Gazteok gose eta Troika ase?

2014ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Ezin ase, beti jan eta beti gose. Hori da Troikaren magalera joaten direnen patua. Edo hautua. Beste askok ahora ogia eramateko nahikoa lan duten artean. 40 urtean munduko lau bazterrak hankaz gora jarri dituzte neoliberalek, Nazioarteko Diru Funtsa (NDF) eta Munduko Bankua (MB) buru dituztela: Txile, Argentina, Polonia, Txina eta Asia hego-ekialdea, Errusia, Irak... Europa. Naomi Kleinek bikain zerrendatu eta kontatu zuen Shock-aren Doktrina. Hondamendiaren kapitalismoaren une gorena liburu bikainean. Azken helburuak lortzeko epe luzeko estrategia bikainik egon bada, horra neoliberalismoarena. Hori bai, pasatzen den toki orotan miseria gordina barreiatuz.

2002an Josep Stiglitz Ekonomiako Nobel saridunak, Munduko Bankuko nagusi postutik bota zutenean, xehe azaldu zituen berak, bere kolegekin, diseinatutako errezetaren osagai guztiak: 1. Estatuko sektore estrategikoak pribatizatu. 2. Finantza ekonomiaren liberalizazioa. 3. Oinarrizko produktuen prezioen merkatuaren araberako egokitzea. Honen ondorioz istiluak gertatuko direla aurreikusten dute, gobernuen porrota eraginez, eta kanpo kapitalarentzat erabateko esku-sartzeari bidea zabalduz. Eta 4. Merkatu Librea. Borobila.

Bilbon izan dira handiki guztiak, Troikak agindu eta Espainiako Gobernu enbusteroak aplikatu dituen neurri guztiak txalotzen. Christine Lagarde NDFko buruak Rajoyren gobernuak aplikatutako Lan Erreforma txalotu, baina horretan sakondu beharra azpimarratu zuen, besteak beste, Guggenheim Museoan.

Gazteok ederki ezagutu ditugu horren ondorioak Ernaik Gazteria, Lana eta Prekarietatea txostenean azaldu moduan. Langabezia tasak 2012tik gora egin badu ere, errealitate gordina ezkutatzen dute datu horiek. Gero eta gehiago gara lan kualifikaturik ezean atzerrira joatera behartzen gaituzten gazteak. 2013ko azken hiruhileko kontratazioak argi erakusten dute prekarietatera eta ezegonkortasun egoerara kondenatzen gaituztela. Kontratazioen %95,5 aldi baterakoak dira eta hauen %63,1ek hiru urte baino gutxiagoko iraupena du. Honi guztiari ezkutuko lanetan dabiltzanak gehitu behar zaizkio, jakinda emakume eta etorkin izatearren egoera nabarmen okertzen dela. Beraz, zer dela-eta malgutasun gehiago eskuratzeko obsesioa?

De Guindos Ministroak esku artean darabiltzan planen arabera, lanaldi partzialak sustatu eta ordu estren mugak ezabatu nahi ditu, aldi baterako kontratuak gehiago sustatzearekin batera. Ondorioa: egun erdiko kontratuarekin egun osoan lan egitera behartu zaitzaketela, soilik egun erdikoa kotizatuz. Alemaniako minijob-en eredua dakarte, langabeziaren datuak lan prekarioak sustatuz makilatzeko asmoz. Esplotazio gordina.

Stiglitz-i galdetu zioten 2002ko egun hartan ea existitzen den NDFren atzaparretatik ihes egitea lortu duenik. Baietz. Botswana. —Eta nolatan ba hori?—. Haizea hartzera bidali zuten NDF. Galdera da: merkatuek, multinazionalek eta Troikako erakundeek demokrazia bahitu eta nahierara baliatu ostean, gure herrian ba al da hauek haizea hartzera bidaltzeko prest dagoen agintari politikorik? Ez. Gehiago edo gutxiago, guztiek bat egiten dute doktrina neoliberalarekin.

Hazkundean amesten jarraitzeak krisian sakontzea esan nahi du, natura eta giza baliabideak muturrera iristen ari dira-eta. Globalizazioak produkzio eta salmenta faseak mundu mailan pentsatu eta garatzea ekarri du, herrialde bakoitza sektore batean espezializatuz. Batzuek euren bizi baldintzak mantendu edo hobetzeko, gainontzeko guztiak zapaldu behar dituzte, eta, dirudienez, Europako periferia gutxienez bando batetik bestera pasatzea erabaki dute. Neoliberalismoari jarraituz, esplotazioa, zapalkuntza eta miseria besterik ez dugu izango.

Espainian neoliberalismoak ia bete ditu bere helburuak. Finantza ekonomia beharbada piztuko da, baina herritarrok eskubide sozial ia guztiak galdu ditugu, lan eta bizi baldintzak nabarmen okertu dira eta soldaten jaitsierari oinarrizko zerbitzu publikoen pribatizazioa erantsiz, hemen oihaneko legea gailentzeko arriskua ikaragarria da. Faxismoaren gorakadari erreparatu besterik ez dago.

Egoera gordin honi ezin zaio aurre egin honaino ekarri gaituen pentsamendu logikari erantzunez. Egoera honi buelta emateko gakoa tokiko ekonomiaren garapenean dago. Gazteoi ebatsi nahi izan diguten politikan parte hartzeko ahalmena berreskuratu eta ekonomiaren gaineko erabaki politikoak hartzen hasi behar gara, burujabetzan urratsak eginez. Gure beharrizanak zeintzuk diren aztertu eta horren araberako produkzio eredua garatu behar dugu. Ekonomia gure bizitzen mesedera jarriz eta ez kapitalaren menera. Oinarri horiekin lanaren eta aberastasunaren banaketa orekaturako ateak parez pare zabalduko ditugu. Eta gu geu ere, gazteok, hasi gintezke kolektiboki pentsatuta gure komunitatearen beharrak aseko dituzten proiektuak sortzen eta garatzen, lana eraldaketarako tresna bilakatuz.

Batzuetan ematen du historiak ez duela irakaspenik uzten. Baina aldaketak beti datoz. Neoliberalismoaren gordintasuna ezagutu zuten lehen herrialdeak hasiak dira burujabetzaren bidea jorratzen, Latinoamerikan kasu, Naomi Kleinek bere liburuaren amaieran aipatzen duenez. Beraz, bada itxaropenerako tartea. Gure beharrak asez, gera dadila NDF gosez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.