Gauden denok 'alai'

2023ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Hiru urteren ondoren, lehengo urtarrilaren 20an donostiarrok horrenkuttuna dugun San Sebastian eguna errekuperatu genuen. Ia konturatu gabe igaro ziren hogeita lau orduak, danbor eta upelek berotutako egun hotz baina ez busti batean. San Sebastian egunak beti izan ohi ditu bere-bereak diren erritualak (azpeitiarren baimenarekin, Donostiaz hitz egiten jarraituko dut oraingo honetan). Urtarrilaren 19an bandera igoera Konstian, udaletxe zaharrean, Gaztelubide elkartearen eskutik. Hurrengo egunean, nork bere danborradan jo (Deustuko Unibertsitatekoan eta Kale Lagunak taldean, nire kasuan), haur danborrada ikusi, eta, gaueko hamabietan, berriz ere Konstian, bandera jaitsiera Union Artesana elkarteak.

Beti esan izan da igoera baino herrikoiagoa dela jaitsiera. Jaitsieran, bertakoak bakarrik geratzen gara, beste giro bat omen dago..., hori esaten da beti kaleetan barrena. Usadioaren arabera, Sarriegiren martxa tradizionalak urtarrilaren 20an bakarrik jo daitezke. Gauzak horrela, gauerditik aurrera beste pieza batzuk jotzen dituzte beti Artesanakoek. Horrela, bertan entzuten ditugu Debako martxa, Kosakoena edo, ezin beste modu batera izan, Realarena. Urtero jotzen da, era berean, Pantxoa eta Peioren Batasuna. Aspaldi bihurtu zen abesti hori herrikoi deitzen diegun horietakoa: urteak joan, urteak etorri, etxe eta kaleetan kantatzen den horietakoa.

Baina lehengo urtarrilaren 21ean hartu nuen nik sorpresa: aurreko kanta guztiak plaza osoak kantari eta dantzan hartzen bazituen ere, Batasuna iristearekin batera, denak isildu ziren harridura aurpegiak jarriz. Plazan zauden gehienak gazteak ziren, oso gazteak. Baina ziur naiz, era berean, plazan zauden gehienak euskaldunak ere bazirela.

Danborrada kontuak albo batera utzita, adibide honek zer pentsatua eman dit azken aste hauetan: nola egiten dugu kulturaren transmisioa?, nola hizkuntzarena?, nola eragiten dute hauek guztiek gure identitatearen eraikuntzan?

Kulturaren transmisio hutsetik begiratuta, gaiak badu eboluzio logikoaren zantzua. Orain dela hogeita hamar urte inguru ikasi genuen guk Batasuna kantua ikastolan. Trantsizio garaiak gertu xamar zeuden oraindik, eta bertan marraztutako imajinarioak ere ez urrutiegi. Hogeita hamar urteren ondoren, ez da gure eskoletan geratuko garai haiek bizi izan zituenik. Euskal musikaren unibertsoa, gainera, izugarri hazi da urte hauetan. Beraz, ziur aski beste erreferente berriago batzuek hartuko zuten gure eskola garaian abesti honek hartzen zuen tokia.

Baina, perspektiba sinbolikotik, kantua ez ezagutzeak kantua bera gain hartzen duen hausnarketa bat jartzen du eztabaidaren erdian: zein elementuk laguntzen dute gure identitatea eraikitzen?, nola aldatu da hau azken urteetan?, zein elementuk du eragin gehien? eta, Jon Maiak esan bezala, kantu bat bagara, zein da kantu guztien multiplo komun txikiena, bat egiten duena? Berdina ote belaunaldi guztientzat?

Galderak asko dira, eta erantzunak gutxi. Argi dago euskal identitatearen eraikuntza, gainontzeko guztiak bezala, dinamikoa dela, eta testuinguruari begira eraikitzen dela. Dagoeneko, XXI. mendea ongi hasita jaiotako gazteek jaiotzetik bertatik ikusi duten gizarteak ez du zerikusirik aurreko mende amaieran ikusten genuen harekin. Ez du zerikusirik erakundeen egitekoari, euskararen egoerari edo, funtsean, identitatearekin lotuta dauden hainbat borrokari dagokienez. Askotan esan izan dut laurogeietako hamarkadan jaio ginenok, oraintxe berrogei urte bete ditugunok, gure sozializazioa Dragoi Bola-rekin egin genuenok, eraikita topatu dugula, maila batean, autogobernua deritzogun hori; eta, berrogei urte geroago, momentu honetan, geure aukera ere erreibindikatu behar dugula aldaketak egiteko. Hogei urte geroago jaio denak, zein du bere erreibindikazio aldarria?, non topatuko du bere identitatea eraikitzeko akuilua?

Ez da erraza gaztea izatea, ez da inoiz erraza izan. Ziurgabetasun testuinguru batean erabakiak hartzen ikasi behar da, gainontzekoekin harremanak izateko moduetan, lanbidearen norabidean eta baita gizartearekiko logikan ere. Funtsean, «nor naiz?» banakako galderari eta «nor gara?» galdera kolektiboari erantzunak bilatzen eta eraikitzen hasteko garaia da, gehienetan horren gazte ez garenon mesfidantzak inguratuta. Gu iraultzaileagoak omen ginen, kalean omen geunden gehiago, argiago genituen gauzak. Belaunaldi bakoitzak aurrekoari entzun behar dizkion mezuak dira. Eta, hala ere, belaunaldi bakoitzak bere bidea eraikitzen du.

Ziur aski, datozen hilabeteetan ez dira gutxi izango gazteen inguruan irakurriko ditugun kezkak. Batzuk, nik bezala, abesti herrikoi bat kantatzen entzun ez dituztelako. Beste batzuk, modu batera mugitzen (edo ez mugitzen) ikusiko dituztelako. Batzuek eta besteek argi izan behar dugu gazteei goitik beherako mezu paternalistak emateak gutxirako balio duela, eta, identitatea ere, Renan-ek nazioarekin esan moduan, egunero erantzun eta eraikitzen den plebiszitua dela. Egungo Euskal Herriak eta euskarak geroz eta tresna anitz eta askotarikoak ditu gazteekin eta gazteentzat honi erantzuna emateko, kantuak barne. Eta zer kantatua eta nola kantatua aldatu bada ere, estilo eta genero gehiago baditugu ere, beti egongo da herriko plazan denok batzen gaituenik. XXI. mendeko aniztasunean, hemen bai, gauden denok alai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.