Gasteizko Etxebizitza Eskubidearen Aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren Kontrako Ekimenaren kideak

Gasteizen, eskaleak sobran daude...

Jabier Saenz Sanchez, Mirari Ullibarri Ugarriza, Miriam Diaz de Tuesta Illera eta Iñigo Antepara Lopez de Maturana
2025eko apirilaren 4a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Duela aste batzuk, Diputazio kalean, Gasteizko erdigunean, bi gizonek etxerik gabeko pertsona bat bota zuten lo egiten zuen lokalaren kanpoaldeko eskailera-buru txikitik. Bota ez ezik, berehala metalezko baranda bat ere jarri zuten lonjaren aurrean. Lokala luzaroan hutsik egon den arren, bitxia da jarritako hesia torlojuz lotu izana eta, horrela, lokalaren sarrera eragoztea. Beraz, pentsatzekoa da instalazio horren helburu bakarra kalean bizi zen pertsona hori Gasteizko negu gogorretik babesten zuen leku hartatik botatzea zela.

Etsaitasunezko arkitekturaren adibiderik argienaren aurrean gaude; hiri-diseinuaren joera horren helburua etxerik gabeko pertsonentzako hiri-ingurunea kontrolatzea, mugatzea edo baztertzea da. Ziur aski, kontzeptua ez zaizue oso ezaguna izango, baina halakoak hiri handietan nahiko ohikoak dira.

Gauzak horrela, pentsa genezake honakoa gertakari bakana dela, eta Gasteizen ez dagoela indarkeria mota hori jasaten duen pertsona askorik, gehienak aterpetxeetan eta hiriko zentroetan artatzen dituztelako. Baina, egia esan, azken urteotan gure hirian kale-egoeran dagoen pertsona kopurua ugaritu egin da eta arreta emateko baliabideak, bai udalarenak bai aldundiarenak, erabat eskasak dira, eta ez dira handitu muturreko pobreziaren eta gizarte-bazterketa larriaren hazkundearen aurrean.

Gaur egun, Gasteizen 200 pertsona inguruk egiten dute lo kalean, eta gaua bero zein arriskurik gabe igaro ahal izateko zentroetara sartzeko itxaron-zerrendak gainezka daude; are eta gehiago, haien gaitasunaren bikoitza dira.

Paradoxikoa da artikulu hau idaztera garamatzan gertakaria Arabako Foru Aldunditik 150 metrora eta Gasteizko udaletxetik 300 metro ingurura gauzatu izana. Bi erakundeek behin eta berriz errepikatu dute auzokide horiek artatzeko erantzukizuna hartu behar dela, baina ez dute ezer egin. Dirudienez, gogaikarria iruditzen zaien bakarra, haien erantzukizuik zein gizatasunik ezagatik kalean bizi denarekin topo egitea da.

Gaur egungo egoerari aurre egiteko ekimenak hain dira estranbotikoak, non, gizarteko pertsona ahulenei arreta emateko beharrezkoak diren zentro guztiak martxan jarri beharrean, ate irekien jardunaldi batzuk aktibatzen baitituzte termometroak zero azpitik markatzen duenean. Hori gutxi balitz bezala, ez dituzte artatzen eskakizuna egiten duten pertsona guztiak. Aitzitik, 40 ohe inguru jartzen dituzte gizarte-langileek eskura, eta horiekin hiru gautan batzuk artatzen dituzte eta hurrengorako itxaron-zerrendarekin jarraitzen dute. Horrela, hiru egunetik behin erabiltzailez aldatzen dira; benetako zentzugabekeria, zeinaren bidez politikariek datuak ez ezik haien kontzientziak ere makillatzen dituzten.

Gasteizko Etxebizitza Eskubidearen Aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren Kontrako Ekimenean argi daukagu premiazkoa dela etxerik gabeko pertsonei arreta emateko behar adina baliabide martxan jartzea. Erantzukizuna bai Gorka Urtaranena bai Lucho Royerorena da, eta argi dugu haien eztabaida inozo eta faltsuak ordezkatzen dituen alderdi politikoaren (EAJ) eta agintean daudenekin (PSE-EE) partekatzen duten estrategiaren parte direla. 

Horregatik, kanpaina bat hasiko dugu, eta argi eta garbi adieraziko diegu egoera horren arduradun politikoei, beren pribilegioek ikusmena lausotu dieten horiei, egungo egoeraren premia ikusarazi arte borrokan jarraituko dugula.

Honekin guztiarekin, apirilaren 7an Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken Batzordean izango gara, egungo egoera salatzeko asmotan, eta, horrez gain, 11:00etan elkarretaratzea egingo dugu Plaza Berrian.

Gasteizen, eskaleak ez daude sobran, aitzakiak dira sobran daudenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.