Gazteak eta zientzia teknologiaren aurrean

Jose Mari Rodriguez Ibabe
2012ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Elhuyar Fundazioaren eskutik, Euskal Herriko gazteek zientzia eta teknologiari buruz duten pertzepzioaren inguruko azterketa zabal bat egin da. Lan hori aurrera eramateko, Elhuyar Fundazioak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren eta Kultura Zientifikoko Katedraren laguntza eta babesa jaso du. Nahiz eta harrigarria izan, orain arte ez da halako azterketarik egin gazteekin.

Azken bi hamarkadetan, gure euskal gizartean, zientzia eta teknologiaren inguruko sarea osatuz joan da. Unibertsitatearen ikerketa-taldeak, zentro teknologikoak eta enpresen I+G unitateak garatuz eta indartuz joan dira. Sare hori osatzeko, erakundeak, eraikinak, ikerketarako tresnak eta, nagusiki, giza taldeak osatuz joan dira. 1980ko hamarkadaren hasierara joanez, hori dena abian jarri zenean, I+G gutxitan aipatzen zen egunkarietan eta gainontzeko komunikabide nagusietan. Garai hartan, gure gizartea krisi ekonomiko larrian murgilduta zegoen, eta, hain justu, hori izan zen, beste neurri askoren artean, zulotik ateratzeko hartu ziren erabakietako bat. Hala ere, lehen esan dugunez, I+G ez zegoen modan.

Eta, orain, berriz beste krisi ekonomiko batean gaudenean, ikerketa eta garapena, berrikuntza eta esportazioa indartzea —horrek eskatzen duen goi mailako produktuen garapenarekin—egunero azpimarratzen dira. Orain, bai, I+G egunero aipatzen digute komunikabideetan. Badirudi hori dela giltza magikoa.

Euskal gizartea duela 30 urte baino konplexuagoa da, zalantzarik gabe. Globalizazioa dela eta, lehia-maila nabarmenki igo da, eta hori ere unibertsitateetan, ikerketa-zentroetan eta enpresetan nozitzen da. Orain ez da nahikoa Euskal Herrian edo estatu mailan talde bat ona dela esatea. Parametroak beste batzuk dira. Eta goi-maila horri eusteko, zientzialariak eta ikertzaileak behar ditugu. Eta, horretarako, beste neurrien artean, gazteak zientzia eta teknologia aldera bideratu behar dira belaunaldiz belaunaldi. Hau da, futbol-kontuetan hain erraz ulertzen dugun bezala, harrobia landu behar dugu.

Eta testuinguru horretan jarri behar dugu Elhuyarrek bideratu duen azterketa hau. Gure gazteak era egoki batean zientzia eta teknologia aldera hurbiltzeko, lehenbizi jakin behar dugu zer pentsatzen duten, zer jarrera duten zientzia eta teknologiaren aurrean, eta, zergatik ez, nola ikusten duten beren burua mundu horretan profesional gisa. Eta ezin dugu ahaztu, gure gizarte moderno honetan, kultura zientifikoaren inguruko heziketa egokia eduki behar dugula, gizartearentzat hain garrantzitsuak diren zenbait gaitan erabaki egokiak hartzeko.

Nik hemen ez nuke emaitzen analisira hurbildu nahi. Uste dut, horretarako, espezialisten iritziak entzun beharko genituzkeela. Hori bai, hiru puntu azpimarratzea gustatuko litzaidake. Lehenbizi, gazteek nahikoa ondo kontsideratzen dute zientzia eta teknologia, haien preferentzietan espero zitezkeen ohiko gaien atzean kokatzen dutelako (kirolaren atzean, adibidez). Eta hori txalogarria da, eta, nire ustez, neurri batean eskolaren arloan gauzak nahiko ondo egiten ari direla islatzen du horrek. Ziur aski, lehen esan bezala, bide luzea gelditzen zaigu oraindik, baina azken urte hauetan hartutako erabakiak bide onetik doazela erakusten digu. Dena den, emaitzek halaber erakusten dute, eskolaz aparte, gizarteak ere eragin nabarmena duela. Adibidez, azterketaren arabera, gazteentzat informatika da interes handiena pizten duen gaia. Hori ere ez da arraroa, kontuan hartzen badugu zenbat produktu berri eta erakargarri saldu nahi dizkiguten ia egunero, horretarako informatikaren azken berrikuntzen dirdirak ondo erakutsiz.

Zientziaren pertzepzioan mutilen eta nesken artean dauden diferentziak kontuan hartu behar den bigarren puntua da. Zientzia eta teknologiaren ikasketen inguruan eta, era berean, lan-munduan, emakumeen parte-hartzea historikoki apalagoa izan da. Urtez urte, neskek ikasketa-mota horietan duten presentzia handituz joan da. Hala ere, oraindik asko falta da parekotasun-mailara iristeko. Eta, puntu honetan ere, azterketaren emaitzak erakusten digu gazteen artean, mutila hala neska izan, zenbat ñabardura daudela. Mutilentzat teknologia erakargarriagoa den bitartean, neskek interes gehiago erakusten dute medikuntzaren eta osasunaren inguruan. Hori mendebaldeko beste herrietan ere gertatzen ari da; beharbada, Euskal Herrian baino gehiago, esango nuke nik. Hala ere, azterketaren emaitzak kontuan hartuta, arlo honetan gaien «erakargarritasunak» gehiago parekatzeko lan handia gelditzen zaigula esan behar dugu.

Eta, bukatzeko, azterketan agerian gelditzen da gazteentzat Internet dela informazio-iturri nagusia. Egia esan, emaitza honek ez gaitu harritzen, baina ondo adierazten digu euskara-arloan oraindik dezente gehiago landu beharko genukeen arloa dela, horrek euskal gizarte txiki honentzat suposatzen dituen zailtasun ekonomikoekin.

Laburbilduz, Elhuyar Fundazioaren bidez, eskuetan dugu gazteek zientzia eta teknologiaren inguruan pentsatzen dutenari buruzko lehenengo azterketa. Emaitza hauek oso lagungarriak izan daitezke datozen urteetan zer proposamen berri egin behar diren erabakitzeko, eta, orain arte egindakoen artean, zein indartu eta zein aldatu behar diren gure I+G+B sareetan, behar ditugun giza beharrak osatzeko eta, era berean, etorkizunean kultura zientifikoaren inguruan euskal gizartea ondo formatua edukitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.