Izaskun Landaida Larizgoitia.

Galdu ezin dugun olatua

2018ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Emakumeen eskubideen, berdintasunaren eta indarkeria sexistarik gabeko gizarte bat eraikitzearen aldeko mugimenduaren une berri baten aurrean gaude. Horren adibide dira, besteak beste, iragan martxoaren 8ko mobilizazioak, nazioarte mailako mugimenduak (hala nola Ni una menos eta Me Too), edo emakumeen aurkako indarkeriak gizartean eta hedabideetan duen gero eta eragin handiagoa bai eta horrek eragiten duen matxismoaren erreakzio sumindua ere.

Ez dakit sartu garen ala ez feminismoaren laugarren olatuan izan ere, dagoeneko horrela izendatu dute zenbaitek une historiko hau, baina, ezbairik gabe, berdintasunak eta feminismoaren inguruan egin den pedagogiak ildo horretan oraindik lan asko egiteko badago ere ahalbidetu dute feminismoa lehen aipatzea ere ia ezinezkoa zen eremu, agenda eta diskurtsoetara iristea, eta, halaber, haren mundu mailako oihartzuna areagotzen joan da, hein handi batean aro digitalak ahalbidetzen dituen parte-hartzeagatik, eztabaidagatik eta sinergiengatik, bai eta beste faktore batzuengatik ere.

Testuinguru horretan, azaroaren 25ean, hots, Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunean, dei bat egin nahi dut: balia dezagun olatu hori, berdintasunaren alde sortu den energia hori, eta har ditzagun aurrera egiten jarraitzeko indarrak. Horren beharra dugu; izan ere, badakigu zer erronka handiak ditugun oraindik aurre egiteko, eta, horrez gain, hainbati zor diegulako, hala nola, une honetan indarkeria jasaten ari diren eta infernu horretatik ihes egiten saiatzen ari diren emakumeei eta berdintasunaren alde urteko 365 egunetan lanean diharduten pertsona eta erakunde guztiei.

Urtero, azaroaren 25ean, ezetz esaten diogu emakumeen aurkako indarkeriari. Aurten, berriz ere nahi dugu adierazi haren aurkako gure gaitzespena, eta, aldi berean, agerian jarri nahi dugu, 0 indarkeriazko egoera horretara iristeko, nahitaezkoa dela baietz esatea berdintasunezko gizarte bat eraikitzeari; zeharo beharrezkoa dela berdintasunari baietz esatea.

Modu asko daude emakumeen eta haien seme-alaben aurkako indarkeriarik gabeko egoera bat eraikitzeari baietz esateko. Indarkeriaren biktima diren emakumeak egunero artatzen dituzten hainbat eremutako profesionalek (justiziakoak, osasunekoak, polizia, gizarte-zerbitzuak...), esaterako, egunero esaten diote baietz berdintasunari euren prestakuntzan sakontzeko konpromisoa hartzen dutenean, ikuspegi feminista batetik genero-indarkeriaren zikloa zein den ulertzen saiatzen direnean eta emakumeak beren ahalduntze-prozesuetan babesten eta laguntzen dituztenean.

Halaber, hainbat enpresa eta erakundek baietz esaten diote berdintasunari, haien antolakundeetan berdintasunaren inguruko diagnostiko eta planak eginez, laneko jazarpen sexual eta sexistaren aurkako protokoloak abiaraziz, edo kontziliazio erantzunkidea errazteko neurriak hartuz. Hainbat irakaslek egunero esaten diote baietz berdintasunari, hezkidetzaren alde apustu eginez, eta neskato eta mutikoek hainbat balio barneratzearen aldeko apustua eginez, hala nola errespetua, autonomia, berdintasuna eta biolentziarik eza. Hainbat gizonek baietz esaten diote berdintasunari, ekintza erantzunkideen bidez, edo gailentzen den maskulinotasun-ereduaren aurrean oldartuz. Egunero, hainbat eta hainbat emakumek esaten diote baietz berdintasunari, beren ahalduntze pertsonal eta sozialeko prozesuak indartuz, eta abar.

Ikuspegi zabal batetik begiratuz gero, aurrerapenak ikus daitezke azken urteetan, baina, aldi berean, oraindik egiteko dagoen bide guztiaz jakitun izan behar dugu. Aurreko astean, indarkeria sexistatik bizirik irten diren emakumeekin izan nintzen topaketa batean, eta haien testigantzak entzuteak ideia bat berretsi zuen nigan: oraindik ibilbide luzea geratzen zaigu egiteko, gizarte honek ongi uler dezan genero-indarkeriaren zikloaren konplexutasuna eta sakontasuna, bai eta edozein motatako indarkeria matxista pairatzen duten emakumeen errealitatea ere.

Gizarte honek bere buruari galdetu behar dio zer dela-eta sentitzen diren emakume horiek bitan biktimizatuak, zer dela-eta haietako askok lotsa sentitzen duten gertatu zaienagatik, zer dela-eta jartzen den sarritan zalantzan haien hitza, zer dela-eta sentitzen diren haietako asko bakarrik indarkeriatik ateratzeko prozesua hasten dutenean; izan ere, hainbat kasutan, beren senide eta lagunek ere errefusatzen dituzte. Horiek guztiak zerbaiten sintoma dira: gizarte honek oraindik bide luzea du egiteko emakumeen aurkako indarkeriari buruzko sentsibilizazioari eta hura ulertzeari dagokionez.

Gizarte honen erronka da babes handiagoa eskaintzea indarkeriaren biktima diren emakumeei, haren aurka borrokatzen ari direnei eta haien seme-alabei, eta erantzukizuna itzultzea erasotzaileei eta haiek matxismoan sozializatu dituen gizarte bati. Geure buruari galdetu behar diogu zer dela-eta pentsatzen duten zenbait gizonek beren bikotekideak umiliatzeko, irrigarri uzteko, haiei oihukatzeko, errespeturik gabe tratatzeko, erasotzeko edota hiltzeko eskubidea dutela; zer dela-eta sentitzen duten zenbait gizonek kalean emakume bati eraso egiteko eskubidea dutela, edo haien espazioan sartzeko edo nagusitasun-egoera batez baliatuz haiez abusatzeko eskubidea dutela. Zenbait gizonek emakumeei eraso egiten badiete, hori egin dezaketela sentitzen dutelako da. Emakumeak ez badira horrelako indarkeriazko harremanetatik ateratzen, sarritan ezin dutelako da. Utz diezaiogun erantzukizun guztia haien bizkar gainean jartzeari, utz diezaiogun geure buruari galdetzeari ea emakume horiek beren egoera salatu zuten ala ez, utz diezaiogun haien hitza zalantzan jartzeari, utz diezaiogun beren egoera dela-eta emakume horiek lotsarazteari. Balia dezagun berdintasun-olatu hau, egoera lazgarri hau aldatzeko.

Bizirik iraun duten emakumeek gure aintzatespen eta errespetu guztia merezi dute; izan ere, haien ahaleginaren bidez, erreferente eta gida bilakatzen dira giza eskubideen urraketak pairatzen ari diren emakumeentzat. Errudun edo lotsagarri sentiarazten dituen gizarte bat ez da gizarte osasuntsu bat. Balia dezagun olatu hau emakume horiek babesteko, ulertzeko eta haiei buruzko aurreiritziak baztertzeko. Emakume horiek merezi dute, eta, halaber, beren bizitza indarkeriaren ondorioz etenda ikusi duten emakume guztiek merezi dute. Haien memoria aintzatesteko keinu bat da era berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.