Hil honetan, Garesko Udalaren ekimenez, Itzarbeibarko eta inguruko euskaldunei zuzenduta dagoen «Itzarbeibarko euskara» ikastaroa egiten ari gara Garesen bertan.
Iruñetik hegoaldera joanda dagoen Itzarbeibarren, Gares dagoen ibarrean, duela laurogei bat urte galdu zen bertako euskara, aspaldihasitako hizkuntz-galera prozesuaren eraginez. Gero, Euskal Herriko beste anitz lekutan bezala, 1970-80ko hamarkadetan, itzarbeibartar euskaltzaleen ekimenez euskara poliki-poliki ibarrera itzultzen hasi zen, gaueskolak eta ikastetxeak horretarako bide zirela. Denok dakigu ekimen horiei esker erdietsi direla Hego Euskal Herrian, euskararen historiari dagokionez, aurreko mendeetan inoiz gertatu gabeko bi gauza garrantzitsu: batetik, euskararen galera geografikoa geldiarazi zen —Araban eta Nafarroa Garaian bereziki— eta, bestetik, euskaldunen kopurua handitzen hasi zen emeki-emeki, gaur egun ere jarraitzen duen ibilbidean.
Hori guztia, ordea, ez da ezerezetik etorri. Horrelako hizkuntz-ekimen handiek gutxienez hiru euskarri izan behar dituzte: herritarren gehiengoarenaldeko jarrera modu aktiboan nahiz pasiboan, bertako agintarien laguntza, eta kanpoko agintariek —estatuak edo estatuek— aurka ez egitea (benetan alde ez baitute ia inoiz egiten). Herritarren ahalegina, esan dugun bezala, abian da eta emaitza onak ditu. Agintariei dagokienez, denetik daukagu: benetan euskararen aldeko jarrera dutenak —euskaldun izan nahiz ez—, kontua bost axola zaienak eta, azkenik, laguntza beti murrizten edo are ukatzen dutenak. Euskal Herriko gure hiru lurralde administratiboetan hiru agintari-eredu horien adibideak dauzkagu, beti ere erabateko hegemoniarik gabe.
Bestetik, mintzagai dugun prozesu hau ezin da leku guztietan (edo hiru lurraldeetan multzoka hartuta) berdina izan. Gure eremua hiru zati eginik egoteaz gain, osorik hartuta, beste bi zati ditu: euskara bizirik gorde den eremua, eta jatorrizko hizkuntza historian zehar galdu duen eremua. Ezinezkoa da, horrela, bi eremu horietan berdin jokatzea hizkuntz berreskurapenean: eremu guztiz erdaldunduan motelagoa izanen da beti berreskurapena, bistan denez.
Ezkorrak direnek hizkuntz-helburu hauek berez ezinezkoak direla diote, Unamunoren esaldi ezaguna adibide: «Errazagoa izango da dinosauro bat berpiztea, euskara suspertzea baino.» Ez da egia, ordea: borondatea izanez gero dena egin daiteke. Euskaldunok, gainera, lanabes garrantzitsua daukagu: euskara batua. Berebiziko garrantzia du hizkuntz berreskurapen prozesuetan eredu batu eta txukun bat edukitzeak. Asko dira munduan, gure hizkuntz egoeran edo okerragoan egonik, hizkuntza baturik gabe aurrerapauso handirik egin ezinik dabiltzan herriak. Hemen, beraz, eremu osoan ulergarria den hizkera daukagu eta horixe erabiltzen dugu berreskurapen-bide baliagarri gisa. Egin zitekeen onena da.
Gauzak horrela, bertako euskara galdu zuten Arabako eta Nafarroa Garaiko ibarretan, emeki-emeki, gero eta euskaldun gehiago daude, eta euskara batua dute oro har komunikabide euskarazko beren harremanetan. Egoera ideala da hori. Euskara ongi ikasi duten herritar horien artean, bada multzo bat bere ibarreko euskara nolakoa den jakin nahi duena eta, ahal den neurrian, ikasi nahi lukeena. «Ibarreko euskara» ezagutzeko gogoa sor daiteke, beraz, behin norbera euskaldunduz gero.
Nahi horretaz jabeturik, Garesko Udala aspaldi ari da, beharrezkoa den euskara batua ikasteko bidea errazteaz gain, ibarrean 1930eko hamarkadan galdu zen euskalkiaren material idatziak herritarren eskueran jartzen. Berebiziko garrantzia izan du ekimen horretan, GareskoUdaleko alkate, zinegotzi eta langileen jarrera eraginkorrak. Haiei esker, gaur egun askoz errazago eskura daiteke ibarreko euskarazko materiala, aldizkari espezializatuetan sakabanaturik zegoenean baino. Garesko agintariek herritarrei beren hizkuntz hondarea berreskuratzen laguntzeko egin daitekeen guztia egin dute: bertako euskararen berri eman zuten 1990eko hamarkadan «El euskera en Valdizarbe/Izarbeibarreko euskara» liburuxkan, eta gero bertako euskalkiaren «Itzarbeibarko aldaera» hiztegia aurkeztu zuten Udalean 2005ean, geroago gehienbat ibarreko erdaldunei zuzendutako «Diccionario Castellano-Vasco de Valdizarbe» hiztegia 2009an argitaratzeko, eta 2010ean «Itzarbeibarko euskara» ikasliburua eskaintzeko.
Garbi dago, beraz, agintariek eraginkor lagun dezaketela hizkuntza gutxitua alde guztietatik normalizatzeko ibilbidean. Nafarroa Garaian eta bertako euskara galdu zen eremuaren bihotzean, Garesko Udalaren eredua txalogarria da, eta euskalkian idatzirik dauden testuak dauzkaten ibar guztietara zabal daiteke. Borondate kontua da. Gesalatz ibarrean jadanik agintariek bilerak egin dituzte helburu berarekin, Garesko emaitza ederra ikusi eta gero.
Nik neuk, Itzarbeibarko euskarazko testuak ezagutu ahal izan ditudalako eta, gero, Hiria argitaletxearen, Nafarroako Gobernuaren eta Garesko Udalaren laguntzaz argitaratu ahal izan direnez, eskaera bat egin nahi diet Nafarroa Garaiko gure agintariei: euskararekiko hainbeste urteko jarrera uzkur, epel eta antzua behingoz betiko alde batera utz dezatela, eta Gares aldera begira jar daitezela, eremu erdaldunduan bertako euskararen arloan zer egin daitekeen ikasteko. Ez daitezela egon argitaletxeren batek, irakasleren batek edo idazleren batek hiztegiren bat noiz aurkeztuko dien zain, gero hori argitaratzeko eta kontua ahazturik uzteko: hori ere egin behar da, jakina, eta Nafarroako Gobernuak hainbat lan interesgarri argitaratu du horrela —besteengandik jasota—, baina ez da nahikoa. Berak izan behar du ekimena, Garesko Udalaren moduan: agintariak direnez eta ahalmena dutenez, herritarren berdintasuna sustatu behar dute, haiei euskara eta gaztelania ikasteko modua erraztuz, hau da, haiei berdintasun bidea zabalduz. Gobernuak hala nahi izanez gero, euskal testuak dauzkaten ibar erdaldundu guztietako material guztia urte gutxitan jar liteke erabili nahi dituztenen eskuetan, txukun argitaraturik eta euskara batuarenaberasgarri. Itzarbeibarko euskaltzaleen ahaleginari bertako agintari askok egoki erantzun diote, eta hortxe daukagu emaitza.
Zorionak, beraz, itzarbeibartarrei oro har, eta esker mila Garesko Udalari, Gabriel Arestiren hitzetan esanda, «herriaren ahotik hartu duena herriari emateagatik». Ez dut uste demokratikoagoa izaterik dagoenik.
Garesko udal eredugarria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu