Bizi dugun garai berriak jokabide berriak eskatzen ditu politika egiteko moduetan. Aukera berriak sortzen ari diren une hauetan, gero eta nabarmenagoa egiten zaigueredu zaharraren eta berrien artean dagoen aldea. Kukutzaren kasua adibide. Gaur egun, Kukutza Donostian egon izan balitz, seguru nago, gauzak oso modu desberdinean bideratuko ziren etaez zen Donostian gertatuko Bilbo honetan pairatu behar izan dugun guztia.
Ziklo zaharra agortzera doa, eta ziklo berria dator, zorionean, euskal politikara, baina lehengoan ondo finkaturik egon diren zenbaitzuek ez dituzteohiko jokabideak erraz aldatzen. Bilboko telebista batean ikusi eta entzun nuen bart Iñaki Azkuna alkatea, legea, propietatea eta ordena defendatzen zituela eta modu horretan Kukutzaren aurrean izan duen jokabidea zuritu nahian, eta haren hitzek oso antzinakoak eta garaiz kanpokoak ziruditen 2011ko mundu honetan, pairatzen dugun krisi larri eta sakonaren erdian. Hain da klasista, elitista, baztertzailea eta anakronikoa, Bilboko udalak eta Azkunak berak prozesu honetan egin duten politika! Hain nabarmen agertu dute Bilbo erakustoki edertuaren azpian orain arte ezkutuan gorde nahi izan duten eredu espekulatzaile, autoritario eta intolerantea!
Bilboko Errekalde auzoan, kultura sortzaile berrien lantegia izan da Kukutza. Abandoibarratik eta Fashion kultura bakarraren eredu ofizialetik urrunegi, baina. «Eta gainera, okupak!» errepikatu du alkateak bere telebistan, eskandaluz.Paradoxa zer den, Ares eta Azkuna aliantza santuan elkartu eta Kukutza birrintzen saiatzen ziren une berean, hemendik milaka kilometrora, Kopenhagen, esperientzia okupa arrakastatsu batek 40 urte betetzen zituen bakean eta oparotasunean: Christiania auzoko komunitatea bizi da bertan, 1971. urteko irailetik, lehenago militarren kuartelak ziren eraikuntza hutsak okupatuz.
Hemen, aldiz, eredu zaharren alde jokatu da: lurzorua birkalifikatu, espekulazio bideetan jarri, propietatearen eskubide santuaren izenean Kukutza eta barruko kukuak txikitu, kultur esperientzia librea lurrarekin berdindu. Baina galdera,kasu honetan: propietatea, argudio ala aitzakia? Demagun Kukutza zegoen lur eremu horretatik ditxosozko Abiadura Handiko Trenaren bidea pasatzekoa dela. Orduan ere propietate pribatuaren argudioak balio bera izango luke alkatearentzat? Bistan da balioen arteko lehentasunak markatzen duela jokabidea, eta Bilboko oraingo alkatearen balioek negozio pribatua eta abiadura handiko trenaren txikizioa hobesten dituzte kultura berri dinamiko eta sortzailearen gainetik, elkarrizketaren gainetik agindua, eta konponketaren gainetik poliziaren eraginkortasun bortitza. Ez da hau garai berrietarako Bilbok behar duen politika.
Anakronia moduko batean bizi gara euskal politikan une honetan: alde batetik, ziklo berriaren bultzatzaile eta animatzaile nagusi direnak, Arnaldo Otegi eta Rafa Diez, esate baterako, kartzelara sartu dituzte eta isilarazten saiatu. Bestetik, instituzioen edo alderdien agintean dauden arduradun batzuekgarai zaharretako modu berean jokatzen dute behin eta berriro. Rodolfo Ares aipatuko nuke, eta egunotan egin dituen sarraski proportzionatuak: noizkoak ziren Errekaldeko kaleetan jarri zituen tanketa-gurdi haiek? Nongo eta noizko manifestazioetan egin da horrenbeste biktima arratsalde bakar baten? Aipatuko dut halaber Iñigo Urkullu eta haren politika egiteko modu zaharkitua: zer dela eta agertzen da amnistiaren aukera ukatuz iragan asteartean, hain zuzen euskal preso politikoak Gernikako Itunarekin konprometitu diren une berean? Zergatik ezin da amnistiarik izan? Konstituzio espainiarrak hala dioelako? Akaso Urkulluk berak idatzi eta jarri zuen indarrean konstituzio hori Euskal Herrian? Eta horrela ez bada, zertara dator orain bera konstituzio horren topeak ezarri nahian? Ez dira, bada, aldaketa garai berrietan arauak eta konstituzioak ere aldatzen, etorkizun librearen mesedetan?
Jarrera aldaketak behar ditugu agintari eta politikari askoren jokabideetan, eta datorren etorkizun berriari beldurra galtzea. Egia esan, ez da oraingoa salatzen dudan jokabide anakroniko hori, lehenago ere agertu izan da aldaketa garai esanguratsuenetan. Aljer-eko elkarrizketak 1989. urtean garatu zirenean, garai hartako Jose Antonio Ardanza lehendakariak ahaleginak eta bi egin zituen haiek zapuzten, eta neurri batean lortu ere bai, urte hartako martxoan antolatu zuen negoziazioen aurkako manifestazioaren ondorioz. Zer irabazi zuen horrekin Ardanzak berak? Zer galdu genuen guztiok? Ematen du, bai, zer pentsatu.
Loiolan 2006an akordiorako aukera hurbil zegoela, modu harrigarrian ados jarri ziren euren artean Josu Jon Imaz, Iñigo Urkullu, Rodolfo Ares eta Patxi Lopez, laurak bat ezker abertzaleak aurkeztutako proposamen integratzailea bertan behera botatzeko. Horra hor garai zaharren beste ezaugarri bat: zer erraza egiten zaien EAJren buruzagiei PSOE edota PPrekin itunak egitea, behin eta berriro, eta zer zaila, aldiz, ezker abertzalearekin ezer adostea! Horrek ere ematen du zer pentsatu, baina aurrera begira jarrita: eman diezaiogun aukera ate-joka daukagun aro berriari.
Garai berrietarako politika berriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu