Genero indarkeriaren aurkako borroka erdi beteta

2016ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Emakumeen aurkako indarkeria larritu denaren pertzepzioa zabala da gizartean. Hildakoen kopuruak ez du behera egiten; horri aurre egiteko ditugun zerbitzu publikoak ez dira gai emakumeak behar bezala artatzeko, eta gero eta gehiago dira ezagutzen ditugun kasuak. Etsipena bereziki nabaria da Genero Indarkeriaren Aurkako Lege Integralaren aurrean, hamabi urteren ondoren ez baititugu emaitza argiak hautematen, eta bere garaian eragin zuen itxaropena poliki-poliki galduz joan da.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan arazo honen inguruko azken datu eguneratuak joandako egunean ezagutu genituen, Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktima diren Emakumeentzako Zerbitzu Espezializatuak hamar urte bete zituenean. Zerbitzu horri esker, eguneko 24 orduetan urteko 365 egunetan, indarkeria jasaten duten emakumeek, bere ingurukoek edota aholkua behar duten profesionalek erantzun espezializatua jaso dezakete 900 840 111 telefono zenbakian. Zerbitzuaren arduradunek adierazi zuten moduan, jasotako dei kopurua bikoiztu egin da telefonoa martxan jarri zenetik, etaigoera bereziki nabarmena izan da azken urteotan. Eskaini zuten prentsaurrekoan argi geratu zen datu horiek aztertzeko gizarteak gai honen inguruan garatu duen sentsibilizazioa eta egoera horiek identifikatzeko gaitasuna duten garrantzia. Hala ere, Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren hitzetan, agerian geratzen zen hasieran azpimarratutako frustrazio hori, emakumeen aurkako indarkeria, «tamalez, gora egiten ari dela» adierazi zuenean. Hona hemen gakoa: ez al genuen espero gora egitea?

Delituen inguruan ari garenean, eta bereziki emakumeen aurkako indarkeria delituetan, garrantzitsua da nabarmentzea delituen eta horiek eragiten dituzten salaketen artean ez dagoela normalean harreman zuzenik. Salaketak zerikusi handiagoa du instituzioetan dugun konfiantzarekin, salatzea merezi duela pentsatzearekin, edo gizarteak biktima gisa ematen digun onarpenarekin, besteak beste. Horiek horrela, ez da harritzekoa Lege Integrala ezarri zenetik instituzio publikoek eta komunikabideek bideratu duten sentsibilizazio kanpaina sakonak salaketa kopuruak gorantz eragin izana. Gobernuaren eta gizartearen aldetik zenbat eta ardura handiagoa, orduan eta salaketa gehiago. Arazoa gertutik bizi duten pertsonen kontzientzia argiagoa izan ahala, orduan eta salaketa ugariago. Horrela izan ez balitz, hemen genuke Lege eta Zerbitzu honen porrotik kezkagarriena.

Beraz, ezkutuan bizi ziren kasuak kaleratzea lortu izana ezinbesteko aurrerakuntza izan da, eta, printzipioz, datu positibotzat hartu beharko genuke delitu hauen salaketen igoera. Baina, non dago muga? Nola jakin salaketa hauek lehen agerian ez zeuden kasuak diren edo benetan gaur egun gure gizartean genero indarkeria kasu gehiago ematen ari diren? Oso zaila dugu fenomeno larri honen benetako dimentsioa zein den ezagutzea, oraindik salatzen ez diren kasuak gehiengoa diren bitartean. Are gutxiago dakigu iraganari buruz, estatistika iturri fidagarririk ez dugu eta. Badira pentsatzen dutenak gizarteak azkeneko hamarkadetan jasan dituen aldaketen ondorioz emakumeen aurkako indarkeria kasuak larritu egin direla, matxismoak atzera egin ordez gogortu egin dela azpimarratzen dutela gainera. Honen harira, beste aditu batzuek argudiatzen dute iraganeko gizarte tradizionalean genero ereduen antolakuntza zorrotzagoa zela, eta, ondorioz, emakumea kontrolatzeko ez zen indarkeriaren horrenbesteko erabilpena behar; gaur, aldiz, diote emakume eta gizonen paper soziala hankaz gora jarri denean baliabide nagusiagoa bihurtu dela. Askok berriz ez dute argi arazoa zabaldu den ala ez, baina arreta berezia ipintzen diote matxismoak gizarteen aldaketetara egokitzeko duen gaitasun miresgarriari esker hartzen dituen forma berriei.

Laburbilduz, ezin dugu indarkeria kasu gehiago ematen ari diren ala ez ziurtasunez jakin. Jakina, salaketa igoera datu ontzat har daitekeela adierazteak ez du esan nahi Lege Integrala kritikatu ezin dugunik, edota behar bezala funtzionatu dezan falta zaizkion baliabideak aldarrikatu behar ez ditugunik. Honen inguruan asko dago hobetzeko, lan handia dugu aurretik instituzio publikoei gehiago egin dezaten exijitzeko eta, orokorrean, gizartea eraldatzen jarraitzeko. Baina orain arte zer lortu den begi bistatik ez genuke galdu behar. Belaunaldiak beharko ditugu segur aski eraildako emakumeen estatistikak nabarmenki jaistearen helburua betetzeko. Izan ere, sustrai sozialak dituen arazo bati gehienbat neurri polizialekin aurre egiteak bere mugak dituela onartu beharko dugu.

Lege Integrala ez da eraildako emakumeei laguntzeko gai izan, noski, baina aldi berean pentsa dezagun zenbat diren lege honi esker aurrera atera direnak. Genero indarkeriaren aurkako neurrien eraginkortasuna ebaluatzen dugunean, gogora ditzagun ere egoera horietatik irten eta indarkeriarik gabe bizi diren emakumeak, neurri horiei esker behar zuten laguntza jaso zutenak. Milaka dira. Atzera begiratu eta lortutakoari merezi duen balioa ematea garrantzitsua da, borroka honen erdia egin dugula antzeman eta indar berrituta bidea berriz hartzeko bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.