Afrikako kondaira batek dioenez, antropologo batek kontinente horretako herri bat bisitatu omen zuen bertako kultura eta balioak ezagutzeko, eta, horretarako, jolas bat proposatu zien haurrei. Saski bat fruta jarri zuen zuhaitz baten ondoan, eta esan omen zien lehenengo iristen zenak eramango zuela saskia. Seinalea egitean, elkarri eskutik heldu eta lasterka joan ziren, eta denak batera iritsi ziren; beraz, talde osoak gozatu zuen jakiaz. Harrituta galdetu zienean zergatik jokatu zuten hala bakar batek saski osoa irabaz bazezakeen, erantzun zuten: «Ubuntu! Nola egongo da inor zoriontsu gainerakoak triste badaude?».
Afrikar ubuntu hitzak «garelako naiz» esan nahi du, eta mahai gainean jartzen du gizarte batean elkartasuna, enpatia, adiskidetasuna, kolektiboa edo guztien ongia bezalako balioek duten garrantzia, beste batzuen aurrean, hala nola lehiaketa, norberekoikeria, axolagabekeria edo banakotasuna. Hitz zahar horrek erakusten du, halaber, osotasun baten parte garela, planeta bakar baten parte, eta ez dagoela ongizaterik, giza eskubiderik, zorionik, duintasunik... hori guztia pertsona guztientzat eta leku guztietan eskuragarri ez badago.
Afrikako kontakizun atsegin horrek gogorarazten digu garapenerako lankidetzarako euskal politiken eta garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen (GGKE) helburua, hain zuzen ere, munduko pertsona kalteberenen giza eskubideak defendatzea dela. Horretarako, nazioarteko elkartasunean jartzen dugu arreta, betiere giza eskubideen, erantzunkidetasunaren eta justizia sozialaren ikuspegitik, eta ez karitate edo laineza hutsetik.
Munduko desorekak eta bidegabekeriak orekatzen laguntzeko, 30 urte baino gehiago dira euskal GGKEok gizarte bidezkoagoa eta solidarioagoa eraikitzen laguntzen ari garela. Horretarako, garapenerako lankidetza-proiektuak bultzatzen ditugu Afrikako, Asiako, Erdialdeko Amerikako eta Hego Amerikako herrialde pobretuetan. Halaber, kanpainak abian jarri eta jarduerak egiten ditugu gure hirietan eta herrietan, euskal gizartea pobreziaren eta desberdintasunen arrazoien inguruan sentsibilizatzeko eta hainbeste irrikatzen dugun beste gizarte horretarantz joateko proposamenak eta alternatibak erakusteko. Gainera, bidegabekerien aurrean mobilizatzera gonbidatzen ditugu herritarrak, dena baita itzulgarria interesa badago! Uste osoa dugu gure ingurune hurbila aldatuta bakarrik lortuko ditugula eraldaketa globalak. Mundu konektatu batean bizi gara, non gure hemengo ekintzek ondorioak baitituzte urrutiko lekuetan, eta alderantziz.
Lan hori guztia posible da euskal gizarteak desberdintasunen aurka borrokatzeko duen konpromiso irmoari esker, edozein adierazpenetan. Besteen minaren aurrean axolagabe ez geratzea erabakitzen duen gizartea, eta beste mundu bidezkoago eta solidarioago bat eraikitzen parte sentitzeko aurrerapausoa egiten duena. Horren adierazgarri dira GGKE-en lana babesten duten milaka pertsonak, bai eta gure administrazio hurbilenek (Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udalek) egindako lankidetza-politika publikoak ere.
Duela gutxi, Eusko Jaurlaritzak lankidetzarako euskal lege berria onartzeko izapideak hasi ditu, 2007ko egungo legea ordeztuko duena. Bat gatoz zenbait alderdi eguneratu behar direla nazioarteko erronka berriei erantzuteko, baina, era berean, uste dugu esperientzia handia dagoela pilatuta eta gauza on asko daudela mantentzeko. Beraz, lege-esparru berri horrek aukera emango digu GGKE-ekin batera gizarte zibil antolatua eta kalitateko lankidetza publikoko politika eraldatzailea eraikitzen jarraitzeko. Horretarako, elkartasun-sareak sortzen jarraitu behar dugu, sinergiak eta aliantzak bilatu, eta GGKEak indartu; izan ere, sare hori zenbat eta zabalagoa eta sendoagoa izan, orduan eta eraldatzeko gaitasun handiagoa izango du. Era berean, lege-esparru berri hori aukera ona da gobernu baten ekintza guztiak, oro har, giza eskubideekin koherenteak izan daitezen eta justiziarekin, genero-ekitatearekin edo giza eskubideen eta ingurumenaren defentsarekin bat egin dezaten, betiere pertsonak eta haien duintasuna erdigunean kokatuz.
Badirudi aro berri bat hasi dela euskal garapenerako lankidetzarako. Espero dugu erakundeek eta GGKE-ek elkarlanean jarraitzea mundua eraldatzeko, Euskaditik eta Hegoaldeko erakundeetako pertsonekin batera. Aldaketei eta erronkei beldurrik gabe, baina denbora horretan eraldatzen lagundu dugun milaka bizitzaren bermearekin, eta urte askoko lan-esperientziarekin, gizartea egituratuko duten eta guztion ongizatea lortzen lagunduko duten balio solidarioak sustatuz euskal herritarrengan.
Garapenerako lankidetzarako garai berria Euskadin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu