Garaia da

2022ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Azken berriek urtez urte sumatzen genuena baieztatu baino ez dute egiten: irakaskuntza publikoa, pixkanaka, dagokion lehentasuna galtzen ari da pribatuaren subsidiarioa bilakatzeko. Gure gobernariek ikastetxe batzuen desagerpena erabaki behar izatekotan, ikastetxe publikoak desagerraraztea da haien asmoa. Horretarako, lengoaia manipulatzen dute: zerbitzua jabetzarekin nahasten dute eta herrikoiari eta pribatuari publiko deitzen diete, itunpeko ikastetxeek zerbitzu publikoa eskaintzen dutelako, hori bai, beren jabetza galdu gabe.

Eta, faltsukeria linguistikoan oinarrituta, onartu nahi duten lege berriarekin itunpeko ikastetxeen eta publikoak direnen arteko bikoiztasuna desagertuko dela diote, eta biek tratu berbera jasoko dutela baldin eta irizpide berberak betetzen badituzte. Dena den, irizpide horiek pantomima baino ez dira, zeren eta ikastetxe pribatuek jabegoari, irakasleen kontratazioari, ikasleen onarpenari, familiek ordaindu beharreko kuotei eta abar luze bati dagokienez pribatuak izaten jarraituko dute, eta itunpekoak izaten, ordea, irakasleen soldatak ordaintzeko diru publiko jasotzeari eta materialerako, garraiorako, jantokirako edota eskolaz kanpoko jardueretarako bekei dagokienez.

Halako moduz, helburu horiek ziurtatzeko ondoko hauen gisako neurriak hartu dituzte:

a) EAJ-EH Bildu akordioa, datozen sei urteetan %100 diru-laguntzarekin itunak blindatzeko.

b) Haurreskola pribatuen doakotasuna, 2023tik aurrera. Itunen legeak ikastetxe pribatuei diru-laguntza ematearen betebeharra nahitaezko irakaskuntzan bakarrik ezarri zuen. Euskadin Haur Hezkuntzak, Lehen Hezkuntzak eta Batxilergoak, hirurek diru publikoa jasotzen dute, irakaskuntza publikoaren kalterako.

c) «Irakaskuntza publikoak itundutako ikastetxeetan lanik gabe geratzen diren irakasleak hartuko ditu». Neurri honek publikoaren behin-behineko irakasle askok eta finko batzuek bere lanpostua galtzea edo beste ikastetxeetara joatea ekarriko du.

d) «Hezkuntzak ikastetxeen bat-egitea bultzatuko du jaiotza tasa beherakadaren aurrean». Zein izan daitezke ikastetxe horiek? Publikoak, noski, titulartasun ezberdineko ikastetxe pribatuak (Maristak eta Jesuitak, kasurako) batzea ia ezinezkoa delako. Beraz, bi ikastetxe publiko elkartuko dira ikasle urri badute, baten irakasleria eta ikasleria lekualdatuko direlarik.

e) «Hezkuntza Departamentuak itunpeko ikastetxeak publiko bilakatzeko ibilbide-orria markatu du. Migratzaileen gisako ikasle zaurgarrienak eskolatzeko baldintzak betetzen dituzten itunpeko ikastetxeek ikastetxe publikoen finantzaketa antzekoa jasoko dute». Ikastetxe pribatuen aldetik urte askotan baztertuta izatetik, desiratu izatera pasatu da ikasleria migratzailea, gelak ituntzeko legeak eskatzen duen gutxiengoa lortu ahal izateko, eta ez haien ohitura segregatzailea aldatu nahi dutelako. Baina ez genuke ahaztu beharko zer-nolako mespretxuz tratatu duen pribatuak, salbuespenak salbuespen, ikasleria hori betidanik, Save the Children-ek txosten batean salatu duen gisan.

f) «Euskadiko Hezkuntza Zerbitzua osatzen duten ikastetxe guztiek (publikoak zein pribatuak izanik) eskola plaza batzuk gorde beharko dituzte egoera ekonomiko txarrean edota sozio-hezitzaile ahulean dauden ikasleentzat, hauen presentzia orekatua izateko. Hori guztia, familienaukeratzeko eskubidea errespetatuz». Baliabide gutxiko ikasleen familiek hurbileneko eta kuotarik gabeko ikastetxeak aukeratzen dituzte, hau da, publikoak direnak, zeren eta pribatu gehienak ez daude ikasle horiek bizi diren tokietan, eta Euskadin den-denek kuotak kobratzen dituzte, Garlic enpresaren txostenaren arabera.

g) «Euskadik itunpeko ikastetxeak auditatuko ditu ezkutuko kuotak errotik ateratzeko». Ia berrogei urte dira EAJ gobernatzen egon dela, eta beti kobratu dira ezkutuko kuotak, nahiz eta alderdi horren eta besteen arduradunek ezagutu eta onartu dituzten.

Mobilizazioa eta kexaren hedapena nahitaezkoak dira, ikaskideen arteko hizketa eta norberaren ikastetxea baino harago, irakaskuntza publikoa salbatu nahi badugu. Sare sozialak bete behar ditugu publikoaren aldeko oihuekin. Sindikatuak eta alderdiak presionatu behar ditugu, El País egunkariak 1982an argitaratzen zuena (UCD y PNV se enfrentan a la izquierda en defensa de la enseñanza privada) agerian uzteko, eta pribatuaren alde beti egon direnen lege hau ontzat har ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.