UEUk sustatuta, II. Ikergazte kongresua egin da Iruñean orain dela aste gutxi. Erakunde eta toki desberdinetako hainbat ikertzaile gazte euskaldun bildu da beren arazoak partekatzeko eta euskaraz egindako ikerketak ezagutarazteko. Ez dira makalak, ez, euskal ikertzaile gazteek gaur egun dituzten erronkak. Desafio batzuk, euskarazko jardunarekin zerikusia dute. Horiek aipatu nahi ditut hemen.
Ikertzaile gazte askok unibertsitateen barnean ematen diote hasiera ikerketa ibilaldiari. Hala gertatzen da Euskal Herrian ere. Ezagutza kapital globalaren osagarririk garrantzitsuena den une honetan, gure inguruko unibertsitatearen funtzioak aldatzen ari dira, nabarmen. Nazioartekotzea izan da hemengo unibertsitateek hartutako bidea, garapen ekonomikorako, enplegurako eta inbertsioetarako gero eta lehiakorragoa eta estrategikoagoa den unibertsitate esparruan bereizi ahal izateko agertoki globalean.
Enpresaren kultura berenganatu dute unibertsitateek. Eragina izan du aldaketa horrek, eta orain arte sektore pribatuan ohikoa izan den gerentzialismoaren aplikazioan islatzen da, besteak beste. Horrela, helburuetan finkatutako plangintzak, giza baliabideen kudeaketa eta emaitzen eta erantzukizunaren ikuskapena ezarri dira unibertsitateko gaurko kultura eraberrituan. Ikuskatze horiek, jakina, barnean hartzen dituzte ikertzaileen emaitzak, eta kalitate-parametro berriei lotutako ondorengo sari-sistemak, bai sinbolikoak edo aitortzazkoak, bai ekonomikoak edo ordainsariei lotutakoak. Hartara, baliabideak eta bikaintasuna lortzeko unibertsitateen artean sortutako lehia globalak unibertsitate horien profesionalen gaineko kontrol handiagoa ekarri du berekin batera eta areagotu egin du ikerkuntza-jardueren ebaluazioa zorrotz arautzeko ahalegina ere.
Bilakaera horrek euskaraz egin litekeen produkzio zientifikoari eragiten dio modu zuzenean. Izan ere, ikerkuntzan indar handiz sustraitu dira nazioartekotze hegemonikoak ezarritako errendimenduaren kudeaketa eta ebaluazio adierazleak. Gaur egun, ikerketa zientifikoaren kalitatea ikerketa prozesutik emaitzen komunikazio prozesura igaro da, hein handi batean. Hala, inpaktu faktore moduan ezagutzen den ikusgarritasunaren irizpidea baliorik garrantzitsuenetakoa da ikertzailearen edo ikerketa taldearen emaitzak neurtzerakoan.
Ildo horretan, ikerketen eta ikertzaileen kalitatea eragin handiko nazioarteko aldizkari-multzo jakin batean egindako argitalpenen bitartez neurtzen da. Hartara, ikertzaile gazteen lan ibilbidearen ebaluazioa eta ondorengo lan promozioa, aitortza eta ordainsaria ere, merkatuaren zirkuitu globalean kokaturik dagoen komunikazio zientifiko ereduaren araberakoa da, gero eta gehiago. Bada, ingelesez argitaratzen diren aipaturiko aldizkariak bi enpresa multinazionalen esku daude gaur egun. Aldizkarien eraginaren faktoreak eskaintzen dituzten datu baseek eta nazioartean indarrean dauden adierazle bibliometrikoek argi eta garbi erakutsi dute ingelesezko argitalpenak direla nagusi munduan, gainerako hizkuntzetan egindakoen ondoan, baita herrialde anglofonoek dutela hegemonia ere ekoizpen zientifikoaren rankingetan. Zalantzarik gabe, Espainiako nahiz Euskal Herriko ebaluazio agentziek eta unibertsitateek babestu duten sistema hori ikertzaile guztien (eta, bereziki, gazteenen) jardueraren aukera linguistikoak modu estrategikoan baldintzatzen eta bideratzen ari da dagoeneko ingelesezko produkzioaren alde, eta, gero eta gehiago, soilik haren alde.
Gaurko egunean inork ez du zalantzan jartzen lingua franca baten premia ikerketaren jardunean eta komunikazio zientifikoan. Baina, euskara bezalako hizkuntza gutxituari goi mailako hezkuntzaren esparruan zabaldu zaion espazioaz gain tokiren bat eman nahi bazaio ikerkuntzan ere, merezi du gogoeta serio bat abiatzea, unibertsitateetan eta unibertsitateetatik kanpo. Jakina, euskararen tokiak ez du derrigorrez berbera izan behar produktu zientifiko guztiaren komunikazioan. Izan ere, egoera oso desberdinak daude diziplina zientifikoetan. Seguruenik, euskararen funtzioa goi mailako dibulgaziora mugatu beharko da esparru zientifiko jakin batzuetan, gurea bezalako gizarte txiki batean ez dagoelako masa kritiko nahikorik hainbat ezagutza espezializatu publiko zabalari helarazteko. Baina, bestelakoak dira zientzia sozialen eta humanitateen ezaugarriak. Azken horietan zentzu osoa dauka euskaraz egindako publikazio zientifikoak. Are gehiago, zientziaren arloan «inpaktua» kontsideratzen den horrek beste dimentsio bat hartzen du mundu sozialean, garapen sozialean eta politikoan, berrikuntzan eta eraldaketa sozialetan, kulturaren suspertzean, ongizatean, eztabaida publikoan, eta merkatuaren premietatik harago dauden antzeko balioetan neurtu behar dena.
Unibertsitateetan ezarritako logika kredentzialistak irentsirik bizi dira une honetan ikertzaileak, argitalpenak lortzeko lehia bizian, burokrazian itorik, instituzioak balioesten ez duen jardun oro bazter utzita. Pragmatismoaren izenean albora utzitako horren guztiaren artean dago euskarazko produkzioa ere. Ikertzaile gazteenek ekosistema horretan bizi irauten ikasi behar izan dute, ez dute beste eredurik ezagutu. Pertsonen jardun molde horren atzean instituzio eredu bat dago, ezbairik gabe. Horrenbestez, neurri batean edo bestean euskara erabiltzen duten unibertsitate instituzioek, bereziki unibertsitate publikoek, sakoneko eztabaidari ekin behar diote, eta egon litezkeen nazioartekotze ereduak eta haien ondorio linguistikoak aztertu. Eta tokiko dinamikak eta dinamika globalak uztartzeko moduak ikusi ondoren, aniztasun kultural eta linguistikoarekin bateragarriak izan daitezkeenak hautatzeko aukerak begiratu. Izan ere, nazioartekotzeak ez du ezinbestean norabide bakarra izan behar.
Unibertsitate globalek mundu zabalari ez ezik tokiko gizarteari loturik egon behar dute, txertaturik daudeneko ingurune sozialaren ongizateari eta kulturari ekarpenak egiten. Erantzukizun soziala helburu duen unibertsitateetan edo ikerkuntza-erakundeetan ez bada, nekez izango dute ikertzaile gazteek euskaraz ikertzeko eta produzitzeko aukerarik. Horrelako unibertsitate eta erakunderik ezean, nekez jasoko du euskal gizarteak prestakuntza handiko gazte horien jardunaren onura kulturala eta soziala.
Gazteak eta euskarazko produkzio zientifikoa unibertsitate globalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu