Txema Ramirez de la Psicina
Kazetaria eta ikertzailea

Gelatina laranjaren dardarak

2025eko apirilaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gizon laranjak 83 egun daramatza Etxe Zurian. Eternitatea dirudi. «Lasai egon; itxaron egin behar da», zioten hasieran adituek. Urtarrilaren 20a baino lehen zen hori. U-21az geroztik gauzak aldatu dira. Itxaropenak ziurgabetasunari eman dio bide. Ziurgabetasunak, sinesgaiztasunari. Eta sinesgaiztasunak, alarma gorriari. Aurrekaririk gabeko atzeraldi ekonomiko baten aurrean gaudela dirudi.

Gertatutakoa, nolabait, iragarrita zegoen, baina, hala ere, galderak trumilka datoz: erotu egin da ala erotuta zegoen?, zerk bultzatu du gizon laranja egiten ari dena egitera: eromenak, mendekuak?, protekzionismo itsuak?, diru goseak?, fama irabazi nahiak?, ala ondorengo belaunaldientzat «aberri zauritua salbatu zuen gizona» bezala geratu nahi izateak? Denetik pixka bat, akaso? Galdera sorta horri lotuta, beste batzuk: noiz arte jarraituko du nahaspila honek? zeintzuk izango dira ondorioak? Eta inkogniten atala amaitze aldera, gako itauna: zer egin daiteke egoera honi buelta emateko?

Esanetik egitera

Kanpainan Donald Trumpen bandera nagusietako bat iragarritako deportazio masiboena izan zen. Paperik gabeko 11 milioi pertsona kanporatuko zituela esan zuen. Ahoan legarrik gabe eta paparra handituta bota zuen mezua, han eta hemen. Orain zifra apaldu du: «Bizpahiru milioi izango dira, aurrekari penalak dituztenak soilik». Drama itzela, hala ere. Injustua eta krudela. Baina aldatu egin du diskurtsoa, zertxobait bada ere.

Bitarte honetan, batek baino gehiagok Etxe Zuriko maizter berriari bere jatorria gogorarazi dio. Izan ere, Donald, Alemaniatik AEBetara deportatu zuten Friedrich Trumpen biloba da. 1905ean izan zen hori. Friedrich migratzailea izan zen. 1885ean utzi zuen jaioterria, 16 urte zituela, eta Ameriketako Estatu Batuetara joan zen. Donald Trumpen biografo Gwenda Blair-en arabera, Friedrichek janaria, edaria eta prostituzioa eskaintzen zituzten lokalak jarri zituen. Irabazitako diruarekin Alemaniara itzuli zen, eta han emazte izango zuena, Elisabeth Christ, ezagutu zuen. Bere herrian, Kallstadt-en, behin betiko finkatzea erabaki zuenean, herritartasuna berreskuratu nahi izan zuen, baina ukatu egin zioten. Arrazoia: 1885ean, alde egin zuenean, abisatu gabe eta soldadutza bete gabe joan izana. Behin eta berriz herritartasuna eskatu arren, Alemaniako agintariek Friedrich Trump AEBetara deportatu zuten. 

The Telegraph kazetak argitaratu du Friedrich-i igorri zitzaion kanporatzeko agindua: «Kallstadt-en bizi den Friedrich Trump hiritar amerikarrari jakinarazten zaio aurtengo maiatzaren 1era arteko epea duela Bavariako Estatua uzteko. Bestela, kanporatzeko prest egon behar du», dio 1905eko uztailaren 1ean New Yorkera abiatu baino pixka bat lehenago handikiaren aitonak jaso zuen gutunak. Hiru hilabete geroago jaio zen Donald Trumpen aita: Frederick junior (aitaren izena natibizatu egin zuen).

Paradoxa: gizon laranja migratzaileen biloba, semea eta senarra da. Haren aititak, Friedrich Trumpek, negozio ilunei eta putetxeei esker lortu zituen fortuna eta fama. Eta, orain, Donald bera ari da migratzaileen kontra, «asko eta asko, gaizkileak eta bortxatzaileak» direla esanez. Baina, nori axola zaio historia? Memoria arineko gizartean bizi gara, non gaur berton gertatzen denak gogo leuna duen jendearen baitan ez duen arrastorik utziko. Donald «garailea» da, lagunok. Negozio gizona. Famaren eta fortunaren irudia. Familiatik datorkio irabazle sena. Porrota hitza ez da haren hiztegian kabitzen.

Damutuko al zaio?

Arrakalak sortzen hasi dira, baina. Muga zergen auziak sortu duen kalapita ikusita, ingurukoen artean zalantzak agertzen hasi dira. Atzera egingo al du? Gizon laranjaren traiektoria ikusita, inor ez da ezer esatera ausartzen.

Aste honetan bertan, Andres Gil kazetariak Liz Truss-en itzala ekarri du gogora. Politikari britainiarra Boris Johnsonen ordezkoa izan zen 2022an. Oso tarte laburrean egon zen agintean: 44 egun baino ez. Kargua hartu eta sei astera eman zuen dimisioa, 43.000 milioi libera ingururen zerga murrizketak iragarri ostean. Zifra hori onartezina zen Erresuma Batuko finantza merkatuentzat. Kapitalismo finantzarioak Truss supituan irentsi zuen. Xurgatu. Ezabatu. Historiaren zakarrontzian amaitu zuen. Hori gertatu aurretik, Liz ohikoa zen Donald Trumpek Marylanden antolatzen dituen festetan, Internazional Erreakzionarioaren gailurretan. Nork du orain gogoan Liz Truss?

Aitonaren putetxeen abaroan hazitako gizon laranja gailurraren puntan dabil. XXI. mendeko Moises berriak muga zergen zerrendak eskuetan hartu eta mundu guztiari erakutsi dizkio, harro: «Ni naiz lehoi errege berria eta hau da lege bakarra. Onar ezazue edo mapatik desagerraraziko zaituztet».

Ezagutzen dutenek diote horixe dela bere negoziatzeko era. Aita —Frederick junior— izan du eredu. Gwenda Blair-en, Donald Trumpen biografoaren iritzira, Frederick oso tipo gogorra zen, eskrupulurik gabeko pertsona. Eta Donaldek ere abusua izan du neurri: «Gehiegikeriak funtzionatu dio. Jende gehienak amore ematen du. Zuri bota dizutena hartu eta hamar aldiz indartsuago itzultzen badiozu, horrexek funtzionatzen du. Ia beti». Bai berari, behintzat. Era berean dio harekin negoziatzea oso zaila dela: «Harekin hartu-emanetan jardutea gelatinarekin negoziatzea bezala da; etengabe mugitzen ari da». Gelatina laranja.

Momentuz, munduak errege berriak goldatutako ildoari jarraitzen dio. Denak ari dira konpas berri baten bila, Atlantikoaren beste aldetik harrotutako zirimolari aurre egin nahian. Finantza merkatuek desagerraraziko ote dute –Lizz Trussekin gertatu bezala–, ala sektore errebeldeetatik loratutako indarrek lurperatuko dute gelatina laranja?

Trussek 44 egun eman zituen agintean. Trumpek laster bikoiztuko du haren marka. Joan den astean dozenaka mila pertsonak AEBetako 1.400 hiritan amesgaiztoaren amaiera eskatu zuten. Ozen. Sendo. Nahiago nuke aldaera hori nagusituko balitz. Gizateriaren onerako eta planetaren biziraupenerako. Gelatina laranjari stop.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.