Irakaslea

Gazara itzultzea

2025eko apirilaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Liburu batera itzultzea hiri batera eta lagun batengana bueltatzea bezala da. Jada ez zara orain dela hamabost urte bazter horietan, etxe horretan, orri horietan, harreman horretan ibili zen berbera. Irakurle, bidaiari, pertsona desberdin bihurtu zaituzten hainbat esperientzia bizi izan dituzu. Ez zara aspalditik gauza beraren bila ari.

Espazio, istorio, adiskide horiek ere nabarmen aldatu dira. Beraiek ere ez dira lehengo berak. Lagun horietako batzuk berreskuraezinak izango dira; istorio horietako batzuek ez diote denboraren joanari eutsi; gaizki zahartu dira; testuingurutik kanpo geratu dira erabat eta, halandaze, beraien mezuek indarra galdu dute, ahuldu egin dira. Horietako hiri askok beraien muina galdu dute eta parke tematiko bilakatu dira. Gogoratzen dituzun kale horiek airbnb-z beterik topatzen dituzu. Turistek periferiara deportatu dituzte horko biztanleak; Starbucks-ek eta marka handiko dendek okupatu dituzte bazter horiei nortasuna ematen zieten okindegiak, arrandegiak eta betiko tabernak. Dagoeneko ez da haurrik ikusten bertako plazetan jolasten; jadanik lorategietako bankuetan ez dago edadeko jenderik eserita.

Izan ere, jatorrizko hiri ugarik eleberrietan bilatu behar izan dute babesa. Ruiz Zafoni esker −Haizearen itzala− Bartzelonara buelta gaitezke; Stieg Larssonni esker −Emakumeak maite ez zituzten gizonak−, Stockholmera; Virginia Woolfi esker −Dalloway andrea−, Londresera; James Joyceri esker −Ulises−, Dublinera; Irvin Welshi esker −Trainspotting−, Edinburgora; Tabucchirekin Lisboa eta Porto bisita ditzakegu.

Beste alde batetik, badira leku batzuk gerra-gatazkaren batek suntsituak, mapatik ezabatuak eta literaturan baino ez direnak berriro izan zirena izango. Horra hor Donbass. Horra hor Gaza. Komunikabideek gazatarrak euren etxeetara itzultzen erakutsi dizkigute. Kasu askotan ez dute ezer aurkitu: lurralde hori deseginda dago. Adania Shibli idazle palestinarraren Detaile xume bat eleberrian baino (Igela argitaletxeak 2024an euskaraz plazaratua; eLiburutegian ere baduzue eskuragarri) ez da zutik mantentzen.

Shibliren istorioak bi atal ditu. Lehenengoa 1948ko gerraren bitartean garatzen da: israeldarrek Independentzia gerra deitzen duten eta palestinarrek Nakba izenarekin −exodoa− ezagutzen duten ia 700.000 pertsonak sufrituriko tragedia, hain zuzen ere. Ikuspuntuak… Negeveko basamortuaren zabaltasunaren erdian, israeldar soldadu batzuk puntu garrantzitsu bat zaintzen ari ziren, eta bertan aurkitutako palestinar neska bat bortxatu, hil eta hondarretan lurperatu zuten.

Bigarren atalak Zisjordaniara eramango gaitu. Han emakume gazte bat Gazan eta alde okupatuan ere sartuko da bortxaketa eta hilketa horien inguruko gertakariak ikertzeko abenturan.

Ez, ez dut spoilerrik egingo. Hasiera-hasieratik harrapatzen gaituen oso nobela erakargarria dugu Detaile xume bat.

Gaur egun, israeldarrek orube bihurtu duten espazio horren gainean resort bat eraikitzea proposatu da. Txantxa, eskarnioa ematen du. Eskerrak jatorrizko Gazak Adaniaren orrialde horietan biziraungo duen. Irakurtzea beti izan da errebeldia egintza bat. Kasu honetan inoiz baino beharrezkoagoa. Ezinbestekoa.

En fin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.