«Gazteak eta kazetaritza. Nondik dator etena?» galdetu zidaten komunikazioaren inguruko Komunikaldia jardunaldiko antolatzaileek (Mondragon Unibertsitatea). Lehen kolpean, jende nagusiak gazteekiko izan ohi duen estereotipo bati heltzen ari zitzaiola pentsatu nuen, eta zalantza izan nuen etenik ote zegoen ere.
Ikertzen hasita, lehenik datuetara jo nuen. Kontsumo orokorretan, oro har, telebistada hedabide nagusia (10 euskal herritarretatik 9k jotzen dute bertara) eta dagoeneko Internet du oso hurbil (10etik 8). Irratia hamarretik seik eta egunkariak hamarretik hiruk erabiltzen dituzte. Informatzeko, ordea, proportzioak eta ordena aldatzen dira: telebistetara %64k, irratietara %43k, Internetera %39k eta paperezko egunkarietara %22k jotzen dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek.
Hala ere, bilakaerei edo joerei erreparatzen badiegu, hedabide bakoitzak berea du. Labur esanda, telebista indartsu dago, baina gutxinaka behera dator. Irratia, ordea, ahulago dagoela ikusi da, baina, beheraldia izan ondoren, azken urteetan entzuleak errekuperatzen dabil. Egunkariei dagokienez, papera gain behera doa, baina prentsa digitala, gora. Eta sare sozialak, informazioa jasotzeko ikuspegitik nagusi zirenak (Facebook eta Twitter), lekua galtzen ari dira. Ez dakigu beste batzuen mesedetan eta, beraz, fragmentazioa handituz, edo, oro har, sare sozialak informazioa jasotzeko aukera bat izateari uzten ari zaizkion.
Baina datu orokor hauek errealitatea estali egiten dute neurri batean, sektore sozialen arabera kontsumoak edo portaerak ez baitira berdinak. Gazte eta helduen artean, esaterako, aldeak nabarmenak dira.
Gazteen artean egunero berriak jasotzeko bide nagusia Internet da (%52), telebista (%37), irratia (%16) edo paperezko egunkarien (%4) gainetik. Are gehiago, hedabide bakarra aukeratu beharko balute informazio hori eskuratzeko, oraindik eta proportzio handiagoan irabaziko luke Internetek (hamerretik seik hautatuko lukete).
Eta, hain zuzen, Internetera jotzeko joera horrek sortzen du alde handiena belaunaldien artean. Dagoeneko alde hori ez da zerbait berria, eta horretan berritzaileak ez dira egungo gazteak, haien aurreko belaunaldia baizik, hau da, egun 30-50 urte artean dutenak. Baina nolabait berria da lehen aldiz Internetek duen nagusitasuna beste formatuen aurrean, eta horrekin batera mundu digitalak sortzen duen kontsumitzeko logika ezberdina. Hau da, belaunaldien artean informatzeko dagoen aldea ez da hainbeste kuantitatiboa, kualitatiboa baino.
Hainbatetan esaten da egungo gazteak Internet natiboak direla. Ez dut konpartitzen, gazteek ere ikasi egiten baitute mundu digitalean ibiltzen. Baina haien sozializazioa eta heltzea oso baldintzatua egon da eta dago mundu digitalaren ezaugarriengatik, eta harekin eduki duten esperientziagatik. Hainbat ikerketa kualitatiboetan aipatu izan da, mundu digitalak dituen ezaugarrietako asko egungo gazteek oso barneratuak dituztela (eta mundu digitaletik kanpora ere ateratzen direnak). Hauek izan daitezke nagusiak:
Hemen eta orain. Batez ere orainaldian bizi dira, nerabearen berezko denbora da. Oro har, ez dakite edo ezin dituzte proiektuak aurreratu, ez eta haien ekintzen eta keinuen ondorioak behar bezala baloratzen ere. Horrek beren konpromiso-gaitasuna ahultzen du eta askatasuna vs konpromisoa bezalako dilema batean kokatzen ditu askotan.
Hitzekin baino irudiekin pentsatzen dute. Irudi batek informazio asko transmititzen du modu oso azkar batean, baina aldi berean kontestua ematea eta informazio horretan sakontzea oztopatzen du.
Hiperlink logika batean funtzionatzen dute. Lotura batetik bestera salto etengabeetan, «zerbait galtzeko» beldurrez batzuetan, bestetan gehiago jakiteko asmoz.
Logika horrek askotan hausnarketarako tarteen beharra sentiarazten die, baina zaila egiten zaie bilatzea edo motibazio oso handia behar dute arreta mantentzeko gai batean.
Besteekiko harremanetan loturen ahultasun handiagoa dute, baina aldi berean harreman berriak sortzeko jarrera irekiagoa eta gaitasun handiagoa dute.
Parte hartze eta aktibotasun maila altuagoak dituzte, ohituta baitaude iritzia ematera, elkarbanatzera, gauzak baloratzera (baita baloratuak izatera ere) eta, azken finean, jasotzen duten informazioarekin elkarrekintza izatera.
Hedabideak aspaldiko ezagunak dira gazteentzat. Beren trikimailuak, hizkuntza eta estrategiak ezagutzen dituzte. Heldu askok baino hobeto ezagutzen dituzte ikus-entzunezko edukiak sortzeko teknikak.
Musika, aldizkariak eta, jakina, bideo jokoak, ordenagailua, Internet eta telefono mugikorra ohiko bitarteko bihurtu dira gazteentzat, eta han aurkitzen dituzte interesatzen zaizkien edukiak, eta, batez ere, beren jakin-mina eta berdinekin komunikatzeko beharra asetzeko aukera ematen dioten tresna.
Bestetik, gazteez hedabideetan askotan ematen den irudiak ez du laguntzen hedabide horiek eta gazteen artean loturak sortzen. Ez dira maiz agertzen, eta, agertzen direnean, modu negatiboan edo izugarri sinplistan izaten da askotan. Subjektu pasibo, desinteresatu edo gizarte arazoetan gutxi inplikatutako subjektu gisa deskribatzen dituzte, edo langile gazteak dira, baztertuak, egokitu gabeak, edo joera ideologiko oso gutxituak ordezkatzen dituztenak.
Gazteen eta komunikabideen arteko harremana tentsioan dago maiz. Hedabideek gazteak maite dituzte, eta entzule leial edo batzuetan gatibu bihurtzeko moduak bilatzen dituzte. Baina, aldi berean, batzuetan harrituta agertzen dira beren ekintzen eraginkortasun eskasagatik: gazteek modu atipikoan erantzuten diete promozio eta programa bereziei, eta ez dituzte beti beren jokabideak interpretatzeko gakoak.
Azkenik, badago ere hedabideekiko konfiantza falta orokor bat, gazteen artean areagotzen dena. Irratiek eta prentsa digitalek sinesgarritasun handiagoa dute. Sare sozialek gutxien.
Beraz, ez da hainbeste gazteak eta kazetaritzaren artean etena dagoenik, ez behintzat nagusiak eta kazetaritzaren artekoa baino handiagoa. Gehiago da gazteak interes ezberdinak eta bide eta forma ezberdinak dituztela informazio hori eskuratzeko, eta, beraz, etena izatekotan, kazetaritzaren ikuspegi klasikoago batekin litzateke.
Gazteak eta kazetaritza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu