Fisikaria

Genozidioa gelditzeko, zigorrak ezarri

Jon Basabe Barañano
2024ko uztailaren 4a
05:00
Entzun

Sionismoa muturreko kolonialismoa da, Palestinako jatorrizko biztanleak munduko beste lekuetatik etorritako juduez ordezkatuz estatu judua sortzea du helburu.

Gerra Garaian Zibilak Babesteko Genevako Hitzarmenak debekatu egiten du herrialde okupatuetako pertsonak kanporatzea eta bertakoen ondareak bereganatzea. Palestinar errefuxiatuei herrira itzuli eta beren lurrak, etxeak... berreskuratzen, ordea, ez die utziko Israelek, horretara behartua ez bada. Palestinako erresistentzia armatua ez da horretara behartzeko bezain indartsua, eta Nazioarteko Komunitateak ez dio arma sofistikaturik emango herri palestinarrari, eta Israelen aurka ere ez du militarki esku hartuko.

Estatu genoziden aurkako zigor ekonomikoak eta politikoak ezartzera derrigortzen gaitu Genozidio Delitua Prebenitzeko eta Zigortzeko Konbentzioak. Zurien supremazismo garaian Hegoafrikaren aurka ezarri ziren zigorrek lagundu zuten apartheid-a desagerrarazten. Zigorrak ezartzeak lagunduko luke Israelen egungo sarraskia geldiarazten eta gerora 5,9 milioi errefuxiatuak beren etxeetara itzultzen; eta lagunduko luke, era berean, Giza Eskubideen Gutunaren aurka doazen Israelen «arraza», erlijio, etnia eta hizkuntza segregazio legeak indargabetzen. Hori dena lortuta, palestinarrak eta israeldarrak bakean bizi ahal izango lirateke estatu akonfesional bakarrean, Jordan ibaitik itsasoraino, denak eskubide berdinez.

Israelgo ekonomia EBrekin eta AEBekin dituen harreman pribilegiatuen menpe dago. EBk Israelekin duen Elkartze Akordioa haustea bereziki garrantzitsua da, muga-zergak ekarriko lituzkeelako eta horrek Israelgo ekonomiari xake egin eta negoziatzera behartuko lukeelako.

Hego Euskal Herria bereziki solidarioa da Palestinarekin. Jerusalem eta «legez kanpoko koloniak» lotzen dituen tranbia eraikitzen ari den CAFek lanak bertan behera uztea garrantzitsua da. Sektoreko Mendebaldeko enpresa nagusiek (Siemens, Alsthon, Bombardier, Macquarie...) jadanik uko egin zioten proiektu horretan parte hartzeari.

Israelekin konplize diren konpainien produktuei boikota egin diezaiekegu. Baina zigorrak agintzen dituzten legeak ezartzea izango litzateke neurririk eraginkorrena, horren bidez enpresek eta erakundeek Israelekiko harremanak moztuko balituzkete.

EH Bilduk, Sumarrek eta Ahal Duguk otsailaren 28an Kongresuan neurri hauexek zekartzan mozioaren aldeko boza eman zuten:

  1. Nazioarteko Zigor Gorteko Fiskaltzak Gazan eta Zisjordanian egindako krimenak ikertzeko laguntza ematea.
  2. Israeli arma-blokeoa ezartzea.
  3. EB-Israel Elkartze Akordioa bertan behera uztea.
  4. Israelekiko harreman diplomatikoak etetea.

Ba hiru alderdi horiei proposatzen diet lau puntu horiek udalbatzetan, batzar nagusietan eta parlamentuetan mozio bateratuan aurkeztea (bide batez, PSOEk eta EAJk ere puntu horietakoren bat babestu zuten).

Udal txiki nahiz handietan edota parlamenturen batean, mozio hori osorik nahiz zati batean onartzen den bakoitzean, bizi-ufada bat izango da Palestinan, eta Israelen ankerkeriari eta Europako Batasunaren pasibotasunari zaplaztekoa.

Gazako sarraskiak eta Ukrainako gerraren gorakadak mundu mailako guda ekar dezakete. Gizatasunagatik ez ezik, geure eta belaunaldi berrien segurtasunagatik ere mugi gaitezen!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.