Karmelo Landa

Gerediaga, Goenaga eta eragileen alde

2013ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Krisi larria da Gerediagaren eta Durangoko Azokaren inguruan agertu dena. Hazkunde krisia delakoan nago, baina ez badugu guztion artean ondo bideratzen, Azokaren 48. edizioa arriskuan ipin dezakeena, zalantzarik gabe. Kezka horrek bultzatuta nator, berandu baino lehen, konponbiderako proposamena egitera, alde guztiei zuzendua.

Durangoko Azoka bera aztergai dugu UPV/EHUko ikertalde batek, eta metodologia zehatzez ikertu ditugu azken 3 edizioak , Azoka euskal kulturak behar duensistema globalaren aurrekaria den hipotesian.Iragan abenduko 47. edizioa arakatu dugunean, gure hipotesi horren aldeko hainbat eta hainbat froga berri bildu ditugu. Ezin naiz, artikulu honen neurri laburrean, emaitzok zehaztasunez eskaintzen aritu, baina gaiak Euskal Kulturaren eremuan duen garrantziaz jabetzeko, sintesi hau ezinbestekoa dela uste dut:

Sortzaileen auto-antolaketa izan da Durangoko 47. Azoka honen ezaugarri bikaina. Auzolanean aritu eta sare berezia antolatu dute Azokan bertan, hartzaileekiko harremana aberastuz eta erraztuz. Ahotsenean, Irudienean, K@bia, Szenatokia, Saguganbara, Plateruena… horren adibide berrituak. Sortzaileen auto-antolaketatik sortu den saretze hori Azoka barruko instituzio bihurtu da, Azokaren beraren antolaketan eta aurkezpen publikoan partaide bihurtu baitira. Horretarako beharrezko diren «koordinazioa, auzolana eta elkartzea» ekarri dituzte ondorioetara.

Gerediaga, praktikan, «instituzioen Instituzioa» bihurtu da 47. Azoka honetan. Azokaren baitan bildu baititu, bai instituzio zein erakunde diruz babesleak, baita sortzaileen iniziatibatik sortutako sareak. Nazio mailako izaera baieztatu du Durangoko Azokak aurten.

Berebiziko garrantzia hartu du Durangoko Azokak hartzaile edo bisitarien imaginario kolektiboan. Habituskategoria soziologikoan koka daiteke, honenbestez.

Euskal Literatura eta Kultur Sistema osoaren bidean,fusio esperientzia interesgarriak agertu dira aurtengo 47. Azokan: goian aipatu den Instituzio desberdinen arteko fusioa, batetik, Gerediaga+Erakunde babesleak+ Sortzaileen instituzio saretuak. Euskalgintza mugimendu orokorreko korronte desberdinen arteko fusio «ideologikoa» bestetik. Aipagarria da ahalegin horretan Aiert Goenaga zuzendari berriak eta kultur eragile saretu berriek jokatu duten zeregin bikaina.

Euskal Kulturgintzan gertatu ohi den bezala, habitus ondo sustraituak sortu du Durangoko Azoka den habitat hau. Gerediaga Elkarteak jarri du sustrai hori urte luzeetan, landareak gaur Euskal Kulturan hartu duen neurria lortu arte. Gaurtik aurrera, aldiz, ezingo lioke Gerediagak berak bakarrik ekin Azokaren antolaketari, eta ez dago horren beharrik, gainera. Une honetako krisia ondo bideratzea ezinbestekoa da guztiontzat: bildu zaitezte Gerediaga Elkartea, Aiert Goenaga 47. edizioaren zuzendaria eta kultur eragile saretu guztiak eta 48. edizio berriaren antolaketa kontratua sinatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.