Eusko Legebiltzarraren lehen legealdiko Herri Batasunako parlamentariak

Gaur ere Euskal Herria helburu

Itziar Aizpurua, Iñaki Pikabea, Miguel Castells, Iñaki Ruiz de Pinedo, Jose Ramon Etxebarria, Xabier Onaindia, Xabier Elorriaga, Jose Luis Sampedro eta Iñaki Esnaola
2025eko apirilaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gasteizko Legebiltzarraren lehen legegintzaldian, duela 45 urte, Hego Euskal Herriko hiru lurralde instituzionalizatzeko prozesua hasi zen, subjektu politiko nazionalaren zatiketa sakonduz, metamorfosi frankistak baldintzatutako trantsizio batean. Hasiera batean lau herrialdeetako Parlamentarien Asanbladak lau herrialdeetarako estatutu bat izateko aukera bazuen ere, frankismoaren alderdi trabestituaren gainean –UCD–  nafartasunaren erreketeak egindako presioak eta EAJk lurreratze instituzionalerako zituen presek nazio-proiektua oztopatzen jarraitzen duen zatiketa batera eraman gintuzten.

Segmentazio nazional hori gure nortasun nazionala eta EAEren eta Espainiako Estatuaren arteko benetako aldebikotasun-harremana aitortzen ez zituen estatutu batean garatu zen, eskumen maila nahikoa ez zuena eta Gobernu zentralaren ekintza politikoak baldintzatua zegoena, eta, era berean, autodeterminazio eskubidea bere gain hartzen ez zuena. Ildo horretan, guk gizartearen sektore bat ordezkatzen genuen, eta uste genuen instituzionalizazio prozesu hark eta hura sostengatzen zuen tresna politikoak —autonomia estatutua— ez zuela oinarri sendorik finkatzen proiektu nazional bat garatzeko.

Alde horretatik, parlamentari izan ginen, eta distantzia eta praktika desberdinei eutsi genien, estatutu aukera batekin. Orain, 45 urteren ondoren, aukera hori oraindik ez da bete, eta Espainiako legegilearen ekintzak eta Konstituzio Auzitegiaren esku-hartze zentralizatzaileak egitura hori higatu egin dute. 1981eko autokolpeak, LOAPA emaitza ukigarrietako bat izanik, estatutuaren hasierako literaltasunaren birformulazioa markatu zuen, eta, horren ondorioz, Estatuak teorian EAErenak bakarrik ziren eskumenak gutxika-gutxika debaluatu eta inbaditu zituen. Hau da, Gipuzkoari, Arabari eta Bizkaiari produktu bat saldu zitzaien, baina gerora hori ez da bete eta  alde bakarretik higatua izan da.

Esparru estruktural horretan, mugimendu abertzaleak ibilbide desberdinak izan ditu. Batzuek, esparru autonomiko hori kudeatu dute; eta beste sektore batzuek, ekintza politikoa eta asimilazioari aurre egitea konbinatu dute, autonomismo agortutik errekonozimendu eta subiranotasun esparru batera igarotzeko eskaerarekin, euskal subjektu nazionala egituratzea ere ahalbidetuko duena. Igarobide horretarako konbergentzia uneak egon dira —Lizarra/Garazi, Loiola eta oinarriak eta printzipioak—, baina mugimendu abertzalea ez da gai izan instituzionalki eta sozialki nazio estrategia eraginkor batean batzeko. Hori bai, hemen azpimarratu behar da sinatzaileok oso garrantzitsutzat jotzen dugula ibilbide eta sentsibilitate desberdinak batzen dituen ezker independentista, EH Bildu, nazio estrategian aurrera egiteko eta aldatzeko tresna gisa egituratzea.

Zentzu horretan, gure ustez, une garrantzitsu batean gaude berriro. Denbora asko galdu dugu, eta herri honek, zalantza eta erronka handiko egoera batean, proiektu nazionalaren dimentsio guztietako bultzada behar du. Bidegurutze horrek behartzen eta eskatzen du, herrialdea zatituta dagoen hiru eremu administratiboetan, Espainiako eta Frantziako estatuekiko egungo indar korrelazioa jauzi politiko-juridiko batean gauzatzea, zeinak, nazio aitorpenetik abiatuta, aldebikotasun harreman bat sendotuko duena, eta subiranotasun/autogobernu eraginkorraren kota berrietan kokatuko duena, lurralde arteko loturak indartuko dituen proiektu nazionalean sakonduko duena eta erabakitzeko eskubidea euskal gizartearen borondate demokratikoa errespetatzeko ate ireki gisa kokatuko duena.

Beraz, jauzi politiko berri hori behar dugu euskal lurralde guztietan, bakoitzak bere erritmo espezifikoarekin estrategia independentistan. Hori bai, proiektu nazionala esparru guztietan (euskara, kultura, kirola, sozioekonomia…) indartuko duen eta Euskal Herri independente, sozialista, feminista eta euskaldun baten etorkizun estrategikoarekin indar instituzional eta sozialen arteko korrelazioan aurrera egiten jarraitzeko aukera emango digun bultzada komunitarioarekin osatu behar da. Uste dugu gizartearen bultzada hori gabe erronka eta desio kolektiboak neutralizatuta geratuko direla olatu globalen eta Espainiako eta Frantziako gobernuen inertzia negazionistaren ondorioz.

Horregatik guztiagatik, uste dugu Gasteizko Legebiltzarraren 45. urteurreneko ekitaldi honetan ez gaudela ospakizun hutsetarako edo gure pertsonen aintzatespen hutserako. Gu proiektu nazionalarekin, Euskal Herriarekin eta bere eskubide nazionalekin konprometitutako abertzaleak ginen eta gara, eta gure herriko herritarrek euren defentsan eta garapenean duten konpromisoa indartzeko eskatzen dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.