinatutako dokumentuak badu mamirik. Aurrera begira ere, izan lezakeen potentzialtasuna benetan handia dela uste dut. «Ez dago ezer berririk» dioena gezurretan ari da.
Arrazoiak
Zergatik da horren garrantzitsua? Lengoaia kriptikoa alde batera utzita, gauzak argi eta garbi eskatzen zaizkiolako bai ETAri (bere amaiera), baita Madrilgo Gobernuari ere (alderdien legearen deuseztapena). Ez hori bakarrik, biktimen eta presoen inguruan ere oso gogoeta zentzuzkoak egiten dira. Amnistiaren eskakizuna ere garbi agertzen da. ETAri eskatzen zaiona azkar beteko balitz, ezker abertzaleko sektore desberdinen artean abiatu den berradiskidetze prozesua izugarri azkartuko litzateke. Kosta egingo da, baina ez dute beste erremediorik. Gizarteak exijitu egiten die. Adiskidantza horrek ahalbidetuko luke aspalditik batzuk aldarrikatzen ari garen ezker abertzale berriaren sorrera: gorria bezain berdea, zibila bezain zabala.
Indar berri horrek hankaz gora jarriko luke egungo jokalekua. Mapa politikoaren beste hiru hankak -PSOE-PP-EAJ- horren jakitun dira. Ez dute, jakina, adiskidetze hori erraztuko. Ez da haien lana. Gainera, ongi asko dakite horrelako mugimenduak euren pribilegioak eta aginte-gunetxoak arriskuan jar litzakeela. Patxi Lopezek birtualtasunean eraikitako fikzioa hondoratzear egon liteke, baita segurtasunaren izenean muntatu diren hainbat negozio ilun ere.
Bereziki esanguratsua da EAJren paradoxa. EAEn boto gehien lortu dituen alderdia da, baina gatza falta zaio. Nora ezean dabil: karismadun buruzagirik gabe, ekimen argirik gabe eta proiektu politiko ezagunik gabe. Arzalluz, Ibarretxe eta Egibar historia dira edo neutralizatuta daude. Gernikan tokirik ez. Forondako zelaietan ere, justu topatzen du bere burua. Hurrengo hauteskundeak ere irabaz litzake, baina ez du ilusiorik sortzen. Iñigo Urkullu ez da erreferentea, ezta bere alderdikide askorentzat ere. Zer gelditu da Ibarretxek 2005ean, Eusko Legebiltzarraren aginduz, Madrilgo Kongresuan duintasunez aurkeztu zuen plan soberanista hartatik? Zer?
Osagaiak
Jarrai dezadan galderak egiten: Zer behar da ezker abertzale berria sortzeko?, zer gehiengo sozial berriak artikulatzeko? Nire uste apalean, lau osagai funtsezkoak dira: konfiantza, malgutasuna, komunikazio emozionala eta sare sozialak.
Konfiantzaz. Etsipena gainditu eta ilusioa berpiztu behar da. Erraz esaten da. Horrek oinarri sendoak behar ditu. Eragile desberdinen arteko konfiantza sustatzeko, ETAren inkognita lehenbailehen argitu behar da. Ezker abertzale berriaren sorrera ezin da eraiki indar armatu baten oniritziaren zain. Ezinezkoa da. Nork bere argudioak azaldu behar ditu, parekoenak baino sendoagoak direla demostratzen ahalegindu, beste inoren laguntzarik, inposiziorik edo beto eskubiderik gabe. Horretarako guztien arteko konplizitatea, konfiantza eta errespetua behar dira; baita eskuzabal jokatu ere argazkiaren dirdirarekin obsesionatu gabe.
Malgutasunez. Printzipioetan sendo oinarrituta baina berorien aplikazioan malgutasunez joka lezakeen indar politiko berri bat behar da, gehiengo sozial zabalak eraikitzeko. Horrek eskatzen du, prozesu honetan estatuaren aldetik egongo diren eraso antidemokratikoen aurrean, erreakzionatzeko beste estilo bat, iraganeko tik zaharrak gaindituko dituen beste jardunbide askoz ere sortzaileago bat.
Komunikazio emozionalaz. Ezker abertzalea -zer esanik ez ETA bera- maisua da kriptografiaren artean. Lerro artean irakurri behar da. Oso barrura begira egindako txosten eta adierazpenak egiten dira. Zilegi da, baina zailegi. Horrek muga garbiak ditu: etxekoak. Gaur egungo buruzagiek ez dituzte soilik ideia politikoak transmititzen. Horiekin batera, emozioak eta sentimenduak ere helarazten dituzte. Hitza bihotzaren giltza da.
Sare sozialez. Gaur egun estatuko 18-32 urte bitarteko gazteen %91,5 sare sozialen batera konektatuta dago. Horietako askok prentsa elektronikoa baino ez dute irakurtzen. Ez doaz kioskora kazeta erostera. Errealitate hori kontuan hartu behar da. Identitatearen indarra eta altermundializazioa uztartu behar dira teknologia berrienak erabiliz.
Lau osagaiok ideia bakar batean bil daitezke: ezker abertzale berriaren trantsizioa obratzeko, bestelako kultura politiko bat garatu behar da.
Nire zorionik beroenak Gernikako dokumentua sinatu duten guztiei.
Bazen garaia.
Gernikako agiriaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu