Genetika biologiaren baitan sortutako ikerketa adarra da eta izaki bizidunengan dagoen aldakortasun eta herentziak aztertzen ditu, geneen bidez. Genetikan hainbat ikerketa lerro dago, adibidez, ADN mitokondriala, edo amaren bidez transmititzen diren leinuen ikerketa.
Europan gero eta azterketa gehiago egiten ari da alor honetan, besteak beste, orain dela 15.000 urte azken glaziazioa amaitu ahala, Europa nola populatu zen jakiteko. Azterketa hauen bidez Euskal Herriari buruz informazio oso interesgarriak sortzen ari dira eta, gure ustean, horiexek ezagutzea ezinbestekoa da gure herriaren historia hobeto ulertzeko. Horretarako, Euskararen Jatorriaren 6. Biltzarrak genetika izango du hizpide, Europako eta hemengo genetisten eskutik.
Genetika arloan egindako azterketa hauek, Joxemiel Barandiaranek abian jarri zuen teoria indartzen ari dira: euskal populazioa, gutxienez, 8.500 urtez bizi izan da euskal lurraldean. Teoria hau behin betiko baieztatuz gero, euskararen jatorrirako oinarri ezin hobea izango dugu, paleolito garaian, euskara izan ote zen eztabaidatzen hasteko.
Genetika arloan ospe handia duen Stephen Oppenheimer izango da Garesen parte hartuko duen hizlarietako bat. Oxford-eko Unibertsitateko irakasle honek, Britainia Handia eta Irlandako 10.000 biztanleen ADN probak aztertu ondoren, honako ondorioa atera du: Britainia Handiko biztanleen osagai genetikoen %90a iberiar penintsularen iparraldetik datorrela, Euskal Herritik bereziki. Informazio guzti hori The Origins of the British liburuan azaldu zuen eta liburuaren hasierako mapa ezin interesgarriagoa da: penintsulatik Bretainia Handirako gezi nagusiak Euskal Herria du abiapuntua.
Esan beharra dago, Oppenheimerrek bere teoria azaldu arte, indarrean egon den teoria hauxe izan dela: britainiarrak zibilizazio germaniar handi batetik sortutako zelta herriaren ondorengoak direla. Nahiz eta teoria hori maila guztietan zabalduta egon, hango unibertsitateetan barne, eta nahiz eta britainiarrek iberiar penintsulari buruz iritzi oso ona ez izan (PIGS famatu hori) Oppenheimerrek, zientzia gauza guztien aurretik jarriz, ez zuen zalantzarik izan bere ikerketek emandako ondorioak gizarteari zabaltzeko. Eta britainiarrek, aurreiritziekin jokatu beharrean, bere teoria berriari ate guztiak zabaldu zizkioten.
Oppenheimerren liburua 2005 eta 2006 bere herrialdean best seller izateaz gain, bere tesia britainiar guztiengana heldu zen irrati, telebista eta prentsaren bidez. Harrigarria bada ere, ikerketa argitaratu eta 5 urte luze pasatu ondoren Oppenheimer ez da inoiz Euskal Herrira hitzaldi bat emateko gonbidatua izan, orain arte. Oxford-eko genetistak, ADN frogekin, azaldu du azken glaziazioan Europa gehiena izotzez estalita egon zenean, gizakia desagertu zela ia Garonatik iparraldera. Garai hartan bizitzeko leku bakarrenetakoak Europan Iberiar Penintsula-Akitania ingurunea zen, Ukrania-Balkanekin batera. Eta bi leku horietatik abiatu zirela Bretainia Handia eta Irlanda populatu zuten biztanleak. Oppenheimerren tesi honek Municheko Unibertsitateko Theo Vennemann-en teoria indartzen du, eta Theok euskararen eta hizkuntza germanikoen artean proposatzen dituen harremanei azalpen logikoa ematen die.
Baina 6. Biltzarrean genetika lan oso interesgarriak egin dituzten genetista gehiago izango ditugu hizlari. EHUko ADN bankuko Biomics enpresako Marian Martinez de Pancorbok eta Sergio Cardosok arlo honetan egin dituzten lanen berri emango digute, zehazki, kantauri isurialdeko giza leinuek Europako mapa genetikoan duten garrantzia.
Gaur egungo laginak aztertuta eta Europako beste hainbat giza populazioren inguruko datuekin alderatuta, ondorio nagusi eta argia atera dute Marian eta Sergiok: duela 15.000-20.000 urte hemengo aterpera heldu ziren gizakiek garatu zituzten ezaugarri genetikoak, neurri batean, egungo gizakien DNAn islatzen direla.
Horrela DNA mitokondrialaren aldakortasuna aztertuz, babesleku franko-kantauriarreko populazioek glaziazio osteko Europaren birpopulaketan izan zuten inplikazioa nabaria dela aipatzen dute: «Babesleku franko-kantauriarra Frantziako hego-mendebaldean hasi eta Kantauri isurialdearen ekialderaino zabalduko litzateke. Kokapen hori, azken glaziazioan Europa iparraldetik klima-egoera gogorrarengatik hegoalderantz migratu zuten giza taldeen babesleku garrantzitsuena da».
Neurri handi batean, Stephen Oppenheimerren lanarekin bat egiten du Marian eta Sergiok egindako azterketek. Horrela populazio horiek glaziazio osteko Europaren birpopulaketan izan zuten papera gero eta argiago dagoela dirudi, H1 eta V leinuek birpopulaketa-prozesuaren markatzaile genetiko gisa duten garrantziagatik eta J1c, U5b eta T2b leinuak aintzat hartzea proposatuz.
Genetika arloan lan mardula egin duen Antonio Arnaiz ere izango dugu hizlari maiatzaren 7an. Arnaiz 9 urtez Bretainia Handian egin zituen ikasketak eta orain Complutenseko irakaslea da, Biologian eta Medikuntzan lizentziatua ondoren. 340 artikulu idatzi ditu, gehienak nazioarteko aldizkarietan, immunologia, genetika eta hizkuntzalaritzari buruz. Aurreko hizlariek bezala, ADN azterketa esanguratsuak egin ditu Antoniok estatuan zein atzerrian. Antoniok genetika lanak hizkuntzalaritza lanekin uztartu ditu eta guztira, 9 liburu argitaratuak ditu.
Antoniorentzat, AND azterketetan oinarritua, herri mediterraniarren artean, iberiar eta euskaldunak barne, lotura oso estuak egon direla azaltzen du eta hizkuntzetan horien arrasto batzuk gaur egun mantentzen direla desagertu ez diren herrietan (hizkuntza dene-kaukasiarrak). Egin dituen azterketa genetikoen artean honako herri hauetakoak ditugu: Euskal Herria (Arratia), Kantabria (Pasiegoak eta Cabuernigoak), Palestina, Argelia eta herri amerindiarrak (mayak, ketxuak, aimarak…).
Genetikak Euskal Herriaren historia eta euskara hobeto ulertzeko, orain 50 urte pentsaezina zitekeen informazio interesgarriak eman ditzake. Informazio horiekin Joxemiel Barandiaranek euskaldunon iraupenari buruzko edo Estornes Lasak euskal-akitaniar zibilizazioari buruzko teoriak froga daitezkeela pentsatzea zirraragarria izateaz gain, euskararen jatorriari ate berriak zabalduko dizkiotela ziur gaude.
Genetika eta euskararen jatorria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu