Erretiratua

Gabonak

2023ko abenduaren 22a
05:00
Entzun

«Eta Gabonak, eta Gabonak:/ zelofan, paper de plata/ Gabonak datozela-ta/Jendearen tarrapata/Gabonak datozela-ta/erosketa da nagusi,/adornua ta zarata». Bitoriano Gandiagaren Gabonetako kanta baten leloa eta lehen bertsoa da, Pello Zabalak musikatu zuena, Gabon dut anuntzio liburutik hartua.

Gabonak, eromena. Argiak, erosketak, jatorduak, opariak, festa, zarata, iskanbilak, zer ez da Gabonetan anuntzio. Opor luzeen ondoren, lehen hiruhilekoa luze xamarra izaten da eta jendeak ongi pasatzeko gogoa izaten du. Zergatik halako zalaparta, durunda eta ospatu beharra? Akaso tokatu ez zaigun loteria ospatzeko? Handitasunez ospatzea zer ospatzen den ere jakin gabe, tristea da ba.

Gu txikiak ginela —badira urte batzuk— Jesus Jainkoaren semea jaio zela eta ospatzen genituen Gabonak. Goiz-goizetik lagunak eskera irteten ginen etxez etxe eta baserriz baserri genekizkien Gabonetako koplak abestuz: «Gabeko hamabiak jo duten orduan,/ Jesus gure Jainkoa jaio da munduan». Horrelako koplak. Gero, gauean, famili giroan afari goxoa, kroketak eta guzti. Orduan, gurera, ez zen Olentzero etortzen.

Badakit, zorionez, gaur Jesus Jainkoaren semearen jaiotza eta Ama Birjinaren mito horietan askok ez dugula sinesten, baina zoritxarrez, mito horietan sinisten dutela dioten askok ere ospakizun faltsua, ustela, egiten dutela esango nuke. Izan ere, edozein aldetatik begiratuta, Gabonetako ospakizuna gehiegikeria hutsa da. Hain axalkerian bizi gara ezer gutxiri erreparatzen diogula. LED argiek gutxiago gastatzen duten aitzakian, hor dabiltza hiriak eta herriak elkarrekin lehian ea nork jartzen dituen argi gehiago. Edo ea nork jartzen duen zuhaitz artifizial altuagoa herriko plazan. Kontsumoa ere gobernutik, diru publikotik bultzatzen da, denda txikiei laguntza emateko aitzakian. Ez ote dago beste modu bat denda txikiei laguntzeko, zergak gutxituz adibidez? Eta handikeriak, harrokeriak, Gabonetako soldata berezia gastarazten digu janari, edari eta ospakizunetan. Kontsumoa da nagusi.

Neguko jai hauek epeltasunean eta goxotasunean ospatzekoak dira. Nazareteko Jesus jaio baino milaka urte aurretik neguko solstizioa ospatzen zuten munduko ipar-hemisferioan behintzat. Europako iparraldean antzinakoak dira neguko solstizioko ospakizunak, eta Erroman Jesus jaio aurretik ospatzen zituzten Saturnalak deitzen zieten neguko solstizioko jaiak. Ez da kasualitatea Jesusen jaiotza ere neguko solstizioarekin lotzea, abenduaren 25a egutegi juliotarrean. Ebanjelioek ez dute esaten Jesus noiz jaio zen; beraz, garbi dago lotura eguzki berriarekin egin zutela, solstizioarekin.

Erromako Saturnalak baino zaharragoak dira Europako iparraldeko Yule neguko solstizioko jaiak. Biziaren garaipena heriotzaren aurrean. Yule zuhaitzetik datoz mundu guztiak, eta gizakia bera ere bai. Zuhaitzak, zuhaitz-enborrak gurtzen dituzte, azken batean natura. Gabon gauean enbor bat erretzeko ohitura ere badute, euskaldunok Olentzero enborra edo Gabon enborra erretzen genuen bezalaxe.

Mitoetatik askatu garela uste dugunok badugu zeri heldu, hainbeste behar dugun naturari, zuhaitz, enbor eta den guztiari —ez dut unibertsoa aipatzen izarrak urruti daudelako—, gu ere naturaren parte baikara, gu ere den guztiarekin batera garena garelako. Festa paganoak zirela eta baztertu egin zituzten, gizakiaren burutazio kontu batzuekin engainatuta. Asmatutako jainko teista horren aurrean bilatu dezagun bizia ematen digun hori: azken errealitatea, den guztiaren argibide ezkutua. Jainkorik bada, dena lotzen duen soka edo energia horretan dago, eboluzioan bideratu eta garatzen gaituen inteligentzia eta informazio ezkutu horretan dago, gure adimen eta pentsamendu guztietatik haratago. Gugan dago, sakon-sakonean, barru-barruan, gu ere dibinitate horren parte baikara, baina ez Jainko... edo, bai? Maitatzen eta uneoro sortzen gaituena eta sortzen garena da hori, guk ere parte hartzen baitugu. —Hau ez ezazu urdaiazpikoa jaten ari zaren bitartean irakurri, kontrako eztarrira joango zaizu eta—.

Ospatu bai, Gabonak, baina sakondu pixka bat bizia ematen digun horretan eta bizia garen horretan. Utzi ahal den neurrian argiak, beharrezkoak ez diren kontsumoak eta naturarentzat kaltegarria den guztia. Cava, brut nature har dezakezu.

Eguberri on! Egun berri on! Eguzki berri on!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.