Euskal Idazleen Elkarteko kidea

Galeusca, bagarelako

2024ko maiatzaren 23a
05:00
Entzun

Itzulpengintza tresna arras garrantzitsua da eremu urriko zein hizkuntza gutxituetako literaturentzat, norberaren sormen lanak kanpoan ezagutzeko zein beste literatura lanak hizkuntza propioan jasotzeko. Horren garrantziaz jakitun, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Euskal Herriko idazle elkarteek maiatzean itzulpengintzaren gaia landuko dugu Palma hirian (Herrialde Katalanak) ospatuko den Galeuscan. Horrekin batera, pozteko ospakizuna izango da aurtengoa; izan ere, berrogei urte beteko dira Galeusca topaketak abiatu zirela. Lehenengo topaketa haiek 1984an egin ziren Bartzelonan (Herrialde Katalanak), eta topaketen antolatzearekin, hiru nazioetako idazle elkarteek, «periferietakoak» izatearen sasi-definizioaren gainetik, hiru nazioen literaturen, kulturen eta hizkuntzen zentraltasun izaera aldarrikatu nahi izan zuten, hiruren arteko elkarlana bultzatuz.

Orduko izpiritua gogoan, maiatzaren 29an Herrialde Katalanetako Palma hirian bilduko da berriro Galeusca. Orain berrogei urte heldutako bideari helduz, eta, orduko Pobleteko manifestuari jarraituz, oraingo honetan Palmako manifestua kaleratuko da, katea ez dela eten aldarrikatzeko.

Literaturak elkartzen gaitu

Euskal Idazleen Elkartea 1982. urtean sortu zenean, bere helburuen artean zegoen idazle galiziar, kataluniar eta euskaldunen arteko Galeusca topaketak bultzatzea. Horrela, Galiziako eta Herrialde Katalanetako idazle elkarteekin batera (AELG eta AELC hurrenez hurren) Galeusca egitasmoa abiatu zen 1984. urtean. Helburu nagusien artean zeuden galizieraz, katalanez eta euskaraz sortutako literaturek elkar ezagutzea, literaturaren gaineko gogoetak egitea eta hiru literaturetako idazleen arteko harremanak sustatzea. Ordutik 25 topaketa burutu izan dira, gai anitzak jorratuz, betiere literatura eta idazleak ardatz hartuta eta izan bagarela lau haizeetara zabalduz.

Pobleteko adierazpena

Katalunian 1984. urtean egindako lehenengo Galeusca hartan, manifestu bat eman zen argitara, non zehazten ziren hiru literatura eta kulturen arteko elkartasuna eta elkarlana, hala nola bestelako eskubideen aldarrikapena. Onartutako puntuen artean, hiru nazioetako idazle elkarteen arteko elkarlana sustatzeaz gain, instituzioei eskatzen zitzaien beharrezko azpiegiturak sortzea eta nazioartekotzea bultzatzea. Horrekin batera, literaturari eta, batez ere, idazleei zuzenean lotutako eskaerak eta ekimenak azaltzen ziren, profesionaltasunaren aldarrikatzearekin batera.

Gaur egun bere horretan diraute helburu horiek, are gehiago ikusita gure hizkuntzen eta kulturen kontrako jazarpena handitu dela eta ustez iragan ilunekoak ziren  jarrera eta debeku judizialak eta instituzionalak berrindartzen ari direla. Horren aurrean, Galeusca sendotzea ezinbestekoa dela argi ikusi dute hiru nazioetako idazle elkarteek. Horri gehitu behar zaio bere horretan dirautela idazle profesionalen prekaritateak eta idazle gazteen zailtasunak ofizio honetan aritzeko. Euskaldunon kasuan, ikuspegi nazionaleko Artista eta Sortzaileen Euskal Estatutuaren aldarrikapena ezinbestekoa da horri aurre egiteko. Eta, jakina, euskaraz sortzearen aldeko politika eraginkorrekin batera, ikuspegi feminista argia.

Palmako adierazpena

Elkarlanaren behar horri eutsiz eta Bartzelonan argitara eman zen Pobleteko adierazpenaren izpirituari jarraipena emanez, Galeuscaren Palmako topaketaren harira —maiatzaren 29an egingo da—, adierazpen eguneratua egin da, Palmako adierazpen gisa izendatua. 2.800 idazle inguru biltzen dituzten hiru idazle elkarteek lau puntutan laburbiltzen dituzte euren elkarlanaren ideiak eta ildoak. Puntu horietan aurrekoek utzitako ondare historiko, kultural eta linguistikoa etorkizunerantz eramatearen konpromisoa, idazketaren eta itzulpenaren eskubide profesionalen aldarrikapena eta elkarteen arteko elkarlana aldarrikatu eta, azkenik, egun emendatzen ari diren gure hizkuntzen eta kulturen kontrako jazarpenak salatzen dira.

Galeusca, hastear den ibilbide berri honetan, gure literaturen, idazleen eta hizkuntzen defentsan orain arte erakutsitako irmotasunarekin ariko da. Badakigu nondik gatozen eta norantz goazen. Idazleen eskubideak eta baldintza profesionalen hobetzea, gure literaturen nazioartekotzea eta gure hizkuntza eta kulturen defentsa irmoa zutabe garrantzitsuenak izango dira Palman ere.

Hantxe elkartuko gara; allà ens ajuntarem, atoparémonos alí.

Perquè som. Por sermos. Bagarelako.
       

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.