Imajina ezazu Herri Urrats luze bat, edo, hobe, Durangoko Azokaren eta Hatortxu Rocken nahaski bat, astebete irauten duena. Imajinatu inguruko larreak eta zelaiak karpaz, autoz, furgonetaz, karabanaz eta kanpin-dendaz josiak, eta hamarka mila pertsona bertaratuak. Horixe da, hain zuzen, Galesen urtero egiten den kultura galesaren topaketa nazionala, eta horrelakoxe zerbait aurkitu genuen uda honetan egin dugun bisitan.
Urtero, iparraldeko eta hegoaldeko eskualdeak txandakatzen dira ospakizun itzel hau antolatzeko. Aurten, paraje ederrean, Boduan herriak hartu du alimaleko lan hori aitzinera eramateko ardura eta ohorea. Galesko errepide estuetan barrena Boduanera heldu ahala, askotariko iragarki koloretsuek eta atseginek agurtzen gaituzte behin eta berriz: croeso, croeso... ongi etorri.
Boduan esan dugu, baina Gwynedd, esan beharko genuke, antolatzearen eginkizuna Gales iparraldeko eskualde historiko horrek bizkarreratu baitu aurten. Segur aski, eskualde horrexek eusten dio artean ere tinkoen gales hizkuntzari hiztunen artean. Urteko Eisteddfod-a aurrera ateratzeko, eskualdeko herriek askotariko ekimenei heltzen diete behar dirua bildu eta ekintzak dinamizatzeko. Horretan, ikastetxeak, udalak eta bestelako boluntario-taldeak inplikatzen dira. Galesko askotariko erakunde publikoek diruz laguntzen dute, eta irrati-telebistek, gehiago-gutxiago, ekitaldien jarraipena egiten dute.
Eisteddfoda —etimologikoki (elkarrekin) esertzea— poeta galesen bilgunea zen Erdi Arotik. Poesia eta musika dira egun ere topaketaren elementu nagusietako bi: errezitaldiak, kontzertuak, literatur lehiaketak... Kontzertuen amaieran, bertaratuek ereserki nazionala kantatzen dute. Druidak izendatzeko zeremonia ere egiten da, bitxia bezain ikusgarria. Zeremonian kultura galesaren pertsona ohoragarriak izendatzen dira. Bada euskaldun bat horien artean: Begotxu Olaizola (eskerrik asko bidelagun izatearren!). Ekitaldiak badu halako kutsu zahar zeltikoa, bestela, topaketako giroak ez duen isuri bat.
Gure Lore Jokoak (euskal jaiak) ekartzen ditu gogora ezinbestean. Eisteddfod-ak XIX. mendeko ia urte bertsuan hasi ziren urtero ospatzen: 1861. Gurean, Lore Jokoen ondorengo ditugu, besteak beste, Donostiako euskal jaiak. The Daily Telegraph egunkari ingelesak gogor ekin zion, garai hartan (1858), Eisteddfod-aren kontra: «Zibilizazioaren eta oparotasunaren aurrerabide naturalaren kontrako talka ergel bat besterik ez da, eromen ikaragarria da galesak beren hizkuntza zaharrari maitasunez atxikitzea sustatzen aritzea».
Eisteddfod-a kultura eta hizkuntza galesaren katalizatzaile eta topagunea da, eta arnasgune bat. Hainbat belaunaldik egiten dute bat ospakizunean. Gaztetxoenek beren eremua dute, beren kontzertuak eta lotarako gunea. Tradizioa eta gaurkotasuna besarkatzen dituen jaialdia ikusi dugu, erlijio druidiko berrien estetikarik gabea, bizi-bizirik dagoen herria, herri gutxituek egun bizi duten ataka estuan, hori ere bai. Debekaturik dago galesik ez duen kartelik erakustea.
Eistedfodd-ak bilakaera luzea izan du, alde sinbolikoan ere: utzi egin zion «errege Eisteddfoda» izateari, eta Eisteddfod nazionala izatera pasa (tristeki gurean Real Sociedad futbol-taldeak egin ez zuen bidea, adibidez). Heldu den urtean, Galesko Eisteddfod Nazionala, Eisteddfod Genedlaethol Cymru bertako hizkuntzaz, hegoaldean egingo da, Pontypridd-en. Hain zuzen, Pontypriddek harrera eta abegi egin zien Euskal Herritik 1937an ihesi heldutako haurrei. Diolch Pontypridd, eta heldu den urte arte!
Galesko topaketa nazionala Boduan-en: Eisteddfod 2023
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu