Datorrena negulatza izango da». Etengabe entzun dugu esaldi hau uda amaitu zenetik maila desberdinetako hainbat buruzagiren ahotan. Denek diote ez garela katastrofistak izan behar, baina beraien diskurtsoek guztiz kontrako mezua helarazten digute: garai ilunak datoz. Oraindik pairatzen ditugun pandemiaren ondorio ekonomiko eta sozialei gerra eta krisi energetikoaren ondorioak batzen zaizkie, ezegonkortasun eta ziurgabetasun sentsazioak era amaiezinean areagotuz. Gainera, arlo politikoak itxaropen gutxi eskaintzen du, ez bakarrik euren burua ezkertiartzat duenari, demokrazian sinesten duen orori baizik. Berez jada ahula zen animoari emandako kolperik berriena Italiako hauteskundeen emaitzak izan dira, baina, dirudienez, hau ez da aurten jasoko dugun azken estokada izango. Aro nahasia benetan.
Bizi garen testuinguru honetan, krisi anitz hauen biktima direnen artean etsipena zabaldu da kasu askotan. Adibiderik argiena Europa mailan zabaltzen ari den abstentziorako joera dugu, Italian markak hautsi dituena. Nagusi den nekeari aurre egiteko, inoiz baino garrantzitsuagoa izango da ezkerretik politika egiteko edo honetan eragiteko borondatea duten agenteen papera. Eta bi izango dira aurpegiratu beharko dituzten erronka nagusiak: batetik, etsipenaren aurkako eta itxaropenaren aldeko borroka; eta, bestetik, ultraeskuinak zabaltzen dituen diskurtsoei lehia politikoa eta kulturala. Sinplea dirudi, baina hasi berria den kurtso politikoan jada luzatu diren zenbait argudio entzunda, nabari da bi eginbehar horietan ezkerra dagokion mailan ez egotearen arriskua dagoela.
Lehenengo erronkari dagokionez, politika erabilgarria den pertzepziorik eza da ezkerrarentzat arrisku handiena sortzen duen faktoreetako bat. Politikak hori gehien behar duten herritarren eskaerei erantzuten ez badie, alferrekotzat joko dute. Hau da, kudeaketa politikoak eragin positibo zuzena izan behar du gure gizarteko pertsona zaurgarrienen eguneroko bizitzan. Gobernatzen duten alderdiek zein oposizioan daudenek, beren jarduera politikoaren bidez, eskubideetan aurrera egitea eta herritar gehienen bizi-baldintzak hobetzea bermatu behar dute. Hori begi-bistakoa dela dirudien arren, behin erakundeetan egonda, betebehar horiek egia bihurtzea ez da hain erraza.
Hibai Arbide Aza kazetariak zera dio, italiar hauteskundeen ildora: «Ezkerreko alderdiak eredu bat aurkaratzeko gai ez direnean, alokairuak jaisteko, laneko prekaritatea amaitzeko, korporazio handien boterea mugatzeko edo aberatsen lizunkeria murrizteko gai ez direnean, horrek frustrazioa eragiten du jende apalarengan». Eta horixe da gakoa. Frustrazioa da desmobilizazioaren (eta hainbat kasutan haserrearen) erregai nagusia.
Ezkerrak, boterean dagoenean, ausarta izan behar du. Hori egiten ez badu eta erdibidean geratzen diren neurri lotsatiak diseinatzen baditu, jendearen bizitzan eragina duten egiturazko baldintzak zalantzan jarri gabe, inork ez du konponbidetzat hartuko. Boterea galduko du. Eta okerragoa dena, eskuinak (edo eskuin muturrak) botere posizio horietara iristen denean, erraz ezarriko ditu bere neurriak eta diskurtsoa, horretarako testuinguru egokia egongo delako.
Herritarren babesa hautesleekin konfiantzazko harremanak eraikiz lortzen da, ez eskuinaren etorreraren beldurretik edo, besterik gabe, gaitz txikiena izanik. «Kontuz, faxismoa dator eta», horrek balio lezake oinarri leialenak mobilizatzeko, baina ez da nahikoa politikatik gero eta aldenduago dagoen hautesleriarentzat.
Edonola, faxismoari ez zaio kudeaketaren bidez bakarrik aurre egiten. Kudeaketak borroka sinboliko eta kulturaletik banaezina izan behar du. Gehiegi kezkatzen nau beren burua ezkertiartzat duten pertsonei irakurtzeak faxismoak aurrera egiten duela alderdi aurrerakoiak gehiegi zentratzen direlako identitatearen inguruko eztabaidetan (herrien eskubideak, feminismoa, LGTBI eskubideak, antiarrazakeria eta abar) benetan axola duenagatik kezkatu ordez: klaseen arteko borroka. Eta hau da ezkerrak maneiatu beharko duen bigarren erronka. Hasi behar gara onartzen borroka ideologiko batean murgilduta gaudela, eta honetan ere bandoa aukeratu behar dela. Nik argi daukat herri, emakume edo pertsona arrazializatuen eskubideak defendatzea baztergarria eta bigarren mailakoa dela uste duena, giza eskubideak baztergarriak eta bigarren mailakoak direla defendatzen ari dela. Eta garbi azaldu behar zaio, ezkerrean ez dagoela horretarako lekurik, diskurtso hori Meloniren edo Abascalenaren anaia baita.
Laburbilduz, eskuin muturraren gorakadari aurre egiteko modu bakarra itxaropenaren bidezkoa da, hau neurri ausart eta konkretu bihurtuta eta eskubideetan atzerapauso bakar bat ere ez baimenduta.
Faxismoaren aurkako borrokan, politika asko eta beldur gutxi.
Garai ilunetan, itxaropena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu