Abokatua

Gaza: gezur-negar gehiagorik ez!

Sabino Cuadra Lasarte
2023ko azaroaren 22a
05:00
Entzun

Sionismoaren eta bere gobernu profeten arabera, Tora eta Talmud erlijio juduaren liburu sakratuetan, bada Jabetza Erregistro bat non lur palestinarrak herri juduaren izenean erregistratutik dauden. Hau da, haren partaide ez direnak okupatzaile ez-legezkoak dira, lurralde horretaz jabetu eta bertan bizitzeko legitimitaterik gabekoak. Horregatik, 1948an Israelgo Estatua sortu zenez geroztik, lur horiek behinola okupatzen zuen populazio palestinarraren ezinbesteko utzaraztea manu jainkotiarrak legeztaturik dago. Yahvek dio. Egin bedi bere borondatea!

Egunotan, mundu osoko ehunka karrika eta plazatan, hamaika milioi pertsonak oihukatu dute: «Ez da gerra bat, genozidio bat baizik». Ezin garbiago ez zezakeen erran Netanyahuk, gaurko erasoa manu biblikoarekin parekatu baitzuen publikoki. Yahvek erran zuen: «Eraso egizu amaleziten kontra eta suntsitu ezazu berea duten guztia; ez barkatu. Hil itzazu gizonak zein emakumeak, umeak eta bularreko haurrak, idiak eta ardiak, gameluak eta astoak».

Urrian, Ukrainako gerraren hasieratik (2022ko otsaila) hogei hilabetera, biktimen kopurua 70.000 ingurukoa zen, horietarik 9.000 zibil. Gazan, aldiz, eraso israeldarra hasi eta hilabete batera, biktimak 11.000 baino gehiago dira, eta %40 haurrak dira. Hau da, lurralde bakoitzeko populazioa kontuan harturik (Ukraina 37 milioi; Gaza 2,2 milioi), Gazan 100.000 biztanleko biktima kopurua 500 pertsonakoa da, Ukrainan 190ekoa den bitartean. Laburbilduz, Gazan hogei aldiz laburrago den denboran, 2,5ez biderkatu da hildakoen kopurua. Jomugak, gainera, ospitaleak, eskolak, meskitak, anbulantziak, errefuxiatuen eremuak, etxebizitzak... dira. Ez da gerra bat, genozidio bat baizik, eta genozidek izen propioa badute: Biden (AEB), Scholz (Alemania), Sunak (Bretainia Handia, Makron (Frantzia), Úrsula von der Leyen (EB)...

Ukrainako inbasioari erantzuna emanez, AEBek eta EBk, agudo, mota guztietako zehapenak hartu zituzten Errusiaren aurka: inportazio eta esportazioen ingurukoak, bisak, finantza eta enpresa zerbitzuak, energia, garraioa... Orobat, Vladimir Putin, haren ministroak eta goi mailako hierarkia militar errusiarrak kriminaltzat jo zituzten. Bere aldetik, Nazioarteko Zigor Gorteak, genozidio, gerra eta gizateriaren aurkako krimenak gauzatzeagatik, Putin bilatzeko eta atxilotzeko nazioarteko agindua eman du.

Alta, Israeli dagokionez, ez da neurri horietako bakar bat ere hartu, NBEk estatu hori, ezarri ondoko 75 urteotan, etengabe zigortu duen arren: lurraldeen okupazioa, populazio palestinarraren kanporatzea, itzulerako eskubideari uko egitea, murruaren eraikitzea, Gazaren blokatzea... Aitzitik, AEBek eta EBk (Espainiako Estatua barne, jakina) harreman komertzialak eta lehentasunezko lankidetza esparruak mantentzen dituzte Israelekin. Eta horri gehitu behar zaio Israeli emandako babes politiko, sozial, kultural eta kiroletakoa, herritar europarren aitzinean haren irudi kriminala garbitzea helburu.

F.D. Rooseveltek, 1933tik 1945era bitarte AEBetako presidente izan zenak, bere aliatuak kategoriez sailkatzen zituen. Horietako batean paratu zituen orduko diktadore hegoamerikarrak. Zehazkiago, Tacho Somozaz, Nikaraguan 42 urte, 1979a arte, iraun zuen diktaduraren sortzaileaz, honela mintzatu zen: «Bai, putakume bat da, baina gure putakumea da». Bada, Rooseveltek bezala, adierazten dute «gure putakumea dela», baina ezinbertzeko aliatu-jendarmea da Golkoaren zonalde estrategiko horretan. Horregatik, oso noizean behin estatu sionistarendako, bere abusuak direla eta, zuriak eta beltzak erraten badituzte ere, azkenean hipokrisi ariketa bat baino ez dira izaten.

Bukatzeko. Hamasen erasoa eta erreakzio israeldarra ari dira nahasten nazioarteko eszenatokian gaur. Ez dakigu nola bukatuko den, baina uste dugu 75 urtez mantentzen ari den gatazka honen irtenbide bakarra, berehalakoan, pasatu behar dela Israelek Gazaren aurka gauzatutako erasoa eta blokeoa erabat gelditzetik. Hortik aitzina, gobernu israeldarrek lurrak lapurtzeko eta nahitaezko kolonizaziorako hartu dituzten neurri oro lehengoratzea modu mailakatuan.

75 urteko esperientziak erakusten du atzera eramate hori ez dela, bertze gabe lortuko erakundeen goiko akordioen bitartez, eta, gutxiago ere, benetako konpromisorik ez duten adierazpen negartien bitartez. Funtsezkoa izan behar du gaurko indar korrelazioa aldatzeak ildo politikoak irekiz, herri palestinarra hartzen ari den nazioarteko elkartasun itzela bilduko dutenak. Hitz batez, ekimen zehatzak gauzatzea, Israelek gaur egun hartzen duen lehentasunezko tratu komertzial, kultural, kiroleko, instituzional eta militarra atzera eramatea ekarriko dutenak, kontrakoa bihurtuz: zehapen zehatzak atzo eta gaur, inpunitate osoz, giza eskubideen aurka gauzatzen ari diren etengabeko urraketetarako. Ez baita gerra bat, genozidio bat baizik. Gezur-negarrak sobran daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.