Zurrumurruak eta susmoak izan ziren lehenengo; gero, orain gutxi izan arren, ondo informatutako iturrietatik jakin izan dugu aurten ez dela Gernika saririk banatuko. Erabakia, diotenez, Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkatearena izan da.
Egia da Gernika sariekin kritikoak izan garela Gernika Memoriaren Lekuko gure plataforman. Kritikoak, zenbait kasutan, saritutakoekin: ulertezina izan zen guretzat, esate baterako, 2019an Europako Batasuneko Errefuxiatuen komisario izandako Christos Stylianidesek jaso izana. Eta ez horrenbeste Stylianides jaunaren jardueragatik, berez, errefuxiatu eta migratzaileen auzian Europako Batasunaren politika higuingarria eta lotsagarria onargarritasun-zantzuz estaltzen zuelako baizik.
Oso kritikoak izan gara orokorrean, sarien oinarri diren printzipioekin ere, zentzu bitan: batetik, kontzeptuagatik (gure iritziz, Gernikak, Memoriaren leku gisa dituen ezaugarriak eta ahalmena askoz zabalagoak eta sakonagoak dira, sariak mugatu diren eremua baino); eta, bestetik, metodoagatik: sarituak aukeratzeko modua oso itxia dela uste dugu (herriko edozein taldek hautagaitzak aurkeztu ditzake baina epaimahaiak osaera mugatua dauka: Gernika-Lumoko alkatea -edo ordezkoa-; hiru zinegotzi -ordezkaritzaren arabera-; Pforzheimeko alkatea -edo ordezkoa-; Gernika Gogoratuz Fundazioko ordezkaria; Gernikako Bakearen Museoa Fundazioaren ordezkaria; Gernika-Lumoko Kultur Etxearen Fundazioaren ordezkaria). Iaz, horren harira, epaimahaia herriko memoria eta kultur arloko taldeei irekitzea proposatu genion udalari, baina ez genuen erantzunik jaso...
Gure kritika gorabehera, uste dugu sariek badutela beren balioa, eta, edozein kasutan, Gernika-Lumok Memoriaren leku gisa duen historiarekin, esanahiarekin eta aitortzarekin bat egiten dutela. Historia, aitortza eta esanahi horiek ez dira, gainera, gure udalerrira bakarrik mugatzen. Gernika Memoria Lekua euskaldun guztion Memoriarekin lotuta dago. Euskal Herriko Memoria leku garrantzitsuenetakoa da Gernika-Lumo, eta ez bakarrik bonbardaketagatik. Aitzitik, bonbardaketaren krimenak denboran zehar euskaldunontzat izan duen berezitasunari estuki lotuta dago, eta gertakizunaren momentu historikoak azaltzen du, drama edo tragedia haren unibertsaltasuna zein askatasunerako, justiziarako, benetako bakea lortzeko eta giza kidetasunaren alde borrokatzeko dauzkan indarra eta gaitasuna. Ondare hori ez dago, nahitaez, pertsona baten, toki gobernu baten edo erakunde zein talde zehatz batzuen esku bakarrik. Bizirik nahi bada, gizarte oso baten ondarea da: mundu berri zoriontsuagoa eta justuagoa eraikitzeko beste herri eta nazioekin, ekintzaile indibidual zein kolektiboekin partekatzeko askatasun eta duintasun mezua; mundura, temati, bere mezua zabaldu nahi duen herri baten hotsa.
Ez dakigu Gernika-Lumoko alkatea eta udal gobernua gure ikuspegiarekin bat ote datozen, ez dutelako hartutako erabakiaren inguruko inolako azalpenik eman. Agian gaiak ez duela merezi edo gernika-lumotarrok zein euskaldun guztiok ez ditugula merezi pentsatuko dute, osterantzean aspaldi emango baitzituzten azalpenok.
Guk, ordea, uste dugu gaia ondo eta luze azaldu behar dela eta herritarrok arrazoiak ezagutu behar ditugula. Horregatik, gertatutakoaren aurrean, aurten sariak bertan behera utzi izanaren aurrean, azalpen publikoa emateko eskatzen diogu Gernika-Lumoko udal gobernuari.
Gernika sariei buruz azalpen eskaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu