Lan merkatuaren egoera da 2008. urteaz geroztik jasaten ari garen krisi ekonomikoaren ondorio lazgarrienetako bat; prekaritatea, aldi baterako kontratuak, lanaldi partzialak... Egoera hau bereziki gogorra izaten ari da hainbat kolektiborentzat: gazteak, 45 urtetik gorako langabeak, immigranteak, emakumeak, ezgaituak...
Garbi dago 2008. urte aurretik ere gazteek lan merkatuan zuten egoera oso kaxkarra zela, baina krisiak larriagotu egin du. Euskal Herrian inoiz izan dugun gazteria formatuena dugu; 30-34 urte arteko gazteen %57,3k ditu goi mailako ikasketak (unibertsitate titulazioa edo goi mailako Lanbide Heziketa). Europar Batasuneko erreferentziazko lurralde guztien gainetik gaude.
Gainera, Euskal Herrian lan eta ikasi gabe dagoen eta ni ni bezala ezaguna den 15-24 urte arteko gazteen proportzioa %10ekoa baino ez da, Europako batez bestekotik behera. Baina, era berean, jarduera tasa txikia da; 15-24 urte arteko gazteen %29,4 baino ez dago lan merkatuan. Europar Batasuneko batez bestekoa %40,9koa da.
Horrek esan nahi du gurean luzatu egiten dela ikastaldia; gazteek ikastearen aldeko hautua egiten dute lan egiteko adinean egonda ere. Baina goi mailako ikasketak dituzten gazte horiek arazo handiak dituzte lan merkatuan sartzeko; 2007tik 2013ra 2 puntu soilik igo da goi mailako ikasketak dituzten landunen kopurua, eta joera beheranzkoa da 2011tik. Europar Batasunean, aldiz, batez beste %21 hazi da.
Egia da askoz ere negatiboagoa dela bigarren eta batez ere lehen mailako ikasketak dituzten landunen bilakaera; sei urtean 8 eta 26 puntu jaitsi baita tasa, hurrenez hurren. Beraz, lan eskasia dago gazteen artean eta, gainera, dagoen lana oso prekarioa da; horrek berebiziko inpaktua du gazteen eros-ahalmenean eta haien bizimodua garatzeko egonkortasun faltan. Izan ere, 15-34 urte arteko landunen %22,6k lanaldi partziala dute. Adin guztietako landunak kontuan hartuz gero, aldiz, portzentaje hau %16,4koa da.
Prekaritatearen beste adierazle garbia gazteen artean dagoen aldi baterakotasun tasa altua da; 2014. urtean Hego Euskal Herrian gazteek sinatu dituzten kontratuen %95,8 aldi baterakoak izan dira. Eta, noski, egoera horren ondorioetako bat Euskal Herriko gazteen ihesa da; 2012. urtean 18-34 urte bitarteko 22.399 gaztek alde egin zuten Hego Euskal Herritik eta gehienek (%68,9) Estatu espainoletik kanpo zuten helmuga.
Errealitate konplexu baten aurrean gaude, eta ez dago formula magikorik. Gazteek lan merkatuan lekua izatea edo ez izatea merkatu delako horren baitan ez ezik, enpresarien asmo, araudi eta lege nahiz politika publikoen baitan ere badago. Garbi dago enpleguarekin loturiko legeak Madrilen erabakitzeak (politika aktiboen eskumena soilik dugu) oso ondorio kaltegarriak dituela Hego Euskal Herrian, Espainiako errealitateak ez duelako zerikusirik hemengoarekin. Baina, hala ere, hemendik egiten den baino zerbait gehiago egitea badago, eta eginkizun hori lideratzea administrazioari dagokio.
Orain arte administrazioak ikusle soilaren papera jokatu du, eta EAEko Gobernu bozeramaileak egindako adierazpenak gogoratzea besterik ez dago: «Enpresari askok nahiago dute bekadunekin lan egin, lan kontratua duten langileekin egin baino».
Edo asko jota enpresei laguntzak ematera mugatu dira; horren adibide garbia da 2014ko udan Eusko Jaularitzak martxan jarritako Lehen Aukera programa. Programa horren helburua 30 urte baino gutxiagoko gazteei lan merkatuan sartzen laguntzea zen. Gutxienez sei hilabeteko iraupena zuten praktiketako kontratuen bidez gazteak kontratatzearen truke, enpresariek 2.450 eta 3.620 euro arteko diru-laguntza kobratzen zuten (gaztearen soldata gordinaren arabera). Bost milioi euro zuzendu ziren helburu honetara. Hasierako asmoa modu horretan 1.800 gazte kontratatzea zen, baina 2015eko martxoan oso urrun daude helburu horiek; 568 gazte soilik kontratatu dira.
Orain, emaitza txarrak ikusirik, Lehen Aukera programa birdiseinatu egin dute; gazteei egindako kontratu finkoen kasuan ere emango dira diru-laguntzak, 2.880 euro eta 4.500 euro artekoak izango dira, eta egin beharreko tramiteak erraztu dituzte. Helburua 975 gazte tituludunek lehen lanpostua topatzea da.
Gure ustez diru-laguntza horiek ere ez dira irtenbidea, ez dutelako kalitatezko enplegu finkorik sortzen eta guztion diruarekin enpresariak finantzatzen direlako. Enpresarien ardura ere nabarmena da; azken urteetan gazteen kontratu prekarioez baliatu dira lan kostuak murriztu eta irabaziak handitzeko. Krisi ekonomikoa jartzen dute arrazoitzat jokaera hori justifikatzeko, baina 2008. urte aurretik ere oso ohikoa zen praktika hau.
Ezinbestekoa da mentalitate aldaketa bat; gazteak kontratatzea etorkizuneko inbertsio moduan hartu behar da, eta ez momentuko irabaziak handitzeko tresna moduan. Gazteak dira edozein herriren etorkizuna, eta arazo hau estrategikotzat hartu eta irtenbide bat ematen ez bazaio, iluna izango da Euskal Herriaren geroa.
Gazteak, etorkizuneko inbertsio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu