Pasa den abuztuaren 1ean Espainiako Gobernuak behin-behinekoz itxita zegoen Garoñako zentral nuklearra irekitzeko eskakizuna atzera bota zuen. Urte luzeetako borrokak fruituak eman ditu eta azken garaian Euskal Herriko gehiengo sozial, sindikal, politiko eta instituzionalaren aldarrikapena izan dena egia bihurtu da: Garoña behin betiko itxita.
Arabako herriak eta bertako herri mugimenduak mantendu du azken hamarkadetan borroka antinuklearraren sugarra; indar handiz eta herritarren babes zabalarekin gainera. Borroka horrek, zorionez, itzal luzea du gurean, Euskal Herri luze-zabalean. Ezbairik gabe, gaur Garoña itxi bada, atzo Lemoiz irekitzen utzi ez genuelako izan da. Atzokoa eta gaurkoa borroka bera izan baita: zentral nuklearrik gabeko Euskal Herria eta mundua. Ez Lemoizen, ez Garoñan eta ez inon.
Egun hauetan, azken unean ospakizunaren argazkian atera nahi izan duten guztien adierazpenak irakurtzeko aukera izan dugu, Maroto eta Urkullu jaunarenak kasu. EAEko lehendakariak bere Twitter kontuan adierazi du: «Gaurtik aurrera euskaldunak seguruago biziko gara». Ez da makala esaldia, are gehiago haren alderdia ,eta bere gobernuaren babesaz, Gipuzkoan errauskailu erraldoi bat eraikitzera doan honetan.
Dena dela, adierazpen hauek oroimena pizten dute. Jada kasik berrogei urte EAJk gure herrian eraiki nahi izan zen Lemoizko zentral nuklearraren aurrean izandako posizionamendua gogoratzera garamatza. Frankismo garaiko opari pozoituaren defendatzaile sutsua izan zen Arzalluz garaian, eta Twitter konturik izan ez arren, aski ezagunak ziren haren esaldi motz eta zorrotzak. Hamarkada horretan, bere borondatea kaleetan adierazten ari zen herriari mehatxuak luzatu zizkion: Lemoiz eraiki ezean, euskaldunok azak jan eta kandelekin argitu beharko genuela.
Hain zuzen ere, jarrera horien garapena nolakoa izan den ulertzeko bi aipamen historiko gogora ekartzea ezinbesteko dira, biak ala biak 1980. urtean gertatuak. Lehena, Lemoizko zentral nuklearraren aurkako mobilizazio, protesta eta herri ekimenak gori-gorian ziren urtearen hasiera hartan izan zen, urtarrilaren 7an hain zuzen ere. Egun horretan, proiektuaren aurkako mozioa eztabaidatu zen Gasteizko Udalean eta, nola ez, Iberdueroren interesak herritarrenak baino garrantzitsuagoak ziren EAJrentzat. Ondorioz, garaiko UCDrekin eskuz-esku, bi alderdietako hemezortzi zinegotziek mozioaren onarpena galarazi zuten.
Bigarren adibidea are larriagoa da. Hilabete berean, Lemoizko herri osoa proiektuaren aurka azaldu ostean, bertako EAJko hiru zinegotziek bozketa sekretuan herriari bizkarra eman eta proiektu nuklearraren alde bozkatu zuten independente baten laguntzaz, proiektuaren aldeko mozioa onartuz. Non eta Lemoizen bertan!
Lemoizek garai hartan eredu energetikoari buruzko eztabaidarekin uztartu zuen eztabaida demokratikoa, eredu pozoitsua izateaz gain, gehiengoaren borondatearen aurka ezarritako proiektua baitzen. Eta herri mugimenduak asmatu zuen bidea egiten.
Kasik berrogei urte beranduago, EAEko lehendakariaren adierazpenak EAJk arlo horretan izan duen bilakaeraren isla dira; borroka galdu eta, hipokrisia osoz, herri-garaipenaren ospakizunetara batzeko saiakera interesatu bezain hutsala.
Alderdi Popularreko kide Maroto bera ere, batu da festa horretara. Mintzatu da eta lehen pertsonan egin du gainera: «Urte asko izan dira Garoña ixteko lanean. Horren alde borrokatu dugunok lortu izana ospatzen dugu gaur». To gehiegikeria!
Ez, Maroto jauna; ez, Urkullu jauna. Garoña itxi bada, ez da izan urte luzeetan energia nuklearra babestu ostean Garoñaren itxieraren aldarrikapenera azken unean batu zareten oportunisten jarreren ondorioz. Ez. Ez diezagutela ken herri honek egindako lana: Herriak, herritarrek eta herri mugimenduak irekitako prozesu demokratizatzaileak, historikoki izandako erradikalizazio demokratikoa, eginiko lan eskerga eta borroka luzea. Nazio eraikuntzaren eta demokratizazioaren eztabaidaren zentroan kokaturik egon den jendarte antolatu bat izan da herri honen demokraziarako bermea.
Bada, herri mugimendu baten garaipena izan zen Lemoiz, gaur Garoña izan den bezala. Garaian Lemoizko borrokan aritu ziren komite antinuklearretako eta plataforma ezberdinetako kideak bezala, Gladys del Estal bezalako militante ekologistak bezala... Gaur ere martxa eta manifestazioetan parte hartu duten milaka eta milaka herritarrei esker izan da, inposizioei molde ezberdinez aurre egin dieten guztiei esker, urte luze hauetan lekukoa indartsu mantendu duten Arabako herriak eta herri mugimenduek antolatu, babestu, indartu eta bultzatutako pultsu demokratikoari esker izan da.
Orduan herria izan zen bezala, egun ere horrela da. Esaterako, langile mugimendua da jendartearen lan eta bizi baldintzak hobetzearen bidean oinarriak ezartzen ari dena. Herria da, euskararen aldeko borrokari esker Euskal Herri euskaradun bat eraikitzeko bidea posible egiten duena. Herria da urteetako mugimendu feminista indartsuari esker sexu-genero zapalkuntza gainditze bidean jendarte parekide baten aldeko eraikuntzan diharduena. Herria da eredu energetikoaren inguruan eta bereziki errauskailuaren inguruan borondatea adierazten ari dena, oroimen historikoa eraikitzen diharduena... Herria da, finean, balizko euskal oasi egoeratik urruti, gurean egoera hoberik existitzen baldin bada, bizitza eta etorkizun gosez berau posible egin duena.
Diagnostikoan adostasun zabala dago adituen artean: Euskal jendarteak politikoki aktiboa izaten asmatu du. Eta, hain zuzen ere, eguneroko lanari eta herri mugimenduari lehentasuna ematea izan da ezkerreko independentiston jarrera. Hala beharko du aurrera begira ere. Aldarrikapen guzti horiek euskal jendartean hegemonikoak bilakatzea da gure erronka eta zeregin nagusia. Artikulazio hegemonikoa egikaritzea.
Urrats handia egin genuen eta egin dugu zentral nuklearren aurkako borrokarekin. Irakaspenak eta ondorioak atera eta urrats berriak ematea izan behar da gure zeregina. Egungo erradikalizatze demokratikoak bildu beharko ditu jarduera guzti horiek. Amesten dugun Euskal Herria, antinuklearra ez ezik, independentea, sozialista, euskalduna eta feminista, besteak beste, izan dadin. Garoñarekin posible izan da eta gure proiektu politiko osoarekin ere posible izango da.
Garoña: atzoko, gaurko eta biharko herri garaipena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu