Gernika Bakearen eta Berradiskidetzearen Aldeko Saria Arnaldo Otegiri eta Jesus Egigureni eman izanak oihartzun handia izan zuen komunikabideetan, eta albistea ontzat eman zuen Euskal Herriko gizartearen gehiengo zabal batek. Sariak berak, sinbolismo handia baitu, sarituek egindako lanak eta saria emateko ekitaldiak alde asko utzi dute aztertu ahal izateko.
2013an Gernikak polemikaren erdian dirau. Alde batetik, Estatuko sektorerik atzerakoienak mindu egiten ditu Euskal Herriak historikoki pairatu duen errepresioaren ikurra delako. Eta mindu egiten ditu, halaber, Gernika bakea lortzeko herri honetan egin den lanaren eredua delako. Justizian, askatasunean eta oroimen historikoan oinarritutako bakea, alegia.
Bonbardaketatik 76 urte igaro ondoren, Gernikak bere sinbolismo osoari eusten dio euskalgizartearen irudiko; horrexegatik, han egiten den lanari lupaz begiratzen zaio, eta, bitxia bada ere, Estatuan kritikak jasotzen ditu,baina nazioartean sekulakoospea lortu du. Izan ere, udalaren ekimenak (Bakearen Museoa, eta abar) erreferente bilakatu dira Europan giza eskubideen aldeko arloan.
Saria emateko ekitaldiak ere sinbolismo handia izan zuen, Arnaldo Otegik, noski, preso egonda, bertaratzerik izan ez zuen arren. Otegiren zein Egigurenen alabek hartu zuten protagonismoa, eta ekitaldia datozen belaunaldiei begira jarri zen, eraiki nahi dugun etorkizunari, hamarkadak eta hamarkadak aurrez aurre eman dituzten familia politikoek bete beharreko berradiskidetze prozesua behar duen etorkizun horri.
Ekitaldiak agerian utzi zuen berriz ere Otegi kartzelan egotea zentzugabekeria dela, Egigurenek bezala, berak ere lan politikoa soilik egin duelako. Halaber, gatazka konpontzea eta behin betiko bakea eta normalizazio politikoa lortzea xede dituen prozesu politikoa aurrera eramateko euskal gizartea egiten ari den ahalegina nabarmendu zen, Madrilen etengabeko erantzuna prozesu hori behin eta berriz oztopatzea izan arren.
Bere garaian pozik hartu genuen sariaren inguruko erabakia; gaur ohartzen gara zein neurritaraino molestatu zuen sariak. Haserre horren proba dugu Jose Mari Gorroño Gernikako alkatearen inputazioa Auzitegi Nazionalean, terrorismoa goraipatzea eta justifikatzea egotzita.
Sarituen izenen inguruko polemikak, alderdi batzuen interes partikularrei zeharo lotuta egon zenak, lagundu zuen fokua Jose Mari Gorroñorengan jartzen, eta hala egin zuten Euskal Herriaren normalizazioaren aurkako tresna diren Dignidad y Justicia izeneko elkarteak eta Auzitegi Nazionalak. Benetan penagarria da oraindik ere arduraz jokatzeko eskatu behar izatea euren interesengatik desadostasuna eta haserrea sorrarazten duten horiei, giro politikoa zapuztu eta euskal gizarteak hasitako bidea oztopatu baino ez dutelako egiten.
Espainiako justiziak berriro ere argi utzi du ez duela herri hau ez ulertzen, ez errespetatzen. Jose Mari Gorroñoren ibilbidea zalantzan jartzea zentzugabekoa bezain barregarria da, bakearen eta normalizazio politikoaren aldeko haren apustua beti argia izan delako, eta giza eskubideen alorrean egin duen lana Europa osoan aintzat hartu dutelako. Gainera, azkeneko udal hauteskundeetan sekulako babesa jaso zuen Gorroño bera buru zeukan zerrendak. Bozen %63 eskuratuz, Bizkaian babesik handiena jaso zutenetariko bat izan zen haren zerrenda, bide batez, aurreko legealdian egindako lana sarituz.
Jose Mari Gorroño ezagutzen dugunok ondo baino hobeto dakigu alkate gisa izan duen poz eta ohore handienetarikoa dela Gernikako Akordioaren gordetzailea izatea. Izan ere, atxikimendu handia jaso zuen itun hark, adostasunerako, konponbiderako eta giza eskubideen defentsarako garaia ireki baitzuen, alegia, Gernikaren izena darama eta jatorrizko alea hango udaletxean dago.
Bakea, askatasuna, oroimen historikoa eta giza eskubideak. Eraiki nahi dugun etorkizunaren lau zutabe biltzen ditu Gernikak. Horrexegatik molestatzen du. Horrexegatik joan beharko du Jose Mari Gorroñok irailaren 13an Auzitegi Nazionalera deklaratzera. Ez da bakarrik egongo.
Gernika ikur bilakatu da berriro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu