Hogeiurte bete ziren iaz hizkuntza-zerbitzuetako euskal enpresa batek, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, lehen euskara-plana jarri zuenetik abian metalezko piezak egiten zituen enpresa batean, erakunde hartan euskararen erabilera sustatzeko. Tamaina eta industria-sektore guztietako hainbat erakunde eta enpresa lotu zaizkio harrezkero ekimen hari, eta agente guztien artean euskara lan-mundura gehitzea lortu da.
Haatik, nabarmen aldatu da 1991z geroztik Euskal Herriko lan-bilbearen egoera. Euskal enpresa eta erakundeak mundu-mailako jokaleku eta merkatuetan lehiatzen dira eta, hori dela eta, kudeaketa elebakarretik nahiz elebidunetik abiatuta, hainbat hizkuntzatan dagoen informazioa kudeatzeko aukera ematen dieten zerbitzu eta produktuak behar dituzte.
Globalizazioak eragindako mugikortasunaren eta eleaniztasunaren ondorioz, Hizkuntzaren Industria izena duen sektore ekonomiko garrantzitsua azaleratu da. Komunikazio-prozesu orok pitzarazten duen produktu eta zerbitzu linguistikoen eskaerari lotutako merkatua dela esan genezake, bai erakundeen barruan, bai kanpora begira.
Bere komunikazio-prozesuetan, dela erakundearen barruan, dela kanpora begira, kudeaketa eleaniztuna behar duen enpresa orori, edozein sektoretakoa delarik ere, laguntzeko zeregina du industria honek berariazko produktu eta zerbitzuen bitartez.
2008. urtean, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoa Berritzenek —Innobasquek lagunduta, besteak beste— jarduera hau Euskal Autonomia Erkidegoan bultzatzeko ekimen bat abiarazi zen, azken helburutzat zuena EAE Europa mailako erreferentzia bilakatzea. Helburu hura erdiesteko sektoreko agenteak identifikatu, haien erronkak definitu eta ekimenari ekin zitzaion, sektorea bere ordezkariak bilduko zituen egitura batez antolatzeko asmoz.
2010. urtean sortu zen ofizialki Langune Euskal Herriko Hizkuntzen Industrien Elkartea,Euskal Herriko Hizkuntzen Industriaren garapena eta hazkundea bultzatzeko helburuarekin eta bere kideen eta sektorearen mesederako balio handiko zerbitzuak eskaintzeko. Langunek, gainera, nazioartean elkarteen arteko eredu bilakatu nahi du, eta Euskal Herrian bere garrantzi estrategikoa aitor dakion.
Helburu horrekin, Euskal Herriko hurrengo aurreclusterra bihurtzeko prozesuan dago elkartea. Sektore jakin bateko erakundeen lehiakortasuna enpresen arteko elkarlanaren bidez areagotzeko asmoz eratutako eta izaera juridiko propioa duten erakunde-elkarteei ematen zaie izen hori. Gaur egun, 30 erakundetik gora dira Languneko kideak (enpresa, zentro teknologikoak, erakundeak, unibertsitateetako ikerkuntza-taldeak...), zeinen ahalegina eta interesa azpisektore hauetan biltzen baitira: itzulpengintza, irakaskuntza, edukiak eta hizkuntza-teknologiak.
Gure eginahalek masa kritikoa erdiestera eta sektore gorakor honetan ikusgarritasuna lortzera zuzendu dira, sektoreko agenteen indarrak bat eginik. Halaber, sektorearen trakzio-agenteak dinamizatzera eta lan bateratua sustatzera eta, zer esanik ez, beste eragile batzuek ere proiektura erakartzera, orain artean proiektutik at egonagatik ere, baldin eta interesgarria bazaie eta garrantzitsuak badira.
Ziur gaude Euskal Herriko Hizkuntzen Industria hazteko potentzial handiko sektorea dela eta enplegua zein balio erantsia sortzeko gaitasun handikoa; joan den urtean, izan ere, 3.150 langileri eman zien lana eta 570 milioi eurotik gora fakturatu zituen.
Kontuan hartzen badugu, gainera, EAEko hizkuntzen industria hasten ari dela oraindik, ondoriozta dezakegu hazkunde-aukera handiko sektore bat dela, eta erreferentzia bihur daitekeela mundu osoan.
Eta zer testuingurutan? 2009. urtean, The size of the language industry in the EU izeneko azterketan, 2015. urtera bitartean urteroko hazkundea %15ekoa izango zela jo zuen Europako Batasunak. Gaur egun estimatu da Europako fakturazioa 8.700 milioi eurokoa dela. Mundu mailan, berriz, jo da lokalizazioaren eta itzulpengintzaren industriek bakarrik 50.000 milioi dolarreko potentziala dutela.
Horren arrazoi nagusietako bat da enpresen globalizazioa eta eduki digitalen lehertzea, horrek eragin baitu gehien itzulpengintza-merkatuaren hazkundea. Egoera horrela, Euskal Herriko Hizkuntzen Industriak aurreikusi du sektorea %3 inguru haziko dela 2012an.
Sektoreari Euskal Herrian bere garrantzi estrategikoa aitor dakion eta hargatik ezagut dadin segituko du lanean Langunek, bere enpresa elkartuentzako eta Euskal Herriko bilbe enpresarial eta sozialeko gainerako sektoreentzako baliodun zerbitzuak eskainiz. «Elkar uler dezagun… Langune».
Gaurko erronka, etorkizuneko apustu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu