Gehiago txarragoa da

2018ko urriaren 10a
00:00
Entzun
2007an hasi eta oraindik joan ez den krisiaren aurretik obra erraldoiak aurki genitzakeen nonahi. Denak behar zuen handi; zenbat eta diru gehiago gastatu, orduan eta hobea. Edozein herri eta hirik eduki behar zuen zerbait enblematikoa. Hiriari ez ezik, obra bera bultzatu zuen agintariari ere distira emango ziona. Krisiaren urterik latzenak atzean utzita, betikora bueltatu dira hainbat. Hamaika adibide aipa ditzakegu, baina nigandik hurbilen dudan kasua da gaur dakarkizuedana.

Nire herrian, Durangon, ETS eta udalaren plan bati esker, 18 solairuko 5 dorre eraikiko dituzte. 2012 arte Eusko Trenen tailerrek zeuden tokian, hain justu. Erdi-erdian. Gogoratzen baduzue, trenbideak bitan zatitzen zuen herria. Durango Operazioa deritzon proiektuak trenbidearen lurperatzea ekarri zuen, eta pozarren hartu genuen herritarrok. Krisi aurreko planak, trenbidearen lurperatzeaz gain, Eusko Trenen egoitza berria eta lehen aipaturiko dorreak aurreikusten zituen. Baina ekonomiaren beherakadak geltokia bakarrik utzi zigun. Zaha Hadid arkitekto irakiarrak diseinaturiko egoitza eta dorreak bertan behera geratu ziren.

Urte hauetan zehar berri kontraesanezkoak jaso ditugu. Dorrerik eta egoitzarik egingo ez zela jakin ostean, askaturiko esparruan parke handia izango genuela ezan ziguten. Durangori falta zaiona, hain zuzen. Trenbide zaharraren ordez, bidegorria eta zuhaitzez beteriko ibilbidea zirela eraikitzekoak, eta abar. Hala ere, berriak tantaka iristen zitzaizkigun, eta denboraren poderioz ezer ez geneukan argi. Iaz itzuli ginen errealitate gordinera. Tren geltoki zaharra botako zutela jakin genuen. Herritar batzuek eraikina eraberritzeko eskaera egin zuten. Baina udalak ez zuen entzun. Ez zion erabilera berririk eman izan nahi.

Hor jaio zen Erabaki plataforma. Gaiarekin kezkaturik geundenak bilerak egiten hasi ginen. Zer dator geltokia bota eta gero? Proiektua martxan jarriko da berriro? Horiek ziren geure buruari egiten genizkion galderetako batzuk. Bi helburu nagusi genituen: udalak herriari informazio zehatza ematea eta gaiari buruzko herri galdeketa. Gu proiektuaren aurka gaude, krisi aurreko logika espekulatiboari jarraituz benetako beharrak kontuan hartzen ez dituelako, gure udala higiezinen agente paper hutsera mugatzen duelako eta herriaren etorkizuna erabat baldintzatzen duelako. Baina alde daudenekin eztabaidatzeko prest gaude, eta, horretarako, ezinbestekoa da informazio argia izatea.

Norbaitek pentsa lezake bi ikuspunturen ideologikoren arteko talka hutsa dela hau. Baina ez da hori bakarrik. Gezurrak eta erdi egiak ere tartean dira. Proiektuaren bultzatzaileek dorreen inguruan izango den eremu berde txikiari «hiri basoa» deitzen diote, eta jasangarritasuna ere aipatzen dute inolako lotsarik gabe. Bestalde, Antonio Aiz Garraio Sailburuordeak adierazi zuen bezala, etxebizitzak eraikitzea ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzak trenaren lurperatzean inbertituriko 250 milioi euroak berreskuratzeko. Hasierako aurrekontua lau aldiz txikiagoa bazen ere. 600 etxebizitzek herriguneko trafikoa eta kutsadura maila ugaritzea ekarriko badute ere. Horrek adierazten duena da Eusko Jaurlaritza espekulatzen ibiltzen dela. Negozioek bultzatzen dituztela erakunde publikoak eta ez herritarren beharrizanek.

Hori guztia gutxi balitz bezala, EAJk eta PSEk gidatzen duten Durangoko Udalaren jarreraz hitz egin nahi dizuet. Erabaki plataformak galdeketaren aldeko 3.000 sinadura jaso ditu hilabetean. 29.000 biztanleko herrian 3.000 sinadura. Euskal Herrian 300.000 sinadura jasotzea bezala. Udalak, bitartean, ez gaitu entzun, ezta bilera batera deitu ere. Sinadurak jasotzen genbiltzanean heldu zen ETSk aurkezturiko plana eta bere onarpena. Sei urtetan geldi egon ostean. Uztailean izan zen aurkezpena, eta orduan deitu zuten plana onartzeko bilkura. Herritar askoren iritzia kontuan izan gabe, eta uda eta zenbakiak lagun zituztela 21 zinegotzietatik 11k aldeko boza eman zuten planari bide emanez.

Durango Operazioak etengabeko hazkundearen logika neoliberalari jarraitzen dio. Kutsadura handitu eta ingurunea kaltetuko ditu, nahiz eta kutsu berdea eman nahi izan zaion. Horrez gain, bere gardentasunaz eta parte-hartzea sustatzeaz harro ageri den udalak herriari bizkarra emanez egin du aurrera, denona gutxi batzuen patriketara joan dadin.

Baina garaiak aldatu dira. Herritar askok erabaki nahi dugu. Ez da nahikoa lau urtetik behin bozkatzearekin. Eta ingurumenarekin dugun harremana bestelakoa izan behar da. Ezin diezaiokegu etengabe hazteari eutsi. Gehiago ez da hobea. Gehiago txarragoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.