Gaur pazientzia, bihar independentzia

Iñaki Balsategi Lopez de Araia
2021eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Jordi Pujoli zor diogun esaldia («Gaur pazientzia, bihar independentzia»), nazionalismo ugariri estentsibo egin dakieke. Korsikako nazionalismoari, adibidez, zeinen bururik aipagarriena, Femu a Corsicako partaide Gilles Simeoni abokatu eta politikoa, bere 31. edizioan Sabino Arana fundazioak saritu baitzuen, Bilboko Arriaga antzokian eskaini ziren sarietan, 2020ko urtarrilaren 26an, «Korsikako nazio nortasunaren aintzatespenaren aldeko borroka ordezkatzeagatik, eta aldi berean, bere autogobernuaren sakontzea».

Korsikako nazionalismoaren barruan, Gilles Simeoniz gain, izan badira fakzio gehiago, Corsica Liberako Jean-Louis Talamonirena esate baterako. Talamonik, «Puigdemont korsikarra» bataiatua izan denak, ezdeustzat dauka independentziaz hitz egitea hamar urte baino lehenago... Horixe da, hain zuzen ere, Talamoni jaunak defendatzen duen independentzia geldoa, hau da, lehendabizi, autonomia estatutu bat, eta, ondoren, haren garapena hurrengo zazpi urteetan. Gobernantza nazionalistaren hamar urteek ahalbidetuko lukete urte horiek behin iragan eta gero 325.000 biztanle dituen uharteak bere garapen ekonomikoa berreskuratzea.

Simeoni-Talamoni binomioak, bere arerio naturala U Rinnovuren independentismoan izango lukete, Paul-Felix Benedettiren gidaritzapean, «Frantziak anexionatutako herri zahar baten existentziaren alde lan egiten dutenak».

Kasua da Korsikako nazionalismoak hamar urteko epea eskaini diola, gutxienez, bere buruari, indartsu egiteko eta ondoren independentzian pentsatzen hasteko. Gure herrian EAJ egiten ari denaren antzeko zerbait, azkenik behingoz osatuta izango den garapen estatutario batekin, egun 30 konpetentzia baino gutxiago geratzen baitira eskualdatzeko; beretzat har zezakeelarik artikulu honen izenburua, Jordi Pujolek botatako esaldia, hain zuzen ere.

Jeltzaleen trebezia negoziatzaileari esker Madrilen, eta azkenik Euskadiko Autonomia Estatutua errespetatzen duen gobernu zentral batekin gertatu izan delako, EAEko euskaldunok Gernikako Estatutuaren garapen erabatekoa ikusiko dugu berandu baino lasterrago. Gogorarazi nahiko nuke, era berean, EH Bilduko Otegi jaunak berak behin baino gehiagotan adierazi duela gure herriak, egun, ondo egingo lukeela independentzia pixka bat beranduagorako uzten... Izan ere, ez gaude «gainezkaketa» moduko sezesio bat egiteko moduan, Carles Puigdemontek proposatzen duenaren tankerakoa, are gutxiago kontuan hartuta Veneziako Batzordeak azaleratutako irizpidea, non esaten duen edozein burujabetasun itaunketak bertoko konstituzioaren oniritzia behar duela. Eta espainiar konstituzioa jakin badakigu nolakoa den, zer-nolako mugak ipintzen dituen hainbat gauzatarako, Madrilen «sezesio abenturatzat» dauzkaten ekimenentzat hainbat artikulu ad hoc dauzkatelarik.

Espainiar unionismoa pozaren pozez dago Euskobarometro ezberdinen emaitzak ikustean, %20ko langa ukitzen baitu independentismoak EAEn. Izan ere, gure herriak paradoxa bat darama sorbalden gain: gaur egun, behintzat, independentziaren aldeko portzentaje txikia daukagu, eta, hala ere, beren burua soilik espainiartzat dutenak ez dira %5era ailegatzen... Katalunian gertatzen denarekin kontraste argia, non independentisten portzentajea %50en mugan dagoen, EAEko %20 eskasa baino askoz mardulagoa, eta, aldi berean, espainiar sentimendua Katalunian EAEn baino askoz handiagoa da.

Honekin guztiarekin ondoriozta dezakegu EAE Katalunia baino askoz kohesionatuagoa dagoela: Euskadin, gure kasuan, eta herrialdez herrialde hartuz, boto-sekuentzia nahiko parekatuta dago, eta arabar kasuari aipamen berezia egin behar zaio, non bozka nazionalistak asko egin baitu gora.

Honi guztiari uztartzen badiogu Gasteizko Legebiltzarrean erabakitze eskubidearen aldeko alderdi edo koalizioek botoen %70 bereganatzen dituztela, bada, kontuak atera, eta ikusiko duzue Euskal Herriak nahi duena ez dela besterik, bere etorkizuna era aske batean erabakitzea baino, Eskozian egin duten moduan,eta, ziurrenik, Eskozian bertan ostabere egingo duten bezala, Boris Johnsonen kabineteko kide Alister Jack-ek adierazitakoaren arabera: «Eskoziarren %60 erreferendum baten alde agertuko balira, eta sostengu hori denboran zehar mantenduko balitz, hautetsontziak jarri beharko genituzke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.