Paul Rios.

Gatazka ez (are gehiago) elikatu

2017ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Gatazken konponbideetan adituak direnek pentsatuko dute azalduko dudan konparazioa sinplista samarra izan litekeela, baina uste dut Katalunian gertatzen ari dena zuzen aztertzea ahalbidetzen duela. Batzuek edo besteek hartutako erabakien legezkotasuna edo zilegitasuna aztertzen hasi gabe, bikote harreman bateko krisia asko gogorarazten du auziak. Harremanean krisia hasi zenean (Diputatuen Kongresuan eta Auzitegi Konstituzionalean estatutua edukiz hustu zuten) elkarrizketa pixka batek eta elkarri entzuteak maitasuna berreskuratzen lagun zezaketen (baina ziurrenik pasioa ez).

Beranduago, krisia maitasunaren behin betiko galera bilakatu zen, Kataluniak sentitu zuelako Espainiak entzun ere ez zituela egiten bere eskaeretako bat bera ere. Elkarrizketa eta elkarri entzutea tresna indartsuak izango ziren haustura saihesteko eta elkarren arteko bizi proiektua mantentzeko («elkarrekin bizitzen segi dezagun behintzat, kanpoan hotz handia egiten du eta»). Baina puntu horretara iritsita, Kataluniak banaketa eskatu du. Eta guztiok dakigun moduan, bikote haustura kasu asko ezagutu ditugulako, banaketa errespetuz eta adeitasunez egin liteke edo modu traumatikoan. Izan liteke, gainera, bikoteak uneren batean harremanari berriz heltzea ere.

Banaketa traumatikoetan, haurrak tarteko baldin badira, gatazka suntsitzailearen pagaburuak izan ohi dira bi gurasoen artean. Ari garen auziaren harira, gaizki kudeatutako banaketa traumatiko batek ondorio oso larriak eragin ditzake herritarrengan, batez ere indarkeriaren forma har dezake. Horrenbestez, nahitaezkoa da irekita dagoen gatazkan indarkeriak gora ez egitea eta bitartekoak jartzea gertaera suntsitzaileei aurre hartzeko.

Estatuak ardura berezia du indarkeriaren gorakada saihesteko. Esku-eskura du tresna oso indartsua, eta era berean, arriskutsua: indarkeriaren erabileraren monopolioa. Bere gain ditu Estatuko segurtasun indarrak, egitura judiziala, eta, azkenik, armada oso bat. Neurriz kanpoko erabilerak min handia eragiteko gaitasuna dauka. Horregatik, indarkeriaren erabileraren monopolioa duenak oso arduratsua izan behar du, esan nahi baita proportzionaltasunez eta giza eskubideak errespetatuz aritu behar dela. Hain zuzen, hauek helburu batekin jaio dira: bestela mugaezina izan litekeen botere bat mugatzeko, zeina oso kaltegarria izan daitekeen pertsonen askatasunerako eta duintasunerako. Hori dela eta, haiei ezarritako exijentzia maila partikularrei ezarritakoa baino handiagoa da.

Estatuak eta bere ordezkariek saihestu egin behar dute, beraz, indarkeriaren monopolioaren erabilera mugaezina den edo proportzionaltasunera lotuta ez dagoen ustea. Bi jokabide daude baieztapen horren adibide gisa: batetik, iragan astean bizitako eszenek, non ikus daitekeen Estatuko segurtasun indarrak kuarteletatik agurtzen dituzten gerrara joango balira bezala, gerra aurreko egoera bat elikatzen dute eta mezu oso arriskutsua igortzen dute (eta hain zuzen, hala izan zen, iragan igandean ikusi ahal izan genuen moduan): dena da balekoa ordena konstituzionala mantentzeko. Bestetik, Espainiako Gobernuaren erantzuna erreferendumaren egunean izan ziren ekintzen inguruan, autokritikarik gabea, ikerketak irekitzeko bide guztiak itxiz, nahiz eta Nazio Batuen Erakundeko goi mandatariak eta Amnesty Internationalek esandakoak esan, gobernuak ezer ez eginda igortzen duen mezua da segurtasun indarrak zigorgabeak direla edozein giza eskubideen urraketa egiten badute ere. Hori da egungo egoeran indarkeriak gora egiteko dagoen arriskurik handiena.

Beste arrisku bat Kataluniako herritarrengan dago. Gutxienekoa da, halere, orain arte erresistentzia baketsu eta indarkeriarik gabea egin dutelako, modu eredugarrian. Horrek behar luke etorkizuneko bidea, defendatzen dituzten argumentuak eta zilegitasuna elikatzen dutelako, nola euren herrialdean, hala nazioartean. Ulertzen dut zaila dela lasaitasunari eustea gertatzen ari dena gertatuta. Baina, Jordi Armadans Fundipauko zuzendariak esaten duen moduan, «Aktiboa den biolentziarik eza eraldatzailea da, errepresioa begi bistan uzten du, barne kohesioa sortzen du eta besteak begi onez begiratzea eragiten du». Zalantzarik ez dut: Kataluniako gizarteak uste osoa du printzipio horiekin, baina ez dago sobera gogoraraztea, uste hori bermatzeko.

Horiek dira gutxienekoak gatazka politiko bat oso gogorra, edozein kasutan ez dadin gatazka suntsitzaile baterantz joan. Lehentasuna hori da. Hortik harago naif itxura eman gabe, ez naiz gai ikusten gomendioak emateko. Egokiena litzateke «haiek gure aurka» adierazpenetan oinarritutako diskurtsoak alboratzea. Arerio politikoa kosifikatzea saihestea, arerio gisa hartua izatea. Hortik paretik kendu nahi izatera pauso bat dago. Eta elkarrizketa bideak berriz irekitzea, nahiz eta zalantzak baditudan, behin honaino iritsita, alternatiba politiko bideragarriak eskaini ote daitezkeen. Duela urte batzuk erreferendum hitzartu batek bide partekatu bat ireki ahal izango zuen, Quebecen edo Eskozian egin zen bezala. Gaur egun, aldiz, Estatua ikusten dut elkarrekin bizitzera behartzen Katalunia. Horrek ez du funtzionatzen bikoteetan, eta are gutxiago herrialdeetan, nahiz eta batzuk horretan temati jartzen diren.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.