Gehiengoaren nahia, independentzia

2014ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Aurreikusita zegoen moduan, 2014an erabakitzeko eskubidea eta independentzia eztabaida politikoaren erdi-erdian daude. Orain dela gutxira arte utopikotzat eta ezinezkotzat jotzen zena aukera posible eta bideragarritzat hartzen dugu gaur. Begi bistakoa da udazkenerako deituta dauden Eskozia eta Kataluniako erreferendumek eragin zuzena izan dutela honetan guztian. Bai, erreferentzia bilakatu dira independentziaren bidean urrats sendoak egiten ari direlako, eta, herrialde horietara begira gaude, Kataluniara, batez ere, bere bidaian markatzen ari den geltokietatik geuk ere berandu baino lehen pasatu beharko dugula susmatzen dugulako.

Baina gure bidea geuk egin beharko dugu. Hemen ere erabakitzeko garaiak datoz eta erabaki egin beharko dugu. Euskal Herriaren etorkizuna jokoan dago, eta geure bidea zehaztu eta urratsak egiteko ordua iritsi dela sentitzen dugu gero eta euskal herritar gehiagok. Geure etorkizuna erabaki nahi dugu askatasun osoz. Geure buruaren jabe izan nahi dugu.

Gure azken nazio konferentzian independentismoari abertzaletasunetik haratago doan dimentsio berri bat emateko apustua egin genuen, eta erronka zehatza jarri genuen mahai gainean: independentziaren aldeko gehiengo zabala osatzea, hots, Euskal Estatuaren eraikuntzarako subjektu berria, eta gehiengo zabal hori egoki planteaturiko prozesuaren baitan aktibatzea.

Konferentzian finkatutako ildoari jarraituz, eraiki behar dugun subjektu independentista berri horri begira planteatu dugu Aberri Eguna. Gehiengoaren nahia, independentzia da aurtengo Aberri Egunerako aukeratu dugun lema, independentzia ez dela zerbait abstraktua edo hutsa eta euskal herritarron gehiengoaren nahi eta beharrei lotuta dagoela adierazi nahi dugulako. Deialdirako argitaratu dugun kartelean hitz gurutzatuakageri dira, eta, tartean, independentzia hitza euskal herritarren aldarrikapenak adierazten dituzten hitzek gurutzatzen dute: herria, demokrazia, askatasuna, eskubideak, lana, etorkizuna, denontzat. Eta askoz hitz gehiagorekin jarraitu dezakegu: justizia soziala, berdintasuna, aberastasunaren banaketa, babes soziala, Euskal Herri euskalduna, euskal kultura, nortasun nazionala…

Euskal herritarren nahiak eta beharrak adierazten dituzten hitzak dira. Gehiengoarentzako baliagarriak diren arrazoi unibertsalak adierazten dituzten hitzak dira gehienak, eta independentzia da, hain zuzen ere, hitz horiek guztiak egia bilakatzeko aukerari ateak zabaltzen dizkion etorkizuneko alternatiba bakarra. Horrexegatik diogu gehiengoaren nahia dela independentzia.

Joan den igandean A13 herri galdeketarekin ariketa demokratiko eredugarria egin zuten Etxarri Aranazko herritarrek eta emaitzetan izan zen independentziaren aldeko bozken erabateko nagusitasunak argi islatzen du independentzia indartuz doan alternatiba erreala dela.

Gaur hitzordu oso garrantzitsua dugu independentista guztiok Iruñean: Aberri Eguna. Munduaren aurrean hemen herri bat oso bizirik eta kementsu dagoela eta bere etorkizuna askatasunean eraiki nahi duela erakusteko eguna. Munduko herrien artean geure tokia nahi dugula aldarrikatzeko eguna. Alde horretatik, Aberri Egunak mugimendu independentistaren indartze prozesuaren termometroa izan behar du urtetik urtera. Horrexegatik, bizi garen garai politiko garrantzitsu hauek Aberri Egun indartsu eta esanguratsua eskatzen dute. Erakuts dezagun gehiengoa garela! Denon Iruñera!

Artikulu hau ondorengo hauek sinatu dute: Garbiñe Bueno, Esti Mujika, Txutxi Ariznabarreta, Alberto Ugarriza eta Kristina Rodriguez, Independentistak sareko kideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.