Maiz irakurtzen ditut gure idazle edota kazetarien orrietan gisako esaldiak: «Euskal gatazkaren amaieran kokaturik dagoen istorio bat da», edo «Euskal Herrian jazotako gatazkaren gaineko ikuspegi pertsonal bat eskaintzen zaigu nobela honetan»... Ideia horiek intentzio politiko etsikor nabarmena eta ukaezina dakarte beren barrunbeetan, bizi dugun aro politikoaren definizio espainolista baten kiratsa.
Aditza iraganean konjugatzeak adierazten baitu euskal gatazka amaitu dela: ETA zen, beraz, euskal gatazka deitzen genuena? ETA bukatzea zen bakea lortzeko baldintza bakarra? Euskal Herriak ez du orain beste gatazkarik? Zeren hori hala izatera, ez genuke arazorik izango gure hizkuntzaren biziraupena bermatzeko, gure komenentziazko legeak onartzeko, ez genuke mugarik izanen Ipar/Hego tartean. Baina ez da hala. Berraktibatu da berriro Nafarroan euskaldun guztiok izan genuen estatua? Espainiak estreinako eta Frantziak hurrena suntsitu eta ordezkatu zuten hura, orduko euskaldun guztiak eta mendeetan haien oinordeko garenok menderakuntzarik miserableenera bultzatuz?
Gutxieneko errespetu historiko batez idatzi behar bada, euskal gatazka 1200 inguruan hasi zela esan beharko genuke, eta aro ezberdinetan jarraitu duela gaur egunera iritsi arte. XVI. mendean Espainiako Felipe II.a erregeak bere testamentuan eskatzen dio semeari aditu talde bat osa dezan Nafarroaren anexioa zilegi izan zen edo ez erabakitzeko. Nafarroa arazo zuen Espainiak, berak sortu baitzuen gatazka. Bost mende ondoren gatazkaren eragileak geu izan garela esaten ari gara?
Mendeetan zehar «euskal arazoaz» mintzo izan dira beti Espainiako botereguneetan, «euskal salbuespenaz». ETA XX. mendearen erditik aurrera sortu zen erresistentzia armatu baten gisan, eta desegin zenean gatazka konpondu gabe utzi zuen, hasmentan herri honentzat planteatu zuen eskakizuna, independentzia, erdietsi gabe. ETA ez zen gatazka, gatazkari emandako erantzuna, baizik. Kapitulu berri bat jarraipen historikoan.
Orain, aldiz, badirudi ETA izan zela gatazkaren eragilea, eta gauza harrigarri bat lortu du talde armatuak: Espainiaren eta Frantziaren lekua hartzea, okupatzea eta ordezkatzea gatazkaren arduran. Batetik, IRA desagertu ostean ETA bakarrik geratu zen borroka armatua praktikatuz Europan, eta horrek ikusgarritasun nabarmena eman zion, Espainiaren estrategia komunikatiboak ongi ustiatu zuena, taldearen ekintza bakoitza anplifikatuz, haren krudelkeria eta basakeria azpimarratuz. Euskal Herria ez zen albistegietan agertzen ETAk ekintza bat burutzen zuenean baizik.
Bestetik, euskaldunon ahulezia ideologikoak libre utzi zituen esparruak ongi okupatzen jakin zuten estatuaren erakunde ezberdinek: historiografia, hezkuntza, hedabideak. Egia da, baita ere, azken hamarkadetan zaila bihurtu zela ETAren ekintzak nolabait justifikatzea edota testuinguru batean ulergarri izan zitezkeen moduan kokatzea.
ETA gatazkaren eragile nagusi bihurturik Espainiak bere bortxakeria propioa ezkutatzea lortu zuen, mendeetako identitate-ordezkapen kolonialista bat lausotzea, eta bera, Espainia eta Espainiako herritarrak biktima gisan aurkeztea munduaren aurrean.
Hasierako esaldien beste aldaera bat hau da: «Harritzen naiz nola bizi izan ginen horrela, nola normalizatu genuen hura». Eta «hura» da ETAren bortizkeria, jakina. Hau asko esaten dute elkarrizketetan Madrilen maiz ibiltzen diren euskal ospetsuek. Ni harritzen eta asaldatzen nauena da nola normalizatu dugun «hau». Eta «hau» da Espainiaren okupazioa, gure etxea balitz bezala, betikoa eta betierekoa.
Normalizazio honetan asko lagundu du, noski, Franco hil ostean eta ia 50 urte hauetan Espainiako Konstituzioak baimendu dizkigun hauteskundeetan parte hartzeak ere. Asko lagundu du hauteskundeotan lor daitekeena «hegemonia» terminoarekin bataiatu izanak, inpresioa ematen baitu subiranoak eta beregainak diren hauteskundeetan jokatzen dela euskaldunon etorkizuna, gure gobernu propioan nork agindu erabakiz, horrela ez denean.
Bestela da kontua: hauteskundeotatik sorturiko azpi-erakunde autonomikoak derrigortuta daude Espainiako (eta Frantziako) legeak betetzera. Behartuta daude Espainiako zein Frantziako konstituzioak gure lurrean ezartzera, inposatzera. Eta hori askatasun usaina lukeen edozer ekimenetik oso urrun dago.
Epaitegiak dira horren bermea, biztanleongandik hurbilen dauden erakunde errepresiboak. Estatu baten joko arauak onartzen direnean haren konstituzioa ari zara onartzen, onespena ematen diozu bere helburuak betetzen jarrai dezan.
Haren helburua, historikoki eta gaur-gaurkoz ere zu desagertzea da, ez fisikoki, baizik eta subjektu politiko moduan, bere mendeko subjektua izan zaitezen. Eta zeure borondatez ez bada, epaitegiak daude amiñi bat haratago joan ez zaitezen zelatan.
Duela bi aste salatu du Behatokiak hizkuntza eskubideen urraketekin lotutako 909 kexa jaso dituela iragan urtean. 909 errepresio ekintza. Eta hori ez da icebergaren punta bat baino. Goraka doaz urtez urte, eta sistematikoak omen dira. Sistemikoak esango nuke nik. Epaitegien jomuga ez baita justizia, estatuaren defentsa baizik, gure eskubideen gainetik. Guk ez dugu eskubiderik, estaturik ez daukagulako. Eta protesta guztiak alferrikakoak izanen dira egoera irauli ezean.
ETA zen euskal gatazka. Amaitu da, jada? Galdera garrantzitsua da, eta herri hau apur bat bada ere gogoan duenak erantzun beharko dio bere baitan.
Niretzat arazo nazionala da Euskal Herriaren gatazka, eta soilik konponduko da menderatzen gaituzten bi nazioak gure lurretik erretiratzen direnean, urrunarazten ditugunean. Arazo nazionala konpondutakoan, nazioen arazo normalak izango dira gure buruhauste bakarrak.
Bitartean, gai izan behar genuke gatazka hitz anbiguo hori entzuten dugunean gatazka zer den ongi identifikatzeko. Eta kendu beharko genuke gainetik gatazkaren eragileak gu garen ideia.
Historia errespetatuko genuke, hartara, eta gauzak diren bezala esan, behingoz.