Aurten, emakumeen heriotzen gorakada beldurgarriak, genero indarkeria deritzogun horren ondoriozkoak, demokraziaren oinarriak ahultzen dituen gizartearen gaitz gorrotagarri horren kontrako borrokan modu batean edo bestean inplikatuak dauden erakunde guztien alarmak piztu behar ditu. Horrez gain, modu saihestezinean, pertsonen eskubideak babesten dituen erakunde honi ere nahitaezko hausnarketa eragin dio; gure gizarte garaikideetako laztura hori errotik kentzeko abian jarri diren neurrien eraginkortasunaren inguruko hausnarketa, alegia.
Ideologia-prebentzioa da, hasteko, arazoa disolbatzeko eta, ondoren, arazoa ezabatzeko modu bakarra. Arazoa hauxe da: emakume batek soilik emakumea izategatik duen arrisku potentziala, hau da, edozein pertsonak soilik neska jaiotzeagatik izan dezakeena. Emakumeak, euren sexua dela-eta, hiltzera bultzatzen duten jarreren jatorria ideologia matxista dela esatea beharbada errepikakorra da, baina beharrezkoa ere bai. Denok egiten dugu bat hipotesi horren inguruan: politikarekin edo edozein erakunderekin erlazionatutako ardura duen edonork ez luke hori ezeztatuko. Ideologia sexistaren eta emakumeen kontrako indarkeriaren arteko lotura zuzena onartzearen lehenengo ondorioa da edozein sexismo adierazpenen aurrean gizarte tolerantziarik ez erakustea. Hala etaguztiz ere, gaur egun, gure inguruan, Euskadin, gizarteak eta erakundeek ez bada bermatzen gutxienez onartzen dituzten emakumeenganako adierazpen sexistak daude, bai eta diskriminatzaileak ere.
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra galarazten duten oztopoak kentzera zuzenduta dauden ekimen publiko asko daude. Horietako batzuk, hezkuntzaren arloan, espresuki ideologia sexista errotik kentzea sustatzera bideratuta daude. Izan ere, hori da oraindik ere gaur egun gure gizartean matxismoa elikatzen duen oinarri ideologikoa aldatzeko behar dena. Baina, zoritxarrez, sexismoaren adierazpen bakar bat onartuz gero, erakundeen eta, beraz, kolektibo oso baten ahalegin goraipagarriaren sendotasuna kolokan jartzen da. Hortaz, mesedez, horren gaineko benetako gogoeta egin dezagun. Ideologia matxista aldatzeko, botere publikoek gizarteari argi eta garbi hitz egin behar diote; kontraesankorrak eta anbiguoak diren mezuek matxismoaren jarrera fundamentalistak indartu besterik ez dituzte egiten.
Bestalde, nahitaezkoa da indarkeria pairatzen eta jakinarazten dutenei erakundeek ematen dizkieten erantzunen panoplia ikaragarria etengabe ebaluatzea. Erakundeak horren inguruan oso kontzientziatuta daude eta, hori dela eta, helburu hori lortzeko tresnak antolatu dira. Edonola ere, indarkeriaren biktima izan diren eta bizirik jarraitzen duten emakume horiekin zer gertatzen den galdetu beharko genioke geure buruari. Nola bizi ote dira? Nola sentitzen ote dira eskaintzeko gai ez garen gizartearen eta erakundeen laguntza horri dagokionez? Hori ebaluatzeko neurrien hartzaileak direnei galdetzea beharrezkoa da. Erakunde honetara heltzen diren zenbait kexak agerian jartzen dute emakume horietako askok oraindik ere sekulakoak pairatzen dituztela. Oinazealdi horren ondorioz, kasu batzuetan, erakundeen erantzunaren aurrean etsipena adierazten dute. Izan ere, ez diete ezer eskaintzen edo euren arazoentzako egokiak diren irtenbideekin ez dute behar bezala asmatzen. Halaber, noizbait aitortu dute salatu izanaz damutzen direla, horrek ez baitie eman autonomia eskaintzen dien bizitza hasteko aukerarik, ezta biktimizazioaren ingurunetik ateratzeko aukerarik ere. Zenbait arrazoi direla-eta (askotan formalak) emakume horietako askok ez dituzte betetzen prestazio jakin batzuen onuradunak izateko aukera ematen dieten baldintzak eta, ondorioz, amaierarik gabeko bide luzeak egin behar izaten dituzte laguntza horren bila. Hala ere, ez dute behar dutena aurkitzen. Kasu batzuetan hala gertatzen da, ez guztietan, baina agerian jarri behar da hain esparru sentikorrean erantzun bereizia emateko premia. Esparru horretan, jokoan emakumeen osotasunfisiko eta morala baitago, hain zuen.
Jorratu beharreko beste alderdi bat: emakume etorkinen aurkako indarkeria nola gelditu. Kulturari eta ideologiari dagokienez, gure gizartea ez da homogeneoa. Izan ere, hainbat testuingurutan sexismoa kulturan zabalduago dago, hala nola ideologia matxista gizartean nagusiagoa den herrialdeetatik datozen pertsonen artean. Genero indarkeriaren estatistiken arabera, biktima moduan, emakumezko etorkinak nagusitzen dira. Egiaztapen horren ondorioz, arreta berezia eman behar da prebentzioaren esparruan eta emakume horiei babes gehiago eman behar zaie. Izan ere, hizpide ditugun emakume horiek, gainera, bere-ziki ahulak dira, euren egoera sozioekonomikoak aintzat hartuta.
Horrez gain, genero indarkeriak tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeen seme-alabengan dituzten ondorioengatik kezkatuta gaude, askotan indarkeria mota horren bigarren mailako edo zuzeneko biktima gisa agertzen baitira. Horregatik, familia barruko indarkeria testuinguruetan adingabeak babesik gabe gera ez daitezen prebenitu behar da, baita arazo horri espresuki erantzuna emango dioten neurriak artikulatu ere.
Ildo horretan, botere publikoek genero indarkeriaren aurkako borrokaren buru izan behar dute, zalantzarik gabe. Halaber, gizarteak adierazpen oro dudarik gabe gaitzesten duela irmotasun osoz adierazi behar du, ez bakarrik indarkeriaren ingurukoak—haren dimentsio guztietan—, baita matxismoaren ingurukoak ere. Izan ere, ez dugu ahaztu behar matxismoa hainbat modutan gauza daitekeela: batzuk bistakoak dira, hala nola emakumeak mespretxatzea edo bereiztea; beste batzuk ez dira hain agerikoak, hala nola sexuen arabera estereotipatutako egitekoak esleitzea; eta beste batzuk are burutsuagoak; adibidez, neskatilak eta emakumeak ikusezin bihurtzea edo bigarren mailako funtzioak egin ditzaten baztertzea, erabakitzeko edozein ahalmenetatik salbuetsita —bizitzaren zenbait alderditan—.
Guztiok pentsa dezakegu horretan. Egin dezagun gaur ahalegin hori.
EAEko Arartekoa. Iñigo Lamarka
Genero indarkeria, zer egin daiteke?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu