Gazteon erabakia berreraikitzeko bidean

Amalur Alvarez eta Lander Iruin
2018ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Demokratizaziorako bidea irekitzen duten prozesu parte-hartzaile ugari martxan jartzen ari dira Euskal Herrian azken urteotan, herritarren zein egitura publikoen ekimenez (beste zenbaiten artean, Gure Esku Dago-ren herri galdeketak edota Eusko Legebiltzarreko autogobernu ponentzia). Gazteen parte hartzea gero eta urriagoa da, ordea, bereziki erabaki publikora bideratutako prozesuetan, baina baita herritarrek sustatutakoetan, eta behetik gora eraikitakoetan ere. Gazteon ordezkaritzarik apenas izaten den erabakitzeko prozesuetan. Subjektu aktibotzat hartzen ez gaituztenez, gazteon gogoetek, eztabaidek eta hausnarketek ez dute ia tokirik bizitza politikoan.

Gazteen parte hartzea eta inplikazio maila, ordea, altua izan da historikoki Euskal Herrian. Hamarkadetan zehar, gazteen aktibazioa eta konpromisoa oinarrizkoa izan da Euskal Herriaren eta herrigintzaren erresistentzia eta eraikuntzarako. Horiek gabe, ezinezkoak lirateke askapen borroka, euskararen aldeko borroka, ikastolen sorrera, Ama Lur filma, Ez Dok Amairu taldea, kooperatiben sorrera... 60ko hamarkadako euskal komunitateak benetako konpromisoa erakutsi zuen euskal nortasunaren aldeko defentsa sendo bat eraikitzeko. Gertakari historiko horiek sortu dute egungo euskal gizartea, eta aipaturiko ekimen horietan gazteen parte hartzea ezinbestekoa izan zen. Haiek ziren etorkizuna, Euskal Herriaren hil ala biziko fase bat idaztera deituak zeuden. Eta horretaz jabetu ziren. Frankismoaren errepresioaren aurrean komunitate gisa eta euskal herritar gisa ez desagertzeko parte hartu ala gure akabera izango zen.

Baina ez dago denboran hain atzera egin beharrik euskal gazteek herrigintzan eduki duten garrantziaz jabetzeko. Herri mugimenduak (antimilitarismoa, feminismoa, ekologismoa,...), gune autogestionatuak, aisialdi taldeak, euskararen aldeko kanpaina berriak (Bai Euskarari, Kilometroak, Herri Urrats...). Horiek guztiak ere iritsi ziren 80ko eta 90eko hamarkadetan, eta ez ziren posible izango gazteen partaidetzarik gabe.

Egungo espazio politikoari dagokionez, gaztetasunari aitortzen zaion eraldaketa gaitasun horrekin talka egiten du egungo erabaki publikoak kudeatzeko moduak, batik bat, gehiegizko instituzionalizazioak, politika lau urtetik behin erabakitzeak. Erabaki politikoen zurruntasunak eraldaketa eragotzi eta eremu publikoan gazteon parte hartzea baztertzen du. Gainera, prozesu publikoetan parte hartzen dugun gazteon artean politika eguneroko praktikekin bat ulertzeko joera nabaria da, eta gehiegizko instituzionalizazioak ez du hori kontuan hartzen. Finean, espazio publikoa kudeatzeko egungo erek gabezia demokratiko nabariak uzten ditu agerian.

Bestalde, eremu instituzionaletik landa garatzen diren parte hartze prozesuetan iraganeko moldeak jarraitzen dira askotan; eta, aldi berean, molde berriak, erabaki politikora hurbiltzeko zein politika ulertzeko era berriak hausnarketetatik kanpo geratzen dira. Eta horrek esan nahi du erabaki politikoetara bestelako era batean hurbiltzen diren pertsona askok ez dutela beren lekua aurkitzen. Gainera, sarri entzun ohi dugu molde berri horiek «gazteengan pentsatuz» jartzen direla praktikan; «gazteentzako» neurriak direla. Baina, egiaz, erabakiak hartzen eta kudeatzen diren mahaien bueltan, zenbat gaztek hartzen dute parte? Gazteengan eragin zuzena duten erabakiak dira, baina ez gazteekin, elkarlanean, adostuak.

Zentzu horretan, indibidualizazioaren eraginez gazteon artean kolektiboarekiko eta politikarekiko arduragabekeria hedatu den ustearekin egin ohi dugu topo. Indibidualizazio prozesuak gazteon artean eragina izan badu ere, ezin da esan gazteok gizartearekiko arduragabetasunez pentsatu eta jokatzen dugunik. Jauzi bat eman da interes kolektibotik indibidualerako noranzkoan eta erabaki politiko zein publikora gerturatzeko molde berriak eraiki dira, iraganekoen ondoan.

Garaiak aldatu dira, fase berri baten hasieran murgildu gara, eta egungo gazteek parte hartzeko dituzten tresnek ez dute zerikusirik iraganekoekin. Alabaina, badugu horretan zer eginik. Historian izan den gazteriarik jantzienak ezin du bizkarra emanez bizi egungo egoera politiko hau. Gazteak elkartzen diren guneetara joan behar dugu, ezin gara noiz etorriko diren zain gelditu. Erabakitzeko eskubidearen inguruan dinamika erakargarriak sortu behar ditugu, erabakia oinarrizko eskubide bat dela transmititu behar dugu. Asmatu behar da ikusarazten erabakiak hartzea gazteen egunerokoan presente dagoen zerbait dela, galderak erantzutea ez dela «helduagoen» edo «politikarien» afera, galdera huts batek ezberdin pentsatzen dugunon arteko distantziak gutxitzeko balio duela, Euskal Herriko estatus politikoari buruz erabakitzeak ez duela gatazka edo konfrontaziorik sortzen.

Gure Esku Dago herri dinamikak hiru urte daramatza lanketa sakona egiten, lan egiteko sintonia berri bat sortuz, eta orube partekatu bat eraikitzen. «Erabakiaren aro» honetan, gazteen parte hartzeak ere ezinbestekoa izan behar du, izaten ari da. Donostia da hurrengo erronka. 2018ko udazkenean hautetsontziek Euskal Herriko hiriburu bat hartuko dute lehendabizikoz, herritarren eskutik, eta han izango diren prozesuetan gazteok ere egon behar dugu. Iritziak eman, hausnarketak elkartrukatu, beharrak azaldu. 60ko hamarkadan hil ala biziko fasean egin zuten moduan, egungo gazteok ere arduraz jokatu beharra daukagu. Gure ondorengoek ez dezatela esan gazteok fase historiko hau pasatzen utzi genuenik. Euskal Herriaren historiako azken hamarkaden orrialderik oparoenak herrigintzak idatzi ditu, eta oraingoan ere halaxe izango da. Ez dugu hutsik egingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.