Arriskua beti da etorkizunari buruzko begirada jakina, biharrari buruz dugun sinesmen gaurkotua. Gizakiaren oinarrizko beharretako bat omen da etorkizunean zer gertatuko den jakin nahi izatea, psikologiak diosku geure berezko bulkadetako bat dela datorrenari buruzko jakin-mina. Apaizak eta mitologo ezberdinak izan ditugu mendeetan zehar behar psikiko hori asetzen, eta gaur zientzia modernoak betetzen ditu funtzio horiek.
XX. mendea izan da arriskuaren kalkulu probabilistikoak gizartearen jardun ezberdinen luze-zabalean hedatu den une historikoa. Aseguruak, inbertsio operazioak, epidemiologia, medikuntza orokorra, ingurugiroaren kudeaketa... arriskuaren kalkulua geure gizarteen egiteko moduetan errotu da, gauzak ondo eta zuhurtziaz egiteko era bezala gailendu. Zein dira, ordea, arriskuak sortzeko ditugun mekanismo sozialak? Zerk egiten du posible COVID-19a gizateriaren mehatxu zuzena izatea eta larrialdi klimatikoa bigarren mailako arazo kudeagarri bat? Zergatik ahaztu zaigu Zaldibar horren azkar?
Arriskua sortzeko mekanismoetan arreta jartzea oso zaigu interesgarri une hauetan. Arriskua zerbait bada, oraindik etortzeke dagoenari buruzko azalpen zehatza da. Bestela esanda, arriskua, batez ere eta beste ezeren aurretik, ekintza komunikatiboa da, testuinguru kultural eta historiko jakinean gertatzen den komunikazio ekintza. Esaterako, 2009. urtean H1N1 birusak (beste tipologia batzuk ere bazituen arren, hori zen kapa nagusia) munduko erakundeak alerta egoeran jarri zituen. Osasunaren Munduko Erakundeak pandemiaren etorrera iragarri zuen eta gobernuek iritzi publikoa berotzeari ekin zioten, pandemiaren etorrerarako prestatzearekin batera, milioika txertoren erosketarekin. Azkenerako, ez zen pandemiarik gertatu eta milioika txerto almazenean gorde behar izan zituzten gobernuek, egin zuten arriskuaren gehiegizko erabilera agerian jarriz.
Bada, bi elementu ezberdin bereiztea dagokigu osasun larrialdiko uneotan. Batetik, birusak duen eragin erreala dago, bere heriotza-tasa, biztanleria zaurgarrienean duen agresibitatea edo kutsatze maila altua. Beste kontu bat da, ordea, arrisku horiek masiboki komunikatzeko gailentzen den modua, zein mekanismo sozial, botere harreman eta abar aktibatzen diren. Erakundeek, masa-komunikabideek, zientzialariek eta iritzi publikoak dauden ebidentziak nola kudeatzen dituzten eta paniko, histeria zein angustia kolektiboko prozesuak nola abiarazten diren detektatzea da gaur egin beharko genukeen ariketetako bat.
Geure buruari egin beharko geniokeen galdera da ea erakundeetan mesfidantza tasa altuenak dauden garaiotan zergatik ari diren herritarrak nahiko zintzo betetzen konfinamenduaren agindua. Inor gutxi jarri da modelo matematiko baten aurrean eta hortik atera den emaitza sinetsi, geure gorputzean ere gehienok ez dugu sentitu COVID-19a. Zegatik sentitu dugu orduan geure jendartea arriskuan?Bada, Ulrich Beck soziologoak teorizatu zuen bezala, arriskuaren gizarteek zerikusi gutxi dute praktika zientifiko edo teknologikoaren ondorioekin, fenomeno erabat kulturala da, komunikazioaren eta irudikapen sozialen bidez eraikia.
Badago Hitchcocken suspense filmekin alderaketa egiterik. Istorio horietan, hiltzailea hurbiltzen da biktimarengana, pixkanaka igotzen da tentsioa, ahots-tonuarekin, musikarekin, keinuekin eta abar mehatxuaren in crescendo moduko bat gertatzen da. Kontaketaren bidez beldurra sortzea da helburu hain justu, eskema narratibo zehatz bat erabiliz, mehatxuaren gertutasuna ezaugarritzat duena. Beldurra mugiarazi gura da, kontzientziaren azpikorronteetatik azaleratu dadin.
Bada, COVID-19aren kudeaketa komunikatiboak asko du arriskuaren eta beldur-sorkuntzaren arteko muga fina gainditzetik, arriskua beldurrarekin salgarriagoa baita beldurrik gabe baino. Are gehiago oldarraldi neoliberalak eragindako ondoez eta kezka soziala eskuin muturrak bereganatu gura duen nazioarteko testuinguru politikoan, beldurra dute hornigai nagusi. Panikoa sortzeko mekanismo guztiak aktibatzen direnean, gizarteak askoz esanekoagoak bihurtzen dira, erakunde zentralei legitimotasun handiagoa aitortzen zaie, aginduak zorrotzago betetzen dira eta autoritarismoak lur ongarritua du loratzeko. Izaera obedienteagoak nagusitzen dira gizartean, gizarte psikologiak aspaldi erakutsi zigun hori. Are, balkoietako salatarien moduko fenomenoak agertzeko aukerak biderkatzen dira, komunitarismoak azal dezakeen aurpegirik errepresiboenetakoa erakutsiz. Militarrak kalean txalotzea, autogobernuaren suntsipen praktikoa besterik gabe onartzea edo balkoietako jokabide sasifaxistak normaltasunez zabaltzea gizartean dauden antsietate eta beldur maila altuen erakusgarri dira.
Geure gizarteen metabolismo azkarrak klima aldaketarekin eragingo dituen efektu katastrofikoak ere ebidentzia zientifiko dira. Ikerketak badaude nonahi, modelo matematiko sofistikatuez eta behin eta berriz betetzen ari diren patroiez ondo hornituak. Ordea, ez da arriskuaren eraikuntzarako mekanismo sozial eta kulturalik aktibatu, edo behintzat askoz ere neurri baxuagoan. Ez da beldur kolektiboko egoerarik bilatzen, ez bedi turbokapitalismoa masa-kontsumoa moduko erregai barik geratu.
Garbi dago osasun larrialdia oso serio hartzekoa dela, gizartearen errutinak apurtu dituela eta birus txikiak zalantzan jarri dituela gizakiaren jainko ahalguztidun bilakatzeko asmoak. Ikusi beharko da kolapso sistemikoaren ertz mingarrienak ekiditeko ere arrisku eta beldur mekanismoen erabilera berdina egiten den, hor bai egon daitezke eta supermerkatu hutsak, hornikuntza arazo larriak eta distopia krudelagoak martxan.
Gelditu makinak, beldurra dator
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu