Espainiako politika, eta, kutsaduraz, baita Euskal Herrikoa ere gehiegitan, denboran harrapatuta dagoela ematen du, pelikula ezagun hartan bezala. Orain, batzuek ukatu egiten dute bestelako herri batzuk badirela, hala nola euskalduna, kataluniarra eta galegoa, zeinek euren geroa erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen baitute; hori ukatzen dutenek erakusten dute ez dakitela historia, eta horrek lehengo oker berak egitera kondenatzen ditu.
XIX. mendean, nazio sentimenduak berriz indartzen hasi ziren Europan, erromantizismoaren eraginez, eta antzinakoak ziren estatuak zein berriak taxutuz joan ziren. Orduko hartan sortu zen, halaber, berezko naziotasunaren sentimendua Katalunian, Euskal Herrian eta Galizian. Politikoki artikulatuz joan dira azken 150 urteetan, eta estatu gisan osatzeko eskubidea aldarrikatuz joan dira, Europan pareko beste hainbat nazio osatu diren bezala.
Aldarrikapen horiek aurrez aurre topo egin dute hasieratik Espainiaren kontzeptu inperial zaharkituarekin, eta, aldez edo moldez, gatazkatsuak izan dira Espainiako Estatuaren eta nazio horien arteko harremanak. Gutxi berritzen zuen Espainiako Estatuak, eta antzinako Gaztelako izpiritu inperialaren bideari segitzen zion: Nebrijaren gramatikaren hitzaurreak dioen moduan, inperioa inposatuz joan zen hizkuntza inposatuz.
Hain zuzen, norberaren hizkuntzaren maitasuna berriz piztu zenean, eta horien defentsa eta sustapena bultzatu zenean Galizian, Katalunian eta Euskal Herrian, aldarrikapen politikoak forma hartuz joan ziren, eta, behin eta berriz, aurrez aurre topo egiten zuten estatuaren tolerantziarik ezarekin.
Esperientzia horren ondorioz sortu zen Galeuscaren lehen aurrekaria, 1923ko irailaren 11n: Aliantza Hirukoitza izan zen, hiru herrialdetako ordezkariek sinatuta. Kataluniaren izenean, hauek sinatu zuten: Estat Català-ko Francesc Maciàk; Uniò Catalanistako Josep Riera i Puntek eta Pere Manen e Artèsek; eta Acció Catalanako Jaume Bofill i Mates eta Antoni Rivera i Virgilik. Galiziaren partetik, hauek: Irmandades da Falaren partetik, Alfredo Somoza eta Federico Zamorak; eta Irmandade Nazonalistaren partetik, Vicente Riscok. Euskal Herriren izenean, EAJko Aberriko sektoreko Elias Gallastegi Gudari-k, Jose Domingo Arana, Manuel Egileor eta Telesforo Uribe-Etxebarriak; eta, geroago, Comunion Nacionalista Vascaren izenean, Julen Arrien eta Jesus Maria de Leizaolak ere izenpetu zuten akordioa.
Aliantza hirukoitz horren oinarria hauxe zen: subiranotasun politiko osoa aldarrikatzen zuten hiru herrialde horientzat; nazio gisa definitzen zuten beren burua, eta kontseilu politiko baten sorrera bultzatu zuten Estatuaren aurrean aldarrikapen horiek defendatzeko. Primo de Riveraren diktadurapean, alderdi bakoitzak bere aldetik izan zituen aliantzek eta jokaldiek zapuztu egin zuten batera jarduteko aukera hura, eta Galeuscaren lehen saio hura deseginez joan zen.
1933an berriz piztu zen batera jarduteko aukera. Apirilaren 2an, Castelao Gernikara etorri zen EAE-ANVren mitin batean parte hartzera, eta ERCko Riera i Puntik ere parte hartu zuen bertan. Ekitaldi horren harira, manifestu bat izenpetu zuten Castelaok, Riera i Puntik eta EAE-ANVko Sabin Seijok, hauxe zioena: euskal herritar, kataluniar eta galiziar gisan aurkezten garen hauek, gure herrien askapenerako auziaren inguruan, Gernikako arbolaren magalean zin egiten dugu elkarren artean elkartasunez arituko garela askapen hori irits dadin. Gerora, EAJrekin elkarrizketak hasi eta hura ere batuko zen Compostelako Ituna edo Galeusca izena jarri zitzaion hartara, 1933ko uztailaren 25ean.
Espainiako Gerrak EAJren eta ERCren arteko harremanak estutu zituen, eta erbestean beste akordio bat lortu zuten, Galeuzca izenarekin. Buenos Airesen izenpetu zuten alderdi politikoetako ordezkariek eta erbestean zeuden gobernuko ordezkariek. 1944ko abenduaren 22an, Mexikon berretsi egin zuten itun hori Mexikon zeuden Kataluniako zenbait ordezkarik, EAJkoek, ELA-STVkoek, Partido Galeguistakoek, Estat Catalàkoek, Acció Catalanakoek, ERCko militanteek, Kataluniako alderdi sozialistako zenbait kidek eta Unió de Catalans Independents-ekoek. Sinatzaile berriek, besteak beste, asmo hau zuten: Francoren diktadurari aurre egin, hiru herrialdeen identitate nazionalak indartu, herri horien eskubideak defendatu, eta errepublika jar zedin lan egin. Uko egiten zioten, erabat, monarkia berriz ezartzeari.
Luze gabe agertu ziren desadostasunak. Alderdi horiek estrategia ezberdinak garatzen hasi ziren, eta indarrik gabe utzi zuten berriz ere ituna. Esparru intelektual eta kulturalean baino ez zuen iraun izpiritu hark, 1945eko abuztuan argitaratu zen aldizkarian ikusi zen moduan. Galeuzca deitu zioten, hilero argitaratu zuten, eta hamabi zenbaki atera zituzten.
Trantsiziora arte, besterik ez. Orduan hasi zen berriz ere Estatuari aurre egiteko hiru nazioak bat egiteko ideia indarra hartzen. Baina ez zen mamitu, aurreko aldietan bezala, alderdien arteko estrategia paktistek, epe motzekoek eta autonomismorako birek horretara bultzatuta. Horregatik, 1998ra arte ez zen berriz indartu. 1998an EAJk, eta trantsiziotik sortutako bi indarrek, CiUk eta BNGk,bat egin zuten Bartzelonako Adierazpenean lortutako adostasunaren zati batekin, eta estatu plurinazionala aldarrikatu zuten. Aldi bertsuan, ERCk eta Eusko Alkartasunak Iruñeko Akordioa izenpetu zuten, Bartzelonako Adierazpenaren alternatiba «praktiko» gisan. Hamahiru urtez elkarlanean aritu ostean, ERC eta EAk berretsi eta jaso zuten euren hauteskunde programetan esplizituki euren herrientzako autodeterminazio eskubidearen aitortza, herri bakoitzak bere «lurralde osoa biltzeko» defentsa eginez, «konstituzionalki herri bakoitzaren nortasunarekin errespetagarriak izanik». Gerora BNGk bat egin zuen EAren eta ERCren estrategiarekin, zenbait kasutan talka egin baitzuen EAJk eta CiUk zuten jarduera paktistarekin, Europako Konstituzioaren edo NATOren kasuan, esaterako.
Prozesu horietan guztietan, Galeuscaren inguruan ariketa subiranista ulertzeko modu diferenteak egon dira. Gehienetan EAJk eta CiUk bide paktista hobetsi dute, eta hori, azken finean, autonomia onartzea zen, betiere, ikuspegi zabalarekin eta handinahiarekin. Beste indar politikoek, aldiz, bide independentista lehenetsi dute. Aurrez aurre zeuden, batetik, gatazkaren konponbidea estatuarekin itunaren eta akordioaren bidetik konpondu zela uste zutenak, eta beste aldean geunden, esperientzia historikoak erakutsita, uste genuenak irtenbide politikoa etorriko zela herrialde bakoitzeko indar politiko eta mugimendu sozialek bat eginda, Estatuarekin konfrontazio demokratikoari bide emanda eta alde bakarretik autodeterminaziorako eskubidea erabilita.
Bonavaleko Adierazpenarekin, Galeuscaren izpiritua berreskuratu egiten da. Uztailaren 25ean izenpetu zuten BNGk, CUPek eta EH Bilduk, Galiziaren, Herrialde Katalanen eta Euskal Herriaren zerbitzura dauden tresna politiko gisan aurkeztuta. Adierazpen hori sinatu dugunok aldarrikatzen duguna da prozesu eratzaileak aurrera eramateko eskubidea, gure herrialdeetako herritarrek hala erabakitzen badute, edo, beste era batera esanda, subiranotasuna berreskuratzeko prozesuak aurrera eramatea eta demokrazian sakontzea, Estatuan gisa bereko prozesuen menpe egon gabe. Horrekin batera, eta lehen aldiz, konpromiso bat dago eredu sozioekonomikoa sakonetik aldatzeko, agintean dagoena ultraliberala da-eta, ez bakarrik geure herrialdeetan, baita Estatuan eta Europako Batasunean ere.
Adierazpen hau irekia dago beste indar politikoei. ERCk bat egin du printzipio horiekin; EAk eta BNGk ere bai. Gustatuko litzaiguke beste alderdi batzuek ere bat egitea, Estatuari aurre egitea eta gehiengo politiko eta sozialak lortzea, subiranotasu- nerako eskubidea gauzatzeko aukera izan dezagun, sakoneko aldaketa soziala sustatzeko bai gure herrialdeetan, bai Europako Batasunean. Itxaropenerako bide bat badago irekita Galeusca eraginkorra izan dadin; askapen nazionala eta aldaketa sozialak eskutik doaz bertan.
( Erredakzioan itzulia )
Galeusca, alternatiba eraldatzaile berri gisan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu