Galdeketarekin oinarriak jartzen

2017ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Martxoaren 19rako Oiartzualdean antolatu galdeketak ezohikoa dugun zoru baten gainean gauzatuko dira. Hedabideren batek berehala adierazi zuen galdeketa independentistak zirela, eta segur aski horrela izendatzeak eskualdeko hainbat lagun lasaituko zuen, baita beste zenbait atzendu ere. Lerroburu haren xedea agerikoa zen.

Hala eta guztiz ere, galdeketa independentista izatea sustatzaileon asmoetatik aski urrun zegoen. Lehen elkarrizketak abiatu zirenetik gaurdaino egin dugun bideak agerian uzten du. Sustatzaileok oinarri demokratikoa ezarri nahi genuke, bai metodologian (ongi egituratua eta sozialki ongi babestutakoa) bai edukietan (herri honen estatusaren auzia aintzat hartzea herritargoari dagokiona itzultzea esan nahi du, erabakimena).

Hemezortzi hilabete hauetan lorpen garrantzitsuak egin ditugu, euskal gizartearen zein Oiartzualdearen ondare direnak.

Azpimarratzekoak dira zenbait alderdi. Segur aski lehena galderari dagokiona da. Egia da udalerri bakoitzean bertako prozesuaren emaitza izan dela proposatutako galdera. Beraz, bada hainbat galdera; guztiek, ordea, herritarrari bere iritzia emateko aukera eskaintzen diote. Hain zuzen, Frantzia eta Espainiako estatuek euskal herritargoari galarazi ohi dioten gai baten inguruan, bere herriarentzat gura duten estatusa.

Errenteria-Oreretako kasuan galdera bikoitza da, eta horrek aukera ematen du gogoko erantzuna topa dezaten independentista unionista zein federalistek. Ariketak, alta, aukera ematen du xede politiko desberdinetako pertsonek bere iritzia adieraz dezaten.

Galdeketaren edukiaz gain, ordea, aintzat hartzekoa da prozesuan ehunka lagunek hartu duten inplikazioa, asko eta asko ezezagunak eta beste asko hainbat arlotan duten konpromisoagatik ezagunak udalerri bakoitzeko herri-bizitzan. Pertsona horiek izan dira, hain zuzen, prozesuari bermea emateko eginkizuna bere gain hartu dutenak; azken emaitzaren kalkulua bera ere pertsona horien esku geratu da. Sustatzaile izan garenontzat luxuzko konpromisoa dela esan behar dugu, etorkizunean ere gogoan hartu beharrekoa. Demoarso galdeketak egitura sozial autonomoa izan zuela gogoratuko dugu, izen ezaguneko pertsonek osatua prozesuaren gardentasuna etafidagarritasuna bermatzeko.

Oarsoaldearen moduko eskualde batean aniztasun politiko eta soziala barneratzen dituen galdeketa bat antolatzea deigarria da. Nork bere proiektu politikoak askatasunez defendatzeak ekarritako sufrimendua gainditzeko oraindik bide luzea dagoen arren, Oarsoaldeko galdeketak lortu du erabakitzeko eskubidea gauzatzearen eztabaida sentsibilitate politiko guztietara heltzea, eta gehiengoak ariketa honetan bere ideiak adierazteko aukera ikustea, nork bere printzipioak utzi beharrik izan gabe. Ez da gutxi.

Ez da bazter uztekoa, halaber, Oarsoaldean ezaguna den jatorri aniztasunaz gain, Euskal Herrian ezaugarri sozioekonomiko eskasenetakoa duen eskualde bat izatea. Aspaldian bizi du egoera hori, baina bereziki indartu da azken hamarkadan. Hauteskunde prozesu zein parte hartze prozesuetako adituek errenta maila zenbat eta apalagoa izan parte hartzea txikiagoa dela dioten arren, arau hori beti ez dela betetzen azaldu ahal izan dugu. Beharbada, pedagogia politiko hobea eta intereseko gaietan parte hartzeko aukera handiagoak behar dira.

Hala eta guztiz ere, lorpen nagusia estatus politikoari buruz askatasunez mintzatzeko agenda eta aukera eskaini izana da. Nork bere iritziak defendatzeko baliatzen duen indarraz harago, era guztietako pertsonek, ezagun eta ezezagunen aurrean, bere amets, kezka, irizpide eta zalantzak adierazteko aukera izana gertaera txoil garrantzitsua da.

Baliteke irakurleak gehiegizkoa iriztea balorazio honi egin dugun kanpainari dagokionez. Esan dezakegu, ordea, kanpainak izan duela aski osagai eztabaida jolas-parkera, lantokira edo familiako otordura iristeko. Sentsibilitate politiko guztietako jarraitzaileek iritzia eman dutela, baita sinesgogorrenek ere. Eta hori guztia giro lasai eta normalizatuan, elkar entzunez, eta batez ere gu bezala pentsatzen ez duenarekiko errespetua barneratuz.

Eta hori Oarsoaldean esan dezakegu, ibilbide luzea duena konpromiso sozialari dagokionez, baina baita oinarrizko eskubideen aurkako eraso larrietan ere, bestelako iritzi politikoa duten pertsonen aurrean iritzia ematea erraztu ez duten gertaerak.

Harro sentitzen gara lortu dugulako, eta sentsibilitate desberdinetako talde jendetsu batek lortu duelako batez ere. Ariketa honetan ez dago bakarkako lidergorik, baina badago ezaugarri kolektiboak dituen emaitza baikor bat, aitortu, azpimarratu eta gorde beharrekoa.

Non gauden aintzat hartu gabe jarduteko trebetasuna duenak (badira halakoak, eta ez gutxi) baliteke balantze eskasa egitea, XXI. mendeko gizarte bat garela kontuan hartuz. Guk, ordea, uste dugu gure eskualdeak orain laurogei urte Lizarrako estatutua (1931) eta Gernikakoa (1933) ia aho batez onartu ondoren, erabakitzeko eskubidea gauzatzeagatik bonbardatuak izan ginelako, esandako guztia lehen mailako gertaera dela gure bizitzan, herritar kontziente eta gure eskubideen jabe sentitzen garen aldetik.

Etorkizunean euskal gizarteak bere estatusaz edo dagozkion beste auzi batzuetan erabakitzeko aukera izan beharko du, ez dugu beste aukerarik ikusten. Halaber, ez dugu ikusten inoren iritzia, izan, independentista, federalista edo unionista, zapaldua edo salatua izango den egoerarik. Proposamen serioak eta errespetua hurkoaren ideiekiko, hortxe egon daitezke beste egoera politiko eta sozial batera eramango gaituzten osagaiak.

Zalantzarik gabe, ariketa honek bilakaera horretan eragina izan du, eta emaitza onak lortuz egin du. Oiartzualdeko herritargoan, estatusari buruz erabakitzeari dagokionez, ez dago lekurik tabu politikoentzat, ez eta kanpoko eragin edo bortxazko jarduerentzat. Geure burua aintzat hartu eta adin nagusiari dagokion eskubidea gauzatzeko urratsa egin dugu. Proposamenekin datorrenak errespetatuz egin beharko du. Zalantzarik gabe, lorpen politiko nabarmena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.