Gazteok orainari kolpeka, Euskal Herri sozialista eta feminista eraikitzen

2018ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Martxoaren 8an emakumeok* planto egin eta mundua geldiarazi genuen. Azken hilabeteotan milaka izan dira pentsio duinen alde mobilizatu diren pentsionistak. Berriki jakin dugu Productos Tubulares enpresako Enplegu Erregulazio Txostena gelditu dutela langileek borrokari esker. Hezkuntza eredu arrotzei eta errebalidei ikasleak planto egiteko antolatzen hasi dira. Hauek adibide gutxi batzuk baino ez dira zalantzarik gabe, baina argi ikusten da Euskal Herria ez dagoela geldirik, aurrera doan herria dela. Gure Herria.

Maiatzaren Lehena dugu gainean, langileon nazioarteko eguna, eguneroko borroketan berresteko eguna izan behar dena, ezinbestean. Izan ere, langile klasea eta herri sektore ezberdinak martxa hartzen hasiak dira aurretik ere.

Sistema kapitalista heteropatriarkalaren berregituratze neoliberala prekarizazio prozesu orokortu bat inposatzen ari da. Gure bizitzako alor guztietara prekaritatea hedatzen ari da, hala behar duelako sistema bezala bizirauteko. Eraso guzti horien aurkako altxamenduak dira arestian aipaturiko mobilizazioak. Bizi ordez, bizirautea, prekaritatea edota bazterketak bereziki ukitzen dituen problematikatik abiatzen eta artikulatzen dira mugimenduok. Prekaritate egoera orokortuari ezetz esaten diotenak, sistema kapitalista heteropatriarkalaren aurka altxatzen direnak, finean.

Gazteok egoera bereziki zaurgarrian aurkitzen gara. Lan-baldintza negargarriak eta eskubide sozialen ukapen sistematikoa eguneroko ogia ditugu. Prekaritatea ezinbestean pasa beharreko etapa ezegonkor bat dela esaten digute. Lasai hartzeko, eusteko. Lepoan bi kolpe, hasperen bat eta animoak. Dagoena da, baina pasatuko da, asimilatu.

Baina iragankorra izatetik urrun, geratzeko etorri da, hemen dago eta bizi-proiektu bat irudikatzeko ezintasuna dakar. Emantzipatzeko zailtasuna, harreman prekarioak eraikitzera kondenatuak, estres egoera konstantea, osasun galera... hamaika dira egunerokotasunean bizi behar ditugunak. Prekaritatea, estrategia sozioekonomikoa izateaz gain, gobernatzeko estrategia bat ere bada, gazteok antolatzeko eta borrokatzeko indarra baldintzatu eta itzaltzeko asmoz.

Langile klasearen eta herri sektore zabalen pobretze material orokortu bat gertatzen ari da Euskal Herrian. Ez dago euskal oasirik, nahiz eta batzuek badagoela sinetsarazi nahi diguten. Hemen ez omen gaude horren gaizki. Beraiek beti hobeto, noski. Guzti honi buelta ematen hasteko, jarraitzeko, ezinbestekoa da prekarizazio prozesu orokortu horri aurre egiteko alternatiba eraikitzen hastea. Herri honetan ditugun indarren topagune izango den egitasmo bat, langile eta herritarron mesedetan, aliantzak ehuntzekoa.

Espainiar estatuaren menpekotasunari (non aldaketarako aukerarik ez dagoen) eta aitzakia horretan ezkutatzen den PNV eta burgesia erregionalistaren eskaintza neoliberalari, burujabetza osoa eskuratzeko herri-prozesu bat kontrajarri behar diegu. Oraina kolpatuz soilik lortuko dugulako etorkizun hobea eskuratzea. Guk ere pentsio duinak izateko, neska gazteok egiten ditugun zaintza lanen balio soziala aitortzeko, babes sozialerako sistema duin bat eraikitzeko... hainbat borroka, prozesu eta egitasmok gorpuzten duten herri-prozesu bat behar du Euskal Herriak.

Gure bizi-proiektu eta espektatibak hautsirik ditugun gazteontzat, gaurdanik borrokatzea da alternatiba bakarra. Gazteok bere buruaren jabe den Euskal Herria eraikitzeko prozesu kolektibo horren aktibo izan behar gara, gaurdanik. Batetik, gaurdanik komunitatetik alternatibak eraikitzen, behetik gora. Bestetik, borroka sozialak piztu eta hauspotuz, prekaritatearen aurkako aldarrikapen eta neurri zehatzak estatuen miseriari aurre egiteko agenda herritarra gorpuztu dezaten.

Euskal Herrian bizi nahi dugu, bizitza erdigunean jarriz. Ez dugu inongo burgesiaren esku-lan merkea izan nahi. Zapaltzen gaituzten bakoitzean altxatzen den Herria gara, orainari kolpeka. Langile eta herri sektoreekin aliantzan, bizitza duinak izateko herri proiektu bat eraikitzeko hautua da gure patua. Hori da gazteon aukera. Orainari kolpeka, Euskal Herri sozialista eta feminista eraikitzera goaz. Aurrera!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.