Gauzak zinez alda ditzagun

Isabelle Marticorena eta Nicolas Igier
2022ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Alda, alokatzaileen defentsarako elkartea, orain dela bi urte sortu zen, eta epe labur horretan jakin du bere eraginkortasuna eta gero eta familia xume gehiagori begira laguntza aktiboa eta egunerokoan presentzia iraunkorra erakusten.

Aldarekin, irabazten dugu. Pasa berri den urtea bakarrik kontuan hartzen badugu, Aldak 357 familia eta pertsona segitu eta lagundu ditu, eta konpondu behar zituzten arazo eta injustizia gehienei aterabide bat atzeman die. Elkarteak, Baionako Cam de Prats eta Habas la plaine bezalako auzo herrikoietan, lehen herritar kolektiboak sortu ditu, eta talde horiek lehen garaipen kolektiboak lortzen hasiak dira.

Bere ekintzen eta kanpainen bidez, Aldak aitzinamendu orokorragoak erdietsi ditu, Ipar Euskal Herrian etxebizitzaren egoera orokorrari begira eragin onuragarriak izanez. Lehenik, Euskal Elkargoak onartu konpentsazio neurria: urte osoan tokiko herritarrei alokatzen zizkieten etxebizitzak osoki turismoari bideratzeko zegoen joera geldiaraztea lortu da. Bestalde, Ipar Euskal Herrirako alokatze kontratu iruzurtien kontrako borroka-batzordearen sorrera ahalbidetu du. Batzorde horrek jadanik efektu eragozgarria du jabe eta higiezinen agentzia askoren jokamoldean.

Etxebizitza pribatuak eta sozialak, guztiak elkar lotuak. Alda alokatzaileen defentsan diharduten elkarteen artean bakarra da Se loger au paysHerrian bizi plataforman parte hartu eta aktibo dena. Plataformak azken 25 urteotan Estatu frantsesari begira egin den etxebizitza eskubidearen aldeko manifestaldi jendetsuena antolatu zuen iazko azaroaren 20an. Eta horri esker urrats berri zenbait lortzeko bidea ireki da: Estatuaren ordezkari den prefetak Euskal Elkargoaren hautagaitza sustengatzeko engaiamendua hartu du alokairuen mugatze indartuen dispositiboan sartzeko; Ipar Euskal Herriko etxebizitzaren tokiko gidaritza batzordearen sorrera, besteak beste etxebizitza-sozialen ekoizpena nola garatu eta errazten den ikusteko balioko duena.

Haatik, etxebizitza sozialetako alokatzaileak behar bezala defendatu nahi baditugu ezinbestekoa da Ipar Euskal Herriko lurraren eta etxebizitzaren krisi orokorrari aurre egitea. Ez bagara eremu pribatuan dagoen espekulazioaren aurka borrokatzen, izan dadin lurraren edo etxebizitzaren arloan, ondorio zuzenak izanen ditu arlo sozialean, etxebizitza sozialak kudeatzen dituzten HSA, Office 64, COL eta mota bereko beste egituretan etxebizitza sozialak ekoizteko zailagoa eta garestiagoa baitzaie.

Ondorioa: etxebizitza sozial gutxiago geratzen dira, gure seme-alabentzat baina baita guretzat ere, biziak eraginda familia aldaketen ondorioz parke sozialean etxebizitza txikiago bat eskatzen dugularik ez baita etxerik eskuragarri. Eta espekulazio pribatuari loturiko etxebizitza sozialen ekoizpen kostu gehigarriak, eraikuntza kostuen bat-bateko emendatzeak, jabe sozialen finantza baliabideak murriztuko ditu. Horrenbestez, gure auzo eta etxebizitza sozialeko eraikinen zaharberritze edo berritze gutiago izanen dira, mantentze lanetarako eta beharrezko ekipamendu kolektiboendako baliabide gutiagorekin.

Oraindik ere eraginkorrago alokatzaile guzientzat. Agerikoa da, etxebizitza sozialen alokatzaileek gaur egun bi gauza behar dituzte:

1) Elkarte aktiboa, zinez egunerokoan presente dagoena, Alda den bezala. Azken honek 450 bat kide motibatu eta dinamiko biltzen ditu kopurua egunero emendatzen doa, 35.000 ale dituen jendarte herrikoietako hiruhilabetekaria banatzen du, herritarrak ekintzaile bilakarazten ditu, mobilizazioak indartzen ditu eta biztanle kolektiboak antolatzen laguntzen ditu, beren etxebizitza sozialen eremuan auzoaren bizia hobetzeko laguntza ekarriz.

2) Eremu sozialeko eta eremu pribatuko etxebizitzen alokatzaile edo jabe ttipientzat ere, hots denentzat ondorioak dituen eta ukanen dituen gaur egungo lurra eta etxebizitzaren krisia meneratzeko borrokatzen den elkarte aktiboa.

Etxebizitza sozialen hauteskunde hauetan, Aldaren alde bozkatuz, hainbat batzorde eta instantziatan, informazio iturri nagusietan parte hartzen ahalko du, gaur egun ez bezala. Horri esker, Aldaren lana eraginkorragoa izanen da, eta gero eta borroka gehiago irabazten ahalko ditu Ipar Euskal Herriko alokatzaile guztien onerako... bai eta gure haurren onerako.

Azaroaren 16tik 30a arte, zinez aldatzeko, bozka Alda!

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK ERE SINATZEN DUTE: Rama Cristofoli, Yusuf Polat, Carole Sermet, Moussa Cissokho eta Corinne Manso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.