Gazte Langileon Elkargunea

Naroa Aranburu Barandiaran
2022ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Urriaren hasieran Gazte Langileontzako Proposamen Politikoa aurkeztu genuen GKStik, gazte langileok pairatzen ditugun problematiken aurrean aldarrikapen zehatzak mahaigaineratuz. Bide horretan, Euskal Herri osoan ekintza ugari egin ditugu hilabete hauetan zehar: aurkezpenak zein martxan jarritako dinamika eta salaketa ezberdinak dira horren adibide. Kontrol soziala, gazteon lan baldintza prekarioak, etxebizitza problematika eta bestelako auziak borrokatzen ibili gara. Orain, Gazte Langileon Elkargune nazionala antolatu dugu, abenduaren 3an Ordizian egingo duguna. Bertan, gazte langileon arazo ezberdinei aurre egiteko zenbait hipotesi politiko eztabaidatuko ditugu eta Euskal Herri osoko gazte ugari bilduko dituen erreferentziazko elkargunea izatea nahi dugu.

Goizean egingo ditugun hitzaldietan lau auzi nagusi izango ditugu hizpide. Batetik, eskubide politikoen etengabeko murrizketa gertatzen ari den testuinguru honetan (kode zibilaren gogortzea, faxismoaren gorakada, kontrol sozialaren eta polizia-baliabideen gorakada...), eskubide politikoen aldeko borrokaren inguruko gako eta hipotesi politikoak mahaigaineratuko ditugu. Eskubideen ulerkera formal batetik haratago, bide-orri sozialistaren baitako borroka garrantzitsu bezala azalduko dugu auzi hau.

Bestetik, gazteoi bideratutako kultur-industriari dagokionez, hegemonikoakdiren joera kulturalak eta musika estiloak aztertuko ditugu. Belaunaldien arteko haustura kulturalaz eta arte sozialista baterako hipotesiez ere ariko gara, besteak beste.

Horrez gain, gazte langileontzako espazio politiko propioak hizpide izango ditugu. Izan ere, gazte langileok aktibo politiko bihurtu eta sozialismoaren eraikuntzari ekarpena egin behar diogu. Baina, bide horretan, gazteontzako espazio propioak ere behar ditugu, dena delako aktibitate politiko, sozial eta kulturala burutzeko. Gazte langileontzako espazio horien izaeraz jardungo dugu.

Azkenik, bizi bitartekoen inguruko borroka integralaz ere arituko gara. Izan ere, soldataren dinamika konplexua lanpostutik harago doa eta langileriaren erreprodukziorako beharrezkoak diren beste hainbat baliabide eta esparru ere ukitzen ditu: osasungintza, etxebizitza, elikadura... Esparru horietako borrokez hitz egingo dugu, guztiek batasun estrategiko bati erantzutearen beharraz eta gazte langileok bertan egin dezakegun ekarpenaz.

Urrian aurkeztu genuen Gazte Langileontzako Proposamen Politikoa eta abendurako antolatu dugun Elkargunea norabide berean kokatzen ditugu: bizi dugun enpresari handien eta politikari profesionalen ofentsibaren aurrean, gazte langileon artean sozialismoaren aldeko indarra berrantolatzen eta zabaltzen joateko bitartekoak dira. Gazte antolakunde bezala, gazte belaunaldiok sozialismoarekin lerrokatzeko proposamen eta ekimen desberdinak antolatzen jarraituko dugu. Horretarako, ezinbestekoa iruditzen zaigu sozialismoaren printzipioak egunerokotasunean bizi ditugun arazoekin erlazionatzea, Elkargune honetan egiten saiatuko garen bezala. Gainera, hitzaldiez gain, egun osoko egitarau zabala ere antolatu dugu: bazkari eta musika eskaintzek osatuko dutena.

Abenduaren 3a izanik, euskararen aldeko zenbait aldarrikapen egiteko tartea ere hartuko dugu. Izan ere, euskararen egoeraz jakitun, euskaraz bizitzeko zein euskararen garapenerako baldintza askeak borrokatu behar ditugu eta, bide horretan, Euskal Estatu Sozialistaren aldarrikapena zabaltzen jarraituko dugu.

Bukatzeko, gazte langileon tresna politikoa garen heinean, hemendik aurrera ere orain arteko jardun politikoarekin jarraituko dugu; izan ere, bizi dugun krisi eta ofentsiba testuinguru honetan, modu independentean antolatzeko bitartekoak behar-beharrezkoak dira. Horrez gain, gizarte burgesak inposatzen dizkigun balioen aurrean (sumisioa, despolitizazioa, matxismoa...), militantzia komunistaren eredua eta balioak (kontzientzia politikoa, antolatzeko eta borrokatzeko grina, injustiziei aurre egiteko jarrera...) hedatzen jarraituko dugu gazte langileon artean, berau baita sozialismoa garatzeko beharrezko baldintza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.