Euskal Herriaren, Euskaldunon herri honen ibilbide osoa ordezkatzeko erreferentzia bat hautatu behar badugu, uste dut, zinez, Gernika aukeratu behar dela. Benetan aberatsa baita Gernikak 2012 honetan bere gain gordetzen duen altxor sinbolikoa, indarra, adierazgarritasuna.
Gernika da, eta ez alferrik, euskaldunok munduan dugun erreferenterik ezagunena. Norbaitek erantzungo dit Picassoren koadroari esker gertatzen dela hori, eta suntsipenaren irudi ezkorra dela. Ez nago ni iritzi horretan, eta azalduko dut zergatik.
Urrunetik dator Gernikaren erreferentzialtasun sinbolikoa, eta berau ulertzeko, Historiaurreraino salto egin behar dugu. Izan ere, Urdaibai natur gune berezian ezagutu baitziren gurean gizakien lehenetariko biziguneak, gaurko Gernikatik oso hurbil den Santi Mamiñe kobazuloen babesean, hain zuzen ere. Ingurune aberats horretan garatu zen Erdi Aro urrunean Gernika izena hartuko zuen populazioa, nekazal eskualdearen merkatu txiki modura, eta XIV. mendean eman zioten hiribilduaren antolaketa. Garai hartan lehiaizan zuenEnkarterriekin eta bertako hiribildu printzipala zen Balmasedarekin, merkatal bide nagusiaren aduana eta 1199 urtetik Bizkaiko lehen hiribildua zena berau.
Durango-Gernika-Bermeo ardatza suertatu zen, aldiz, eraginkorrago lehengaiak eta salgaiak itsasoratu eta Europako portuetara eraman ahal izateko, eta hala hartu zuen Gernikak Bizkaia osoko erreferentzialtasuna merkataritzan, nekazal merkatu bezala, baita herrialdearen antolaketa politiko-administratiboan. Gernikako arbolaren inguruan hasi ziren batzen herrialde guztiko ordezkariak. Foruak berritu eta Batzar Orokorren egoitza zen ordutik Gernika. Bizkaiko Lur Ireki guztia ordezkatu zuen, maiz Bilboko Diaz Haroko leinutik zetozen jauntxoen eta merkatarien kasta gaztelar zalearen aurka.
XIX. mendeko gerrak eta Foruen deuseztapenak indartu egin zuen Bilboren garrantzia gizarte industrializatu berrian, berau bihurtuz hazkunde kapitalista basatiaren zentro nagusi Bizkaian. Baina ez zuen horrek ilundu Gernikaren nortasun marka, eta XX. mendean berriz ere berau dugu euskalduntasunaren erreferentzia nagusia. Izan ere, bigarren Errepublika espainiarrak horretarako aukera eskaini zuenean, Gernika bihurtu zen Hego Euskal Herrian sortutako lehen euskal gobernuaren jaiotetxe. Egia da egoera berezian gertatu zela jaiotza hau, Nafarroako jauntxoen jukutriekin herrialdea Gobernu horretatik urrundu zutelako, eta jadanik Franco, Mola eta abarrek Estatu kolpea emana , Euskal Herria modu hilgarrian erasotzeko kanpaina ordurako abian jarria zutelako.
Jose Antonio Agirre lehendakariak Gernika aukeratu zuen 1936 hartako urrian lehen euskal Gobernu haren osaketarako, eta koalizio Gobernu zabala eratu zuen, orduan ziren familia politiko abertzale, errepublika zale, sozialista eta komunista guztietako ordezkariak bilduz.
Hipotesia da, baina uste dut gertakari historiko handi honek eraman zituela Franco eta Mola matxinatu faxistek Gernika modu hain basati, hilgarri eta sistematikoan suntsitzeko erabakira. Kontua da, Agirreren Gobernua Gernikan osatu eta sei hilabete eskasera, 1937 hartako apirilaren 26an burutu zutela Gernikaren bonbardaketa sistematikoa, horretarako garaian ziren gerra makina hilgarrienak erabiliz: hegazkin alemaniar eta italiarrak, Hitlerrek eta Mussolinik haien zerbitzura jarriak. Horrela bihurtu zuten Gernika hiri martiri.
Historia unibertsalean ezagutu den manipulaziorik handienetakoa pairatu zuen orduan Gernikak, hiria suntsitu zuten berek bonbardaketa izugarria ukatu eta Gernika suntsitzea bertako biztanleei eta «gudari gorri-separatistei» lotsarik gabe leporatu zietenean. Kazetariak, politikariak, historialariak, bitarteko guztiak erabili zituzten, diruz eta indarrez, gezur mingarri hau urteetan mantendu ahal izateko. Picassoren koadroak, George Steer bezalako nazioarteko kazetari zintzo askoren lanak, Herbert R. Southwort moduko historialari kontzienteen ikerketek, baita euskaldunon salaketa biziek irauli zuten gezur handia eta egia jakitera eman mundu osoari.
Ez modu errazean. Franco Gobernuan ezarri eta segidan hartu zion kargu Gernikari, azkar ezkutatu zituen bertan eraildakoak eta hiria errejimen frankistari esker birsortu zela agertu zuen. Aurkitu zuen Gernikan bertan morroi zerbitzaririk, diamantezko domina eta seme kutunaren titulua eskaini baitzioten Gernika berrituko udal frankista hartatik.
Baina Gernikaren mendeetako sinbologia indartsua ezin zuen frankismoak betirako estali, eta laster bihurtu zen Franco bera kili-kolon jartzeko besteko indarra. Orduan beste modu batez sinboloa domeinatzen saiatu zen Estatu espainiarra, eta Espainiako errege borboia izango zena bidali zuten Gernikako arbola azpira, trantsizioa deitu duten erregimen zaharberritua finkatu nahian. Neurriko erantzuna jaso zuen orduan, eta ordutik nahiago izan du Afrika maiz bisitatu hemendik hurbildu baino.
Bake abstraktuaren sinbolo, trantsizioko Estatu espainiar horren neurrira egindako autonomi estatutu baten kokagune, edo baita PP-PSOE koalizio gobernu bitxiaren sor gune bezala erabilia izan da Gernika azken urteotan. Ezin izan dute sinboloaren indarra ezabatu. Indarrez dator Gernika, Independentziaren aldeko Aberri Eguna eta Gernikako Akordioa azken urteotan erditu ondoren, 2012 honetaraino. Gaur bertan, larunbatez, Hemen gaude ikuskizun sinboliko berezia aurkeztuko da bertako Jai Alai Frontoian, ordu berean Donostian Gazta Zati Bat aurkeztu eta Autodeterminazio eskubidea zabaltzea eskatzen den bitartean. Gernika eta Euskal Herrira badatoz mundu berrira.
Gernika 2012
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu